Portugal

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Portugaldar Errepublika
República Portuguesa
Portugalgo bandera
Bandera

Portugalgo armarria
Armarria

Portugalren kokapena
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Lisboa
38°42′N 9°11′W / 38.7°N 9.183°W / 38.7; -9.183
Hizkuntza ofiziala(k) Portugesa[a]
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika parlamentarioa
Aníbal Cavaco Silva
Pedro Passos Coelho
Eraketa
- Independentzia
- Onartua

1128 ekainaren 24
1143 urriaren 5
Eremua
• Guztira
• Ura

92.391 km² (111.)
% 0,5%
Biztanleria
• Zenbatespena (2009)
• Dentsitatea

Herritarra

10.707.924 (76.)
114 biztanle/km² (66.)

portugaldar
Dirua Euroa[b] (€) (EUR)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
WET[c] (UTC +0)
WEST (UTC +1)
Interneteko domeinua .pt
Telefono aurrezenbakia +351
[a]Mirandera eta zeinu hizkuntza portugesa.
[b]2002 baino lehen ezkutua.
[c] Azores uharteetan UTC-1 neguan eta UTC udan.

Portugal Europa hego-mendebaldeko estatua da, Europar Batasuneko kidea, Iberiar penintsulako mendebaldean kokatua. Gainera bi uhartedi ditu Ozeano Atlantikoan: Madeira eta Azores uharteak. Bere mugak hauek dira: iparraldean eta ekialdean, Espainia; mendebaldean eta hegoaldean, Ozeano Atlantikoa.

Hiriburua Lisboa da. Hiri nagusiak: Porto, Amadora, Guimaraes.

Eduki-taula

[aldatu] Geografia

Sakontzeko, irakurri: Portugalgo geografia
Portugalen satelite irudia.

Portugalgo lurraldean bi alderdi nagusi daude, bai egituraz bai klimaz, Tejo (Tajo) ibaiak bi erditan bereiziak: Tejo ibaitik iparraldera dagoen erdia mendiez eta ibar sakonez osatua da gehienbat, eta hegoaldeko erdia, berriz, garaiera txikiko muinoez eta ordokiez. Halaber, Portugalen mendean daude Madeira eta Azores uhartediak. 1999 arte Txinaren hego-mendebaleko itsasaldeko Macau, merkataritza libreko portua, Portugalen agintepean egon zen.

Iparraldea, Galiziako mugaren eta Douro ibaiaren arteko lurraldea, menditsua da, 1.500 m inguru garai diren mendilerroez osatua eta ibar sakonez hautsia. Douro eta Tejo ibaien artean lurraldearen batez besteko garaiera are handiagoa da: 600 m Douro Garaian eta 1.000 m Guardako goi ordokian. Ibar hondoak ordea itsas mailan daude ia-ia. Alderdi horretan Iberiako iparraldeko goi-ordoki zabala hedatzen da, eta alderdi batzuetan, Iberiako erdialdeko mendigunearen mendebaleko adarra osatzen duten mendilerroak nabarmentzen dira. Horietako batean dago, Estrela mendilerroan hain zuzen ere, Portugalgo mendi garaiena, uharteetakoez landa: Estrela mendia, 1.993 m.

Tejo ibaitik hegoalderako lurraldea (Alentejo) ordokiez eta muinoez osatua dago. Alderdi horretan lurraldearen garaiera 400 m-tik beherakoa da, ipar-ekialdeko muga inguruko San Mamed mendietan izan izan ezik (1.025 m). Hegoalde-hegoaldean, Caldeirao eta Monchique mendiek (900 m inguru) Algarve itsasaldeko ordokia babesten dute iparraldeko haizeetatik.

Portugalgo itsasbazterra 845 km luze da. Iparraldeko erdian zelaia, zuzena eta hareatsua da, eta Porto hiritik hegoaldera zabalduz doa Beira lurraldean barrena. Alderdi batzuetan aintzira txikiak eratu dira. Carvoeiro lurmuturretik hegoaldera berriz hautsiagoa da. Algarveko kostako mendebalean labartsua da, eta ekialdean berriz hareatsua eta zelaia.

Iberiar penintsulako ibai nagusietako batzuek Portugalgo lurraldea zeharkatzen dute ura Ozeano Atlantikoan isuri baino lehen: Minho, Douro, Tejo eta Guadiana. Minho ibaiak Galizian du sorburua, eta bere ibilguaren behe aldean bi herrialdeen arteko muga egiten du. Douro ibaiak 600 metroko gainbehera du Gaztelako goi-ordokia eta bere ibilbideko ibar sakonaren hondoa artean. Tejo ibaia, Iberiar penintsulako ibai handiena, mendi-zintzur luze baten bidez sartzen da Portugalera; bokaletik hurbil, Paja itsasoa deritzan estuario zabala eratzen du, eta ontziz ibil daiteke bokaletik Abrantes hiriraino. Guadiana ibaiak Espainiaren eta Portugalen arteko muga lerroa egiten du bi zatitan. Portugalen bertan sortzen diren ibai eta ibaiadarren artean aipagarriak dira, iparraldetik hegoaldera, Vouga, Mondego (225 km), Zezere (220 km) eta Sado (150 km) ibaiak.

Madeira uhartedia (794 km2), sumendi jatorrikoa eta oso menditsua da (Ruivo mendia, 1.861 m). Klima gozoa eta egonkorra du. Portugaldik 1.000 kilometrora dago. Sumendizko Azore uhartedia (2.247 km2) Iberiar penintsulatik 1.500 km ingurura dago. Klima epel hezea du. Han dago Portugalgo mendi garaiena, Pico sumendia (2.320 m), izen bereko uhartean.

[aldatu] Klima eta landaredia

Estrela mendilerroa.

Portugalgo klima Ozeano Atlantikoaren eraginpean dago eta, oro har, samurra da: euritsua eta epela iparraldean eta lehorra eta oso beroa hegoaldean. Ozeanoaren eragina nabarmenagoa da itsasaldean, udako beroak eta neguko hotzak samurtzen baititu. Ipar-ekialde menditsuan hotz-beroak gorabehera handiagoak ditu: udak laburrak dira eta neguan elurra eta izotza izaten da. Hegoaldera ahala, klima mediterraneoa nagusituz doa, eta Algarvek Mediterraneoko klima du bete-betean, oso uda bero eta negu epelekin. Euri askoz gehiago izaten da iparraldean hegoaldean baino. Batez beste 500 mm euri izaten dira urtean, 2.500 mm iparraldeko mendietan, eta 500 mm baino gutxiago sei-zazpi hilabetez guztiz lehorra den Algarven.

Zuhaiztiek lurraldearen heren bat hartzen dute gutxi gorabehera. Itsasaldeko alderdi hareatsuetan pinudiak eta eukalipto zuhaiztiak landatu dira. Halaber, iparraldeko mendietan pinuak dira nagusi. Hegoaldea berriz landaredi mediterraneoak hartzen du: olibondoak, artea, artelatza. Mahastiak eta almendrondoak lurralde osoan daude, ipar-ekialdeko mendietan izan ezik, baina ugariagoak dira hegoaldean. Algarven, Mediterraneo motako basoa galdu den alderdietan, sastrakadi trinkoak hartu du haren tokia.

[aldatu] Biztanleak

Dona Ana hondartza, Algarven.

Portugalgo biztanleen artean etnia batasun handia dago, biztanle gehien-gehienak portugaldarrak baitira, eta horrenbestez, Portugal da munduko herrialderik homogeneoetako bat hizkuntzari, erlijioari eta kulturari dagokionez. 1990eko hamarraldia arte herrialde aski atzeratua zen, eta hori nabarmentzen zen, besteak beste, demografiari buruzko datuetan, baina azken urteotan zenbait aldaketa eta hobekuntza gertatu dira, eta ari da pixkanaka Europako neurrietara hurbiltzen, adibidez haurren heriotza tasari dagokionez (mila jaiotzako 80 heriotzatik 9ra jaitsi da), familien neurriari dagokionez, bizi itxaropenari dagokionez, etab. Portugalgo biztanleen bizi itxaropena 75 urtekoa zen batez beste 1996an. Garai batean jaiotza tasa oso altua zuen arren, gaur egun biztanle kopuruaren hazkundea negatiboa da, % 0,13koa 1999. urterako aurreikuspenen arabera.

Portugalgo biztanleen urbanizazio tasa oso bizkor ari da igotzen (% 60ra igo da), nahiz eta oraindik ez den Europako beste zenbait herrialdetakoa bezain handia. Eta biztanleen banaketari dagokionez, Portugalgo alderdi jendetsuenak erdialdeko eta iparraldeko kostaldeak dira; biztanleen % 70 bizi da inguru horietan gutxi gorabehera.

Osasun eta hezkuntza mailari dagokionez, herrialde garatuen saileko herrialdea da (Nazio Batuek 1994rako prestaturiko txostenaren arabera), baina Europar Batasuneko atzeratuena da oraindik. 1998an legebiltzarrak abortua legeztatu zuen; ordu arte urtean ezkutuko 16.000 abortu egiten zirela diote zenbait iturritatik bildutako datuek.

[aldatu] Biztanleen inguruko datuak

  • Talde etniko nagusiak: %99.5 portugaldar; %0.2 caboverdetar, %0.1 brasildar, %0.2 beste.
  • Biztanleen banaketa: %34.8 hiritar, %65.2 landatar.
  • Urteko hazkunde-tasa: 0.8/1.000 (1993).
  • Ugaltze-tasa: 1.6/1.000 (1993).
  • Heriotza-tasa: 10.7/1.000 (1993). Haurrena: 10/1.000 (1990-1995).
  • Bizi-itxaropena: 70.8 urte gizonezkoengan eta 78 urte emakumezkoengan (1994).
  • Analfabetismo-maila: %13.2
  • Erlijioak: %94.5 katoliko, %3.8 sinesgabe, %0.6 protestante, %0.1 judu, %0.1 musulman.
  • Biztanleen banaketa adin-tarteka:
    • >15 urte: %22.7.
    • 15-29 urte: %24.6.
    • 30-44 urte: %18.8.
    • 45-59 urte: %16.5.
    • 60-74 urte: %12.6.
    • >74 urte: %4.8.

[aldatu] Historia

Sakontzeko, irakurri: Portugalgo historia

Esplorazioen Aroan herrialdea mundura zabaldu zen, eta inperio bat ere sortu zuen, XV. eta XVI. mendean zegoen handienetarikoa. Hurrengo mendeetan gainbehera ekonomiko eta politikoa hasi zen. 1755ean lurrikara batek ia guztiz suntsitu zuen Lisboa hiriburua eta 1822an galdu zuen kolonia nagusia, Brasil alegia. 1910ean monarkia bertan behera utzi zuten, eta XX. mendean zehar barne liskarrak eta oreka politiko eza ohikoak izan ziren, ia 50 urte iraun zuen diktdadura bat barne. 1974an Krabelinen Iraultzak demokrazia ekarri zion herrialdeari azkenean, eta 1986an Portugal Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen.

[aldatu] Politika

Portugal errepublika bat da. 1976an idatzi zen gaur egun indarrean den konstituzioa, eta 1997an berridatzi zen. Errepublikako lehendakaria bost urtez behin aukeratzen da; bera da estatuburua, aginpide betearazlearen buruzagia, eta hark izendatzen du lehen ministroa, herrialdearen administrazio buruaren zereginak betetzen dituen karguduna. Lehen ministroak kontseilu ministroaren laguntzarekin agintzen du. Aginpide legegilea legebiltzarraren esku dago, eta haren onespena behar du gobernuak bere jardueran aurrera egiteko.

Lurralde banaketari dagokionez, Portugal 18 barrutiz osatutako 11 probintziatan dago banatua. Azore eta Madeira uhartediek, bestalde, autonomia dute, eta zeinek bere erakunde legegile eta betearazleak ditu. Azkenik, 1999. urte amaiera arte Portugalen kolonia izan zen Macau (Txinako hegoaldeko kostaldeko lurraldea), baina Txinarekin lorturiko hitzarmen batek agintzen zuen bezala, Txinaren esku gelditu zen.

  • Gobernu-mota: Alderdi anitzeko errepublika. Ganbara legegile bakarra (230 kideekin).
  • Estatuburua: Lehendakaria.
  • Gobernuburua: Lehen ministroa.

[aldatu] Alderdi politikoak

Portugalgo parlamentuan (Errepublikako Asanblea), ondoko alderdi politikoek dute ordezkaritza:

Alderdia 2002ko hauteskundeak 2005eko hauteskundeak 2009ko hauteskundeak
Bloco de Esquerda BE (Ezkerreko Blokea) 3 8 16
Partido Comunista Português PCP 10 12 13
Partido Ecologista "Os Verdes" PEV (Alderdi Ekologista-"Berdeak") 2 2 2
Partido Socialista PS 96 121 97
Partido Social Democrata PSD 105 75 81
Centro Democrático Social / Partido Popular PP 14 12 21

[aldatu] Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: Portugalen banaketa administratiboa

Herrialdea bost erregio edo eskualde handitan banatuta dago, eta horietako bakoitza azpieskualdetan.

Bestela, 18 barrutitan ere banatzen da, hauexek izanda: Aveiro, Beja, Braga, Bragança, Castelo Branco, Coimbra, Evora, Faro, Guarda, Leiria, Lisboa, Portalegre, Porto, Santarem, Setubal, Viana do Castelo, Vila Real eta Viseu.

Azkenik, 2 eskualde autonomo (Açores eta Madeira) eta menpeko lurralde 1 Makau (1999tik Txinaren lurraldea) ditu Portugalek.

[aldatu] Hiri nagusiak

Udalerriei dagokienez, concelho izena hartzen dute eta freguesia edo parrokiatan banatuta daude. Hauexek dira hiri eta udalerri portugaldar nagusiak, 2001eko erroldaren arabera:

  1. Lisboa (564.657 biztanle/ Lisboa Handia: 2.800.000 bizt. inguru)
  2. Sintra (363.749 bizt.)
  3. Porto (263.131 bizt. / Porto Handia: 2.000.000 bizt. inguru)
  4. Loures (199.184 bizt.)
  5. Vila Nova de Gaia (178.255 bizt.)
  6. Amadora (175.872 bizt.)
  7. Cascais (170.683 bizt.)
  8. Matosinhos (167.026 bizt.)
  9. Gondomar (164.096 bizt.)
  10. Oeiras (162.124 bizt.)
  11. Guimarães (159.576 bizt.)
  12. Seixal (150.272 bizt.)
  13. Braga (109.460 bizt.)
  14. Almada (101.500 bizt.)
  15. Coimbra (101.069 bizt.)
  16. Funchal (100.526 bizt.)
  17. Setúbal (89.303 bizt.)

[aldatu] Ekonomia

Lisboako ondoko Oeiras hirian dagoen enpresen gunea.

1990. urtea arte Europako herrialde pobreenetakoa izan zen Portugal, baina azken urteotan hazkunde handia izan du bertako ekonomiak, batez ere Europar Batasunaren aldetik jasotako laguntzari esker, nahiz eta bera den, Greziarekin batera, Europar Batasuneko herrialderik atzeratuena. Dena dela, Europako herrialde guztietan Portugal da hazkunde handiena izan duena (% 4,5 batez beste azken urteotan), eta ekonomiaren hazkundearekin batera aipagarria da azken urteotako interes tasen jaitsiera eta langabezia tasaren murrizketa; badira, hala ere, zenbait datu ez hain pozgarri, Europako herrialdeen batez bestekoa baino biztanleko nazio produktu gordin apalagoa izatea, adibidez. 1998. urtean Europar Diru Batasunean sartzeko mailara iritsi zen Portugalek, eta Europar Diru Batasunean sartu zen 1999an. 1998ko inflazio tasa % 2,8koa izan zen (aurreko urteetan % 7ra iritsi zen), txiki samarra, Europako gainerako kide gehienena baino garaiagoa, halere.

Zerbitzuen alorrak ematen du Portugalgo barne produktu gordinaren parterik handiena, eta hura da langile gehien hartzen dituen jarduera (barne produktu gordinaren % 60 eta langileen % 56, 1998an); hurrengo jarduera aipagarriena industria da (oihalgintza eta ehungintza, arrain kontserba, ardogintza, larrugintza), azken urteetan nahiko modernizatu dena. Nekazaritza ere egiten da (patata, mahatsondoak, olibondoak, garia, artoa) baina ekoizpena urria da, urriena Europako herrialdeen artean, eta ez ditu biztanleriaren beharrizanak asetzen, nahiz eta zenbait aurrerapen egin diren alor horren modernizazioaren bidetik. Munduko artelazki ekoizle handiena da. Eta garrantzizko jarduera da, halaber, arrantza, batez ere sardinarena, bakailaoarena eta itsaskiena.

Tejo ibaiaren gaineko Vasco da Gama zubia, Europako luzeena.

[aldatu] Datu nagusiak

  • Inportatutako produktu nagusiak:
    • Makineria eta garraio-ekipamendua: %35.7.
    • Janari eta abereak: %13.8.
    • Erregaiak: %8.8.
  • Esportatutako produktu nagusiak:
    • Ehungintzako produktuak: %28.4.
    • Makineria eta garraio-ekipamendua: %21.3.
    • Oinetakoak: %9.6.
  • Baliabide nagusiak:
    • Ardoa: 8.5 miloi hl.
    • Garia: 605.000 miloi tona.
    • Arrainak: 293.000 tona.
    • Kortxoa: 103.000 tona.
    • Oliba olioa: 35.000 tona.
    • Ardi-azienda: 5.2 miloi buru.
    • Behi-azienda: 1.1 miloi buru.

[aldatu] Kultura

Historian zehar Portugalgo kulturak beste herri eta kultura batzuetako eragina izan du. Erromatarren arkitekturaren aztarnak daude adibidez Evoran, eta arabiarren hiri antolaketa ikus daiteke Algarveko herri batzuetan. Halaber, estilo erromanikoko elizak daude toki askotan (Bragako eta Lisboako elizak, adibidez), baita gotikokoak ere.

XV. mendearen bukaeratik XVI.aren erdialdea arte Portugalgo bertako apaindura mota bat nagusitu zen: manuelinoa (izen hori Emmanuel I.a erregearen omenez duena). Manuelinoak gotiko estiloko eraikuntzak apaindura oparo deigarriez hornitu zituen, itsasoko gaiak erabiliz: itsas landareak, sareak, oskolak, belak. Estilo horretakoak dira, adibidez, Belemgo dorrea, Lisboan, eta Batalhako monasterioa.

XVII. mendeko eta geroko etxe-aurrealde askoren ezaugarri nagusia, berriz, azuleju zuri-urdinez apainduak izatea da.

[aldatu] Hizkuntzak

Portugesa herrialdeko hizkuntza ofiziala da lurralde osoan. Halaber, mirandera ofiziala da ere bai Miranda do Douro/Miranda I Douro ko kontzejuan (Bragançako barrutia).

[aldatu] Literatura

Sakontzeko, irakurri: Portugesezko literatura

Literaturan, Luis de Camões (1524-1580) Portugalgo Pizkundeko olerkari epikoa gailendu zen XVI. mendean. Haren Os Lusiadas (1572, "Lusoren ondorengoak" edo "Portugaldarrak") Portugalgo poema nazional bihurtu zen. Prosazko literatura XIX. mendean sendotu zen, José María Eça de Queirós (1845-1900) eleberrigile errealistarekin.

Portugalgo XX. mendeko literatura Fernando Pessoa olerkari modernistaren (1888-1935) eragin eta itzalpean egon da. Aipagarriak dira, beste idazle batzuen artean, Miguel Torga, José Saramago eta Eugénio de Andrade poeta.

[aldatu] Margolartiza

XV. mendean Nuño Gonçalves margolariak Portugalgo margolaritzaren gailurra jo zuen, eta XX. mendean Elena Vieira da Silva gailendu da.

[aldatu] Musika

Sakontzeko, irakurri: Portugalgo musika

Fadoa da herrialdeko berezko musika mota nagusi eta ezagunena. Fadista klasikoen artean, Amalia Rodrigues abeslaria dugu ezagunenetarikoa. Bestela, abeslari gazte ditugu Mariza,Misia eta Cristina Branco, besteak beste, eta taldeei dagokienez "Madredeus" nabarmentzekoa da. Popular/Fado:Carlos do Carmo,Herminia Silva, Dulce Pontes,Zeca Afonso,Paco Bandeira,Paulo de Carvalho,José Cid,Tonicha.

[aldatu] Zinema

Sakontzeko, irakurri: Portugalgo zinema

Aipatzekoak dira zinema arloan Manoel de Oliveira zuzendaria eta Laura Alves eta Beatriz Costa aktoresak, beste batzuen artean.

[aldatu] Hedabideak

Jornal de Noticias; "Diario de Noticias" egunkari irakurrienetarikoa da.

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Kanpo loturak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak