Tenebrarium

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tenebrarium
Argimutila

Tenebrarium hamabost kandela dituen triangelu formako argimutila da, mailakatuta ezker-eskuin zazpina kandela daudelarik, eta erpinean 15.a- Tiniebletako elizkizun edo Officium tenebrarum delakoan, Aste Santuan, erabiltzen zen, pixkanaka itzalduz kandela bakoitza iluntasunera arte.

Orotariko Euskal Hiztegiak zabalpen gutxizko euskal aldaerak dakartza objektu honetarako: murkuila/burkuilla erronkarierazkoa, eta donaberari Larramendiren Hiztegi Hirukoitzetik hartua[1].

Erabilpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilunpeko ofizio horretan, Jeremias profeta kristauaren eta juduen salmoak eta erostak abesten ziren, eta bakoitzaren amaieran presbiterioan kokatutako kandela berezi honen kandelak, normalean horiak, itzaltzen ziren, behetik eta eskuinetik hasita, goikoa bakarrik utzi arte, zeina zuria izan ohi zen.

Badaude lekukotasunak, Jean Mabillonenak, argimutil triangeluarra VII. mendean erabiltzen zela tiniebletan. Kandela kopurua aldatu egin da garai eta leku ezberdinetan; Amalario de Metzek 24 kandelaz hitz egiten du eta beste batzuek hogeita hamar, hamabi, bederatzi eta baita zazpi kandeletako tenebrariumak erabiltzen zituzten. 1912an tenebrarioen forma finkatua geratu zen Caeremoniale Episcoporum-en (II, XXII, 4) argizari garbitu gabeko hamabost kandela gomendatzen ziren, nahiz eta eliza batzuetan triangeluaren erpinean kandela zuri-zuria erabili. Elizkizunean kandela bakoitza itzaltzen zen salmo bakoitzaren amaieran txandaka argimutilaren alde bakoitzean eskuinetik eta azpitik hasita. Matutietan bederatzi salmo zeudenez eta laudorioetan bost, salmo guztiak abestu ondoren triangeluko kandelarik altuena baino ez da piztuta geratzen[2].

Sinbolismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesukristo Gurutzean hil zen eguna ere sinbolizatzen du beste baztuen iritziz. Hamabost kandelek gurutzearen ondoan zirenak irudikatzen omen dituzte: hamaika apostoluak, Hiru Mariak (Madalena, Maria Salome, Maria Jakueren Ama) eta Ama Birjina irudikatzen dituzte. Triangeluak berak Trinitate Santua sinbolizatzen du; batzuentzat, kandelarik altuenak Kristo irudikatzen du, beste batzuek, berriz, Andre Maria dela, Pizkundean sinetsi zuen bakarra, eta besteen pixkanaka-pixkanaka desagertzeak apostolu eta ikasleen fede galerarekin du zerikusia[2].

Euskal Herriko teniola edo tinieblen deskribapenetan 15 kandelen ordez 12 agertzen dira kontakizun batzuetan, eta azken kandela ere itzali egiten zela. Itzalketa osoa matraka zaratatsu batekin ere amaitzen zen, gazteek egin ohi zuten ekintza irreberente baina ohiturazkoa.[3] [4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «OEH - Bilaketa - Tenebrario» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-17).
  2. a b (Gaztelaniaz) «Tenebrario» Ceremonia y rúbrica de la Iglesia española (Noiz kontsultatua: 2023-01-17).
  3. Telleria, Iñigo Ramirez De Okariz. (2013-04-07). «IRINMODO (1307-2018): ASTE SANTU OSPAKIZUNA, LEHEN» IRINMODO (1307-2018) (Noiz kontsultatua: 2023-01-17).
  4. Velez de Mendizabal, Josemari. (2000). «Arrasateko parrokia» Euskonews & Media (98) (Noiz kontsultatua: 2023-01-17).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]