Panthera leo persica

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Panthera leo persica
Arra
Arra
Emea
Emea
Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Carnivora
Familia: Felidae
Generoa: Panthera
Espeziea: Panthera leo persica

Asiar lehoia (Panthera leo persica) gaur egun Afrikatik kanpo bizi den lehoi-subespezie bakarra da. Munduan desagertzeko arriskurik handiena duten ugaztunetako bat da, libre bizi direnak Indiako Gujarat estatuaren hegoaldeko 1.412 km²-ko gune babestu batean bakarrik bizi baitira, Gir oihanean. Uste da 400 bat espezimen besterik ez direla (2010).

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lahoi asiarra Afrikako lehoiaren antz handia du, baina txikixeagoa da eta ez hain sendoa (160-190 kg arren kasuan, eta 110-120 kg emeen kasuan). Ilajea argixeagoa dute, eta kalparra gorriztagoa eta laburragoa, batez ere buruaren goialdean. Horregatik, belarriak beti agerian dituzte. Kalparra bularraldean hedatzen da. Ukondoetako ile-mototsa nabarmenagoa da Afrikako lehoiarena baino.

Jateko eta ugaltzeko ohiturak ere Afrikako lehoiarenak bezalakoak dira. Bakarka nahiz taldeka ehizatzen dute, eta haien harrapakin ohikoenak oreinak, antilopeak, basurdeak eta bufaloak dira. Oro har, lehoi asiarren taldeak txikiagoak izaten dira Afrikakoenak baino, eme-pare bat baino ez dira izaten, eta ez 4 edo 6 eme, Afrikako lehoien taldeetan gertatzen den moduan. Beharbada, harrapakinak txikiagoak direlako Afrikakoak baino.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehoi asiarra Babiloniako Istarren atean. Pergamum Museoa, Berlin).

Azterketa genetikoek adierazten dute lehoi asiarraren eta lehoi afrikarraren arteko bereizketa ez dela oso zaharra, duela ehun bat mila urtekoa gehienez ere. Lehoia, Afrikatik atera ondoren, azkar hedatu zen. Garai historikoaren hasieran, ohikoa zen Balkanetan, Anatolian, Kaukason, Ekialde Hurbilean, Persian eta Indian. Gilgameshen epopeiak(K.a. XXVII. mendekoa) dioenez, lehoia oso ugaria zen Mesopotamian, eta Ekialde Hurbileko zibilizazioen artelanetan maiz agertzen da. Indian bertan ere, lehoien marrazkiak ugariagoak dira tigreenak baino. Gaur egun, Indiako armarrian hiru lehoi agertzen dira, K.a. IV. mendeko Maurya Inperioko erregeen sinboloa baitziren.

Indian, 1948tik, guztiz debekatuta dago lehoiaren ehiza. 1969an Gir oihaneko 5.000 kilometro karratuetatik 1.412 kilometro karratu natura-erreserba izendatu ziren, eta 1975ean parke nazional bilakatu zen. Gobernuaren babesari esker, lehoien populazioa hazi egin da pixkanaka, baina subespeziearen kontserbazioa ez dago ziurtatuta.

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Panthera leo persica Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Panthera leo persica