Kaukasia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kaukasiako mapa fisikoa.
Kaukasiako mapa politikoa (2008).
Kaukasiako talde etnikoak (2009).

Kaukasia[1] (azerbaijaneraz: Qafqaz; errusieraz: Кавказ, Kavkaz; georgieraz: კავკასიონი, Kawkasioni; armenieraz, Kovkasum; turkieraz: Kafkas; pertsieraz: قوقاز ) Europa eta Asiaren arteko eskualdea da, Itsaso Beltzaren eta Kaspiar Itsasoaren artean hedatzen dena. Kaukaso mendilerroa eta inguruko lurraldeak hartzen ditu. Eskualde honek munduko kultura eta hizkuntza aniztasuna handienetakoa dauka (Kaukasori hizkuntzen mendia deitu izan zaio)

Geografia fisikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaukasoko mendiek bi eskualde ongi berezietan banatzen dute: Ziskaukasia iparraldean, lurralde apala, estepa girokoa, poliki poliki erdialdeko Kaukaso nagusira igoaz doana; hegoaldean, Transkaukasiako ordokiak daude. Biztanle gehienak errusiarrak eta ukrainarrak dira iparraldean; hegoaldean, berriz, georgiarrak, azerbaijandarrak eta armeniarrak dira nagusi. Ekoizpen nagusiak nekazaritza gaiak (garia, ekilorea, kotoia, tea) eta petrolioa (Baku, Grozni) dira.

Geografia politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun eskualde hori osatzen duten estatuak Georgia, Armenia eta Azerbaijan (hegoaldean) eta Errusia (iparraldean) dira. Errusiaren barnean Rostov, Volgograd eta Astrakhan oblastak, Krasnodar eta Stavropol kraiak, nahiz Adigesia, Kalmukia, Karatxai-Txerkesia, Kabardino-Balkaria, Ipar Osetia, Inguxetia, Txetxenia eta Dagestan errepublikak daude Kaukasian.

Abkhazia eta Hego Osetia lurraldeek (teorikoki Georgian) independentzia aldarrikatzen dute Errusiaren laguntzarekin; halaber Nagorno-Karabakh eskualdeak (Azerbaijanen) Armeniaren laguntzarekin, hiru kasuetan borroka armatuaren bidez. Baina, oro har, nazioarteko komunitateak ez ditu onartu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsaso Beltzaren ekialdeko ertzetan K. a. VII. mendetik sortu ziren kolonia greziarrak. III. mendeaz geroztik Erdialdeko Asiako herrien inbasioak izan ziren. Geroago Bizantziar Inperioaren eragina iritsi zen, eta georgiarren eta armeniarren artean kristautasuna zabaldu zen. Otomandar Inperioaren mende egon zen ondoren.

XIX. mendean errusiarrek konkistatu zuten. Mendietako leinuek gogor eutsi zioten, eta zapalkuntza bortitzak izan ziren XIX. mendean zehar. 1922an Kaukasiako Errepublika Sozialista Sobietarra eratu zuten, 1936 arte iraun zuena. Urte horretan Kaukasia Errusia, Armenia, Azerbaijan eta Georgiaren artean banatu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kaukasia Aldatu lotura Wikidatan