Seberi Mardaras

Wikipedia, Entziklopedia askea
Seberi Mardaras
Bizitza
JaiotzaMungia1932ko azaroaren 21a (91 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea

Seberi Mardaras (Mungia, Bizkaia, 1932ko azaroaren 21a) andereño ohia da.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mungiako Larrauri auzoan jaio zen Seberi, etxean. Larrauriko eskolan ibili zen txikitan. Maistra frankista suertatu zitzaion, gogorra. Cara al sol kantatzen zuten egunero.

Larrauritik Bilbora aldatu ziren, ikasten jarraitzeko aukera gehiago izango zutelakoan. Mesedeetako mojen eskolan ibili zen. Gero, Urduñara bidali zuten. Hura klausurako komentua zen. Urrian-edo joaten ziren, eta sanjoanak arte egoten ziren. Ez ziren irteten, ez Gabonetan, ez Aste Santuan.

Gerra garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umea zen Gerra Zibilaren garaian, baina iltzatuta geratu zitzaizkion gertatutakoak. Italiarrak probak egiten ibili ziren, Sollubetik agertu ziren, eta bonbardatu egin zituzten. 1937ko maiatzaren 3an Bidebietan bere ama, izekoa, neba eta beste auzokide batzuk akabatu zituen bonbardaketa faxistak.[2]

Astelehena zen eta hantxe ziren Emerandoko neskatxa pare bat dendan errekaduak egiten, Borlasenekoak eta baita Txikitoneko Antonia Ibarra ere, bere 4 urteko alaba Seberi, urtebeteko Esteban semea eta Larrabetzuko senide batzuekin. Zubipea hartu zuten aterpe hegazkinaren mehatxutik ihesi, 30 bat lagunek. Pilotuak errukirik gabe, bonbardatu zuen zubia, sarraskia eraginez. Antonia bete-betean harrapatu omen zuen eztandak eta erraiak agerian zituela hil zen. Semea beso artean babesten saiatu zen, baina semea ere amaren gorpua ur gainera erori zenean, hil egin zen, itota. Antoniaren senarra, Seberiren aita, bitartean, Andaluzia aldean zegoen itsasontzi batean etxera itzuli ezinik, eta eraso hartan galdu zituen emaztea, urtebeteko Esteban semea eta baita Basilia Mardaras arreba. Haiekin batera hil ziren Maria eta Juliana Legarreta, eta Josefa Aguirre.[3]

Seberi Mardaras onik atera zen, nahiz eta zauri arin batzuk jasan zituen ezkerreko belarrian eta ukondoan eta orbainak bizitza osoan zehar lagun izan zituenak. Senideak galduta, izeko batek 4 urteko neskatxa beso artean zuela, gaua eman omen zuen errotan, ura samaraino, beldurrak jota.

Seberik bezala, askok oraindik ez dakite euren senideak non lurperatu zituzten, zer gertatu zen euren gorpuzkiekin.

Irakasle ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakasle ikasketak egin zituen, baina etxeko euskara baino ez zekien. Xabier Peña tolosarrak lagundu zion euskara lantzen. Bilbon hasi zen andereño lanetan, Iralabarriko frantziskotarrenean. Behin inspektorea joan zitzaien. Ikusi zuen umeetako batek zuen liburuan Euskal Herriko herrialde guztiak agertzen zirela, Frantzia aldekoak barne. Ikastola zarratu zieten, eta Gobernu Zibilera eroan zituzten. Hantxe egon ziren goizaldera arte, lau andereñoak eta Sabin Zubiri. Zubiri eta andereñoetako bat, Estibaliz Lopez de Guereño, kartzelara eroan zituzten; ez ziren luzaroan egon, baina preso egon ziren.

Ikastola itxi ondoren pisuetan irakasten hasi ziren. Hainbatek utzi zizkieten euren etxeak. Julita Berrojalbizen etxean luzaro egon ziren, Ume txikiak artatzen zituzten, 7 bat urte arte, gero Bilboko kolegioetara joaten ziren; batez ere, jesuitenera.

Sasoiko beste askok bezala, ezkondu zenean, andereño lana utzi egin zuen. Mungiara joan ziren, senarra han zebilelako mediku. Lau seme-alaba izan zituzten. Gero bosgarrena ere heldu zitzaien, seme txikiena, baina ordurako irakasle lanetan zebilen berriro. Mungiako parrokian sortutako Larramendi ikastolan eta hantxe ibili zen, erretiroa hartu zuen arte.

Ikastoletan lan handia egin dugu aurrera egiteko, baina ilusioa ez zaigu falta izan. Seberi Mardaras

Aitortzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2018an, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Saria eman zien, besteak beste, Bizkaiko lehen ikastoletako andereñoei; tartean, Seberi Mardarasi.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Berria» Berria 2023-11-27 (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  2. Seberi Mardaras. (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  3. SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-04-26). «Ez dezagun berriz ahaztu» naiz: IRITZIA (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]