Txantiloi:2010-17 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Jacques Laffitte, okzitaniera arautuan Lahita edo Lafita (1767ko urriaren 24a Baiona - 1844ko maiatzaren 26a Paris) bankari eta politikari baionesa izan zen.

Banka munduan igoera azkarra izan eta Frantziako Bankuaren gobernadorea bihurtu zen. Diputatu liberala, 1830eko Uztaileko Iraultzan esku hartu zuen eta frantses estatuko goreneko kargu politikoa okupatu zuen: Ministro-Kontseiluko presidentea izan zen, hau da Lehen ministro edo gobernu-buruaren orduko baliokidea. Luis Filipe I.arekin suertatu zen hori, bere 1. legegintzaldian. Charles Floquetekin batera kargu hau okupatu duen euskal herritar bakarra da.

Baionako Baiona Ttipia auzoko Trinket karrikako (orduan Maubec izena zeramana) 2. zenbakian jaio zen 1767an familia umil eta ugari (10 neba-arreba ziren) batean; bere aita Pierre Laffitte (1789an hila) arotza zen. Ikasketa laburren ostean 12 urterekin arotz-ikastun bihurtu zen bere aitarekin; gero bi urtez Baionako notario baten hirugarren idazkari aritu zen eta hamalaurekin hiri honetako Formalaguès izeneko tratulariaren zerbitzupean hasi zen.