Roger II.a Siziliakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Roger II.a Kristok koroatua (Palermoko Martorana elizako mosaikoa).

Roger II.a Siziliakoa (Mileto, 1095eko abenduaren 22an - Palermo, 1154ko otsailaren 26an), Siziliako kondea (1105-1130), Apulia eta Calabriako Dukea (1127-1130) eta Siziliako erregea (1130-1154), Hauteville normandiar familiako kidea. Rogerrek normandiarren Hego Italiako konkistak erresuma batean biltzea lortu zuen, eta gobernu bat oso zentralizatu eta eraginkorra antolatu zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Roger I.a Siziliako kondearen eta Adelaida del Vastoren semea izan zen. Aita hil zenean, Rogerren anaia Simon bilakatu zen Siziliako kode, baina, lau urte geroago, ondorengorik utzi gabe hil zen Simon, eta Rogerrek eskuratu zuen Siziliako konderria (1105).

Bere lehengusu Gilenen oinordeko zenez, Apuliako dukerria jaso zuen 1127. urtean, Gilen hil zenean. Rogerrek, orduan, Italiako hegoaldeko lur guztiak beretzat eskatu zituen Hauteville familiaren izenean. Honorio II.a aita santuak eta Apuliako biztanleek aurka egin zioten (1127-1128), ez baitzuten nahi Apuliak Siziliarekin bat egiterik, baina amore eman behar izan zuten. Erramun Berenger III.a Bartzelonako kondearekin bat egin zuen 1127an, eta gerrarako berrogeita hamar ontzi eskaini zizkion hari sarrazenoen aurka borroka zedin.

Honorio II.a aita santua hil zenean, Rogerrek laguntza eman zion Anakleto II.a antipapari Inozentzio II.a aita santuaren kontra, eta, ordainetan, Anakletok Roger Siziliako errege koroatu zuen Palermon 1130ean. Horrek Inozentzio II.a aita santuaren aldekoen aurkako gerra piztu zuen. Sarrazenoen laguntzaz, kanpoko eta barneko etsaiei aurre egin ahal izan zien, eta Inozentzio II.a segada batean atxilotu ondoren (1139), aita santuak Siziliako erregetzat (Rex Siciliae) onartu behar izan zuen atxilotu eta handik hiru egunera.

1144an bere erresumaren eta aita santuaren estatuen arteko mugak zehazten zituen hitzarmena izenpetu zuen. Europako errege nagusietakoa bilakatu zen, eta Sizilia Mediterraneoko itsas potentzia nagusi bilakarazi zuen bere itsas armada ahaltsuari esker. Afrikan eta Grezian eraso ugari egin zuen Bizantziar Inperioaren aurka.

Palermon hil zen, eta hiriko katedralean lurperatu zuten. Haren laugarren seme Gilen I.a Siziliakoak jarauntsi zuen Siziliako koroa.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Roger II.a Siziliakoa link=d:Script error