Txantiloi:2015-18 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Cúchulainn —orobat Cú Chulainn, Cú Chulaind, Cúchulain eta Cuchullain grafiez idatzia— (irlanderazko izen horrek "Cúlannen Txakurra" esan nahi du) irlandar mitologiako heroia da, Ulsterko zikloan agertzen dena.

Cúchulainn "Akiles irlandarra" ezizenez ere ezaguna da, balentria bikainen egilea izango zela iragarri baitzioten, baina baita gazterik hilko zela ere. Ulsterko zikloaren (Ipar Irlanda) heroi mitologiko ospetsuena da, bere haurtzaroko jatorrizko izena Setanta zen, baina gerora bereganatu zuen Cú Chulainn izenarengatik askoz ere ezagunagoa da. Umea zelarik, bere aita ordekoa bisitatzera Culann errementariaren etxera joan zen eta hura zaintzen zuen txakur emea hil zuen. Une horretan hil berri zuen txakur emearen kumea heldu arora iritsi eta bere amaren betebeharra egiteko gai izan arte, Setantak errementariaren txakur zaindaria izateko hitza eman zuen, hortik Cúchulainn izena jaso izana, hots, "Cúlannen Txakurra".

Cú Chulainn gudariaren heziketaren arduradun Skatsha emakume druida izan zen, honek bere lantza famatua erabiltzen irakatsi zion: Gae Bolga. 17 urterekin Ulstergo lurraldea Connacht erresumako Maeb erreginaren gudalosteetatik defendatu zuen Táin Bó Cúailnge ("Cualingeko Idien Gudua") gudu epikoan. Bere guduzaletasuna, gudu sukarra edo ríastrad delakoarengatik ezaguna da, trantze antzeko honen bitartez, ez etsai ez eta lagunik ezagutzen ez duen eta bere inguruan dauden guztiak hiltzen dituen munstro ezagutezin batean bilakatzen da. Bere gurdi gainean borrokatzen da, Láeg bere gurdi-laguntzaile leiala gidatzen doalarik, gurdia Liath Macha eta Dub Sainglend zaldiek tiratzen dute.