Sebastião José de Carvalho e Melo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pombalgo markesa.

Sebastião José de Carvalho e Melo edo Pombalgo markesa (Lisboa, Portugal, 1699ko maiatzaren 13a - Pombal, Portugal, 1782ko maiatzaren 8a) aitoren semea eta politikaria izan zen.

Biografia

Portugalgo politikari nagusia izan zen 1750etik 1777ra bitartean; erreforma ugari eragin zituen administrazioko alor gehienetan. Enbaxadore izan zen Londresen (1739) eta Vienan (1745). Gero, 1750ean, Josef I.a erregeak estatuko idazkari izendatu zuen, eta, ministro nagusia baino areago, Portugalgo benetako agintaria izan zen Pombalgo markesa. Gizon ikasia, aurrerakoia eta zorrotza zen. Ilustrazioaren teoria politikoan oinarrituz, agintari absolutista gisa gobernatu zuen. Erregearen ahalmena indartu zuen, eta administrazioa errotik aldatu: herentziazko karguak eta alferrikako funtzionarioak kendu zituen (1761), itsas armadaren eta Portugalgo gudarosteen egitura zaharkitua berritu, eta polizia indartu zuen. Halaber, herri-lan handiak egin zituen: 1775eko lurrikararen ondoren, Lisboa goitik behera berritu zuen, eta nekazaritza indartu egin zuen; era berean, neurri zorrotzak hartu zituen Portugalgo industria eta merkataritza bultzatzeko, eta atzerritarrek Portugalen zituzten eraginak eta eskubideak murriztu zituen: lehengaiak eta metal bitxiak esportatzeko debekua ezarri zuen, inportazioak zergen bidez mugatu eta koloniekiko harremanak errazteko merkataritza-elkarteak (Pernambuco, Pará eta Maranhãokoak, besteak beste) sortu zituen.

Erromatar Eliza Katolikoaren ahalmena eta eragina murriztu zituen: 1751ean Inkisizioaren fede-auziak debekatu zituen; zentsura laikoen esku utzi zuen, eta gogor jokatu zuen jesuiten aurka; aurrena, haien indar ekonomikoa eta eragin politikoa murriztu zituen, eta, azkenean, 1759an, Portugaldik eta bere kolonietatik egotzi zituen. Irakaskuntza laikoa ezarri zuen Portugalen. Horrela bada, Portugalgo funtsezko egitura guztiak errotik aldarazi zituen, baina horrekin etsai asko sortu zitzaizkion; hala, Josef I.a erregea hil zenean, beren interesak zapuztuak ikusi zituzten aitoren semeek eta handikiek, Elizak eta Portugalen interes ekonomiko handiak zituzten atzerritarrek kargua uztera behartu zuten.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sebastião José de Carvalho e Melo Aldatu lotura Wikidatan