PJ Harvey

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
PJ Harvey
PJ Harvey
PJ Harvey emanaldi baten zehar
Datu pertsonalak
Izen osoa Polly Jean Harvey
Ezizena PJ Harvey
Jaio 1969ko urriaren 9a
(44 urte)
Ingalaterra Bridport, Dorset (Ingalaterra)

Polly Jean Harvey (1969ko urriaren 9a) musikari, konpositore eta abeslari ingelesa da. Bere familiak Dorset konderriko Corscombe herrixkan zuen baserrian hazi zen. Gurasoei esker, John Lee Hooker, Howlin' Wolf, Robert Johnson, Jimi Hendrix eta Captain Beefheart, besteak beste, entzuten zituen txikitatik.

1980ko hamarkadaren musika leun eta produkzio handikoa ondoren, Seattleko grunge mugimenduak haize berria ekarri zion Ipar Amerikari. Ingalaterran, PJ Harveyk antzeko gauza egin zuen eta ez zen kasualitatez izan Nirvana taldeko Kurt Cobainek esatea “Dry”, Harveyren lehenengo diskoa, gehien gustatzen zitzaizkion hamar diskoen artean zegoela.

Orain arte, Harveyk zortzi album grabatu ditu, horietako bi John Parish lagunarekin. Horiez gain, elkarlan askotan parte hartu du oso musikari ezberdinekin: Nick Cave, Pascal Comelade, Tricky, Thom Yorke, Björk ... Arrakasta handia izan du kritikoekin, batzuetan arlo komertzialetan ere bai, eta, batez ere, bere milaka zale amorratuekin munduan zehar.

Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harveyren oinarri musikala ahotsa eder eta erabilera askoan, letra suharretan eta gitarra edota piano sinple, zehatz eta grinatsuan datza. Normalean, beste musikari batzuen laguntzarekin egiten ditu grabaketak zein kontzertuak.

Musikari eta artista handi askorekin bezala, ez da erraza Harveyren estiloa sailkatzea. Bere disko bakoitzak nortasun berezia daukala esan dezakegu. Garapen nabaria baino askatasun artistikoa ikusten da ibilbidean zehar. Gauza berriak, edo, behintzat, berak oraindik probatu ez zituenak entzuten dira disko bakoitzean. Eragin bezala, rock, punk, blues, baladak, pop eta musika esperimentala aipa ditzakegu.

Noizean behin, Patti Smithekin konparatu dute kazetari batzuek, ziur aski rock musika egiten duen emakumea delako, besterik ez. Antzeko modu batean, batzuetan entzun dugu Anari PJ Harvey euskalduna dela. Berriro ere, funtsik gabeko konparaketa ematen du.

Kontzertuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ehunka kontzertu egin ditu munduan zehar. Normalean, diskoetan bezala, beste musikari batzuen laguntzarekin egin ditu. Edertasunarekin batera, kontzertuek intentsitatea dute ezaugarri. Harveyren karisma handia da agertokietan.

Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Disko onenetan, abesti batzuk besteen zain daudela ematen du. Hau da, diskoa entzuten dugunean, sentimendu eta tentsio ezberdinak entzuten eta sentitzen ditugu, bai musikan, bai letretan. Abesti guztiak ulertzen dira euren inguruan, diskokideekin batera.

Nahiz eta Harveyk konpositore senezko baten itxura izan, halako zerbait gertatzen da bere disko guztiekin eta osotasun bat ematen dute. Oso anitzak izan arren, ibilaldi koherentea egin du gaur arte eta disko batzuk besteen zain daudela ematen du.

Dry (1992)

Lehenengo disko hau sinplea eta indartsua da. 80ko hamarkadako musika korapilatusa eta gero, diskoaren zuzentasuna haize berria izan zen. Rob Ellis eta Steve Vaughan taldekideekin, rock, blues eta punk iturriak dauzkan disko hau egin zuen. Abestien kalitateaz batera, Harveyren ahotsak liluratu zituen entzuleak.

Hiru abesti aipatzearren, “Victory”, “Fountain”, “Water”.

Rid of Me (1993)

Lehenengo diskoa bezain indartsua, “Rid of Me” “Dry” baino biluziagoa, gogorragoa da. Taldearen garapena nabaritzen da. Steve Albinik, produktore ipar amerikar ospetsuak, lagundu zien beste maila batera, maila profesional batera iristen.

Hiru abesti aipatzearren, “Missed”, “Man-Size”, “Ecstasy”.

4-Track Demos (1993)

Hala ere, “Rid of Me”ren sendotasuna abestietan datza eta, abestiak hobeto ezagutzeko, Harveyk demo hauek plazaratu zituen. Berak grabaketa guztiak egin zituen etxean. Kasu batzuetan, aldezko bertsio interesgarriak dira, besterik gabe; beste batzuk, disko “ofizialean” baino ederragoak dira. Beste batzuk ez dira agertzen “Rid of Me”, esaterako, “Hardly Wait”, Juliette Lewisek Kathryn BigelowenStrange Days” pelikulan abesten duena.

Hiru abesti aipatzearren, “Reeling”, “Driving”, “Goodnight”.

• “To Bring You My Love” (1995)

1994an jatorrizko taldea banatu egin zen eta Harveyk bakarrik jarraitu zuen. Aldaketa oso nabaria da disko honetan, inoiz baino libreago zegoen Harvey bere ideiak eta estetika jorratzeko. Bluesak inoiz baino lehen entzuten dira, musikan zein letra ilunetan. Diskoaren edertasuna goibela eta intentsua da.

Hiru abesti aipatzearren, “Meet Ze Monsta”, “Working for the Man”, “Long Snake Moan”.

• “Dance Hall at Louse Point” (1996 – John Parishekin)

Nerabezaroko lagun John Parishekin elkartu zen disko berezi hau egiteko. Parishek musika konposatu zuen eta instrumentu guztiak jo zituen; Harveyk letrak idatzi zituen eta abestu egin zuen. Bien lanetan zehar bezala, emaitza intentsua da, emozio asko ateratzen dira abestietan: garrasika, xuxurlaka ... modu ezberdinetan, sentimendu asko adierazten dituzte disko honetan. Abesti bakoitzak, izenburuaz batera, leku baten izena darama: Bristol, Dorset, Tokio, Modena ...

Hiru abesti aipatzearren, “Rope Bridge Crossing”, “That was my Veil”, “Civil War Correspondent”.

• “Is This Desire?” (1998)

Bakarrik egindako lanera itzuli zen 1998an eta, berriro ere, ezustekoa eman zien entzuleei, “Is This Desire?” diskoak ordura arte egin zituen diskoak baino askoz intimitate handiagoa delako. Lehenengo aldiz, teklatuak gitarrak beste entzuten dira. Esperimentazio musikal asko dago eta emaitzak ederrak dira. Beharbada ezustekorik handiena “A Perfect Day Elise” abestia izan zen, dantza egiteko aukera ematen digulako.

Hiru abesti aipatzearren, “The Wind”, “A Perfect Day Elise”, “The Garden”.

• “Stories from the City, Stories from the Sea” (2000)

Lortu zituen eskarmentua eta esperimentazioa bildu egin zituen betiko talentu eta sormenarekin disko ohi baino konbentzionalago hau egiteko 2000an. Abesti batzuk, letretan zein melodietan, alaiak dira. Musikariaren segurtasunaz batera, lagun zahar batzuen – Rob Ellis, Mick Harvey – presentzia nabaritzen da album eder honetan. Nahiz eta ohi baino konbentzionalagoa izan, Harveyk aprobetxatu zuen, beti bezala, muga berri batzuk gurutzatzeko.

Hiru abesti aipatzearren, “Good Fortune”, “One Line”, “We Float”.

• “Uh Huh Her” (2004)

Disko honetan Harveyk berak instrumentu guztiak, bateria kenduta, jo zituen. Lehenengo aldiz, pieza instrumental batzuk daude. Marianne Faithfulentzat idatzi zuen abesti bat, “No child of mine”, aipatzen du album honetan. Guztira, bost abesti idatzi zituen Faithfulentzat eta “Before the Poison” diskoan entzun daitezke.

Hiru abesti aipatzearren, “The Slow Drug”, “Cat on the wall”, “The darker days of me & him”.

• “White Chalk” (2007)

Nahiz eta Harveyren entzuleak ezustekoak jasotzera ohituta egon, 2007ko album hau ezusteko handia izan zen. Lehenengo aldiz, ia-ia gitarrarik gabe egin zuen diskoa; instrumentu nagusia pianoa da. Ahotsa inoiz baino biluziago dago, inoiz baino ederragoa da. Abesti ederrez beteta dago albuma.

Hiru abesti aipatzearren, “Dear darkness”, “Grow, grow, grow”, “Silence”.

• “A Man a Woman walked by” (2009 – John Parishekin)

1996an bezala, Parish eta Harvey elkatu ziren haien interesak eta grinak nahasteko. Berriro, Parishek musika konposatu zuen eta instrumentu gehienak jo zituen; Harveyk letrak idatzi zituen, abestu egin zuen eta, orain bai, instrumentu batzuk jo zituen.

Hiru abesti aipatzearren, “Black hearted love”, “The Chair”, “Pig will not”.

Letrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo pertsonan idazteak hitz egiten ari den pertsonaia egilea bera dela pentsarazi diezaguke, baina, maiz, ez da. Nahaste-borraste hau ohikoa de literaturan zein musikan, eta sarritan gertatu da Harveyren letrekin. Ziur aski bere abesti batzuetan berak hitz egiten du, baina, zalantzarik gabe, beste askotan, ez.

“Angelene”

My first name Angelene, prettiest mess you've ever seen Love for money is my sin, any man calls I'll let him in I see men come and go, but there'll be one who will collect my soul

Nire izena Angelene da, ikusi duzuen anabasarik handiena. Diru truke ematen duen amodioa nire bekatua da, agertzen den edozein gizon sartaraziko dut. Gizonen joan eta etorriak ikusten ditut, bat batek bakarrik nire arima bilduko du.

Erlijioa eta tristezia maiz agertzen dira Harveyren abestietan, baita sexua ere.

"This Is Love"

I can't believe life's so complex When I just wanna' sit here and watch you undress This is love that I'm feeling Does it have to be a life full of dread? I wanna' chase you round the table, I wanna' touch your head Even in the summer, even in the spring You can never get too much of a wonderful thing

Ezin dut bizitza hain korapilatsua denik sinetsi Soilik hemen eserita egon naizelarik eta zu biluztea ikusi nahi dudalarik Amodioa da sentitzen dudana Bizitza beldurrez josita izan behar da? Mahaia inguruan jarraitu nahi zaitut, zure burua ukitu nahi dut. Udan ere, udaberrian ere bai, Ezinezkoa da hain gauza zoragarria gehiegitan izan.

Beste batzuetan, sexua baino amodioa oroitarazten digu.

"Silence"

All those places where I recall the memories That gripped me and pinned me down I go to these places intending to think To think of nothing, no anticipate And somehow expect you'll find me there That by some miracle you'd be aware

Harrapatu eta heldu ninduten oroipenak Gogoratzen ditudan leku guztietan, Leku horietara joaten naiz, pentsatzeko asmoarekin, Ezer ez pentsatzeko asmoarekin, aurrez ez ikusteko. Eta, nolabait, hor ni aurkituko nauzula, Mirari bati esker konturatuko zarela espero dut.

1998ko (Is This Desire?) albumen, letra eta musika batzuek lotura estua diote elkarri.

"The Wind"

Catherine liked high places, high up, high up on the hills A place for making noises, like whales, noises like the whales Here she built a chapel with her image, her image on the wall A place where she could rest and rest and a place where she could wash And listen to the wind blowing

Catherinei leku garaiak gustatzen zitzaizkion, gora, gora mendietan. Soinuak egiteko leku bat, baleak bezala, baleek egiten dituzten soinuak bezalakoak. Hemen kapera bat eraiki zuen, bere irudia horma batean zintzilikatu zuen, Arnas hartzeko leku bat, gorputza garbitzeko leku bat, Eta haizea entzuteko lekua.

Beste arte arlotan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikari izateaz batera, margolari eta eskultorea da. Pelikula batzuetan ere agertu da.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: PJ Harvey Aldatu lotura Wikidatan