Programazio bisual

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Programazio bisual terminoak semantika adierazteko dimentsio bat baino gehiago erabiltzen den programazioari egiten dio erreferentzia[1]. Programazio bisualeko lengoaiek erabiltzaileei elementu grafikoak manipulatuz programak sortzeko aukera ematen diete, soilik hitzez zehaztu beharrean[2]. Lengoaia mota horiek oso erabiliak dira hezkuntza-eremuetan, blokekako programazio-ingurune izenekoen bidez (horien artean Scratch nabarmentzen da); horiei esker, hasiberriek programatzen hasten direnean dituzten zailtasunak murrizten dira.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Programazio-estilo honek honako ezaugarri hauek ditu:

Bisuala
elementuak programaren fluxuan arrastatzen eta askatzen dira, integratzeko.
Gertaeretara bideratuta
programaren urrats bakoitza aldez aurretik definitutako gertaera bat gertatzen denean hasten da.
Inperatiboa
programazioa komandoen sekuentzia batean datza.
Objektuetara bideratua
ataza definituak esleituta dituzten objektu indibidualak daude.[3]

Programatzaileek lehendik definitutako programazio-elementuak erabili ohi dituzte, erabiltzen duten ikusizko programazio-lengoaiaren arabera. Programazio-elementuak puzzle bateko piezak bezala ahokatzeko diseinatuta daude. Elementuak logikoki bat ez badatoz, editoreak detektatu egiten ditu. Programazio-elementuak kolore-taldetan multzokatu ohi dira, eta horrek erabiltzailea orientatzen du horiek aukeratzerakoan.

Horiek testuak eta irudiak erregistra ditzakete, modu logikoan antola ditzakete eta haien itxura edo adierazpena alda dezakete. Kontrol-elementuek aukera ematen dute baldintza jakin batzuen mende dauden ekintzak txertatzeko.

code.org webgunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Code.org

Code.org irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, baita izen bereko webgune bat, jendearen artean informatika ikasteko gogoa zabaldu nahi duena. Ameriketako Estatu Batuetako eskoletan eragiteko sortu zuten elkartea Hadi eta Ali Partovi-k 2013an, baina geroago munduan zehar zabaldu zen eta 30 hizkuntza baino gehiagotan erabil daiteke, horien artean euskara. Konputagailuko programak egiten ikasteko hainbat ikasgai eta ariketa eskaintzen ditu kode irekian. 2013an hasita Kode-Ordua jarduera (ingelesez "Hour of Code") antolatzen du urtero nazioartekoan aste baten bueltan eskola guztietan ikasgai eta ariketa horiek lantzeko, ikasle bakoitzak gutxienez ordubetez.

code.org webgunea modu grafikoan programatzeko hainbat ariketa proposatzen ditu. 2015ean Donostiako Informatika Fakultateak eta UEUko Informatika Sailak antolatu zuten kanpaina kolektibo baten bitartez hainbat ariketa itzuli eta prestatu ziren euskaraz egin ahal izateko.[4][5][6]

Talde bat Code.org webgunean ikasten.

Algoritmoak, aldagaiak, begiztak eta funtzioak bezalako kontzeptuak ikasteko atari erakargarria zen. Eskoletara eta autoikaskuntzara bideraturik sortua izan zen.  Bertan programazioaren oinarrizko kontzeptuak praktikan jartzeko aukera eskaintzen digu atariak, modu oso grafiko eta errazean, haurrentzako ezagunak diren pelikuletako pertsonaiekin lagundurik. Programatzen ikasteko gogoa duen orok aurkituko du bere neurriko ikastaroa. Eta ezin aipatu gabe utzi, Donostiako Informatika Fakultatea (@txiomatika). Bertan, duela hilabete pasa, euskararen egunaren karietara, CODE.ORG euskaratze maratoia antolatu zuten.[7][8][9] Horri esker, euskara ere erabil daitekeprogramatzen ikasteko. Dudarik gabe, auzolanean eginiko lan onuragarria. Ikasle, irakasle zein programazio logika garatu nahi duenarentzat, lehen pausoak emateko ezinbesteko ataria da. Zabala da, eta erronkez beteta dago.[6] Tresna horiekin nork bere jokoak egin ditzake:[7]

  • Flappy code:[10] Flappy joko bat sortzeko. Ikus-efektuak eta arauak alda daitezke, baita grabitatea ere. Bukatzean, Amaiera botoian klik eginda, eta lagunei bidaltzeko aukera ere badago, euren telefonoetan proba dezaten.
  • Star wars:[11] Zure puzlea sortzeko behar dituzun tresna guztial dituzu. Begiratu lasai eta jolastu Agindu eta Gertaera desberdinekin. Amaitzerakoan, sakatu Amaitu botoia jarraitzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Burnett, Margaret M.. (1999). «Visual Programming» Wiley Encyclopedia of Electrical and Electronics Engineering (American Cancer Society)  doi:10.1002/047134608x.w1707. ISBN 978-0-471-34608-1. (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).
  2. (Ingelesez) ai, craft. «The maturity of visual programming» craft ai | Explainable AI, as-a-service (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).
  3. (Gaztelaniaz) «Programación visual: la entrada más sencilla al mundo digital» IONOS Digitalguide (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  4. «Code.org, %100 euskaraz (Diario Vasco, 2015/11/07)» DIFusio@, EHUko Informatika (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
  5. (Gaztelaniaz) «Code.org, %100 euskaraz» El Diario Vasco 2015-11-07 (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
  6. a b «Info7: CODE.ORG, programazioa ikasteko ataria / Portal para aprender a programar» DIFusio@, EHUko Informatika (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
  7. a b «Code.org EUSKARAZ (Euskararen Eguna, 2015)» DIFusio@, EHUko Informatika (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
  8. «Bideoa: 'Code.org' webgunea guztiz euskaraztea lortu dute Donostian» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
  9. «‘Code.org’ webgunea guztiz euskaratzea lortu dute (ETB1, 2015/11/07)» DIFusio@, EHUko Informatika (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
  10. «Check out what I made» Code.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
  11. «Star wars. Check out what I made» Code.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]