Cúchulainn

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Setanta gazteak Culann errementariaren txakur hilberriarekin. Gertakari honen ondoren, Cúchulainn ezizen ospetsua bereganatuko du

Cúchulainn[1] —orobat Cú Chulainn, Cú Chulaind, Cúchulain eta Cuchullain grafiez idatzia— (irlanderazko izen horrek «Cúlannen Txakurra» esan nahi du) irlandar mitologiako heroia da, Ulsterko zikloan agertzen dena. Haurtzaroko izena Setanta zuen.

Cúchulainn "Akiles irlandarra" ezizenez ere ezaguna da, balentria bikainen egilea izango zela profetizatu baitzioten, baita gazterik hilko zela ere. Ulsterko zikloaren (Ipar Irlanda) heroi mitologiko ospetsuena da, bere jatorrizko izena Setanta zen, baina askoz ere ezagunagoa da bereganatu zuen Cú Chulainn izenarengatik. Umea zelarik, bere aita ordekoa bisitatzera Culann errementariaren etxera joan zen eta hau gordetzen zuen txakur emea hil zuen. Une horretan errementariaren txakur zaintzaile izateko hitza eman zuen hilberria zen txakur emearen kumea heldu arora iritsi eta bere lana egiteko gai izan arte.

Cú Chulainn gudariaren heziketaren arduradun Skatsha emakume druida izan zen, honek bere lantza famatua erabiltzen irakatsi zion: Gae Bolga. 17 urterekin Ulstergo lurraldea Connachteko Maeb erreginaren gudalosteetatik defendatu zuen Táin Bó Cúailnge ("Cualingeko Idien Guda") guda epikoan. Bere gudagura, guda sukarra edo ríastrad delakoarengatik ezaguna da, trantze antzeko honen bitartez, ez etsai ez eta lagunik ezagutzen ez duen munstro ezagutezin batean bilakatzen da. Bere gurdi gainean borrokatzen da, Láeg bere gurdi-laguntzaile leialak gidatzen doalarik, gurdia Liath Macha eta Dub Sainglend zaldiek tiratzen dute.

Cú Chulainn Irlandako beste hiru erresuma edo probintzien aurka borrokatuz hil zen (Connacht, Munster eta Leinster), Ulsterren aurkako hiru irlandar erresuma hauen batasuna Maeb erreginaren lorpen bat izan zen. Heriotzaraino borrokatu izan zela kontatu ohi da, eta bere etsaiek ez ziotela erasorik egin beldurraren-beldurrez, bele batek odol egarriz Cúchulainn-en sorbalda batean kokatu zen arte.

Kondairak[aldatu | aldatu iturburu kodea]



Zelta mitologia
Celtic lettre I chien.jpg
Mitologia gaelikoa
Britoi mitologia
Arturiar zikloa
Erlijioa
Zelta jaiak
Ikus zelta mitologiari buruzko artikulu guztien zerrenda

Jaiotza eta haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cú Chulainnen jaiotzaren hainbat bertsio existitzen dira. Aurreneko bertsio batean, Dectera bere ama, alaba da eta Conor mac Nessa, Ulstergo erregearen gurdi-laguntzaile, eta beste Ulsterko nobleekin batera hegazti magikoen ehizan laguntze du. Elurtzen hasten da eta Ulsterko gizasemeak aterpearen bila hasten dira. Ongietorria ematen dien etxe bat aurkitzen dute, baina etxekoandrea umea erditzen hasten da, eta Dectera gizonezko ume baten jaiotzaren testigu bihurtzen da. Aldi berean, behorrak bi moxal erditzen ditu. Hurrengo goizaldean, Ulsterko gizasemeek Brug na Bóinde (Newgrange)n dagoen muino neolitikoa) delakoa aurkitzen dute aurrez-aurre, etxea eta bere bizilagunak desagertu egin dira, han jarraitzen duten umea eta moxalak aldiz ez. Decterak umea bere etxera eramaten du, baina Dectera gaixo dagoenez eta gazte adinean hilko da. Lugh jainkoa agertzen zaio eta bera izan zela Ulsterko gizaseme talde hura etxean harrera egin ziena esaten dio Decterari, sabelean bere semea daramala eta honi Setanta izena ipini behar diola. Bere haurdunaldia eskandalu bat da Sualtam mac Roy-ri ezkontzeko hitzemana baitago, eta Ulsterko gizasemeek aita Conor bera dela sute dute, horregatik abortatu eta gaua bere senarrarekin igarotzen du erabat birjina delarik.

Cúchulainn gaztea, bere armak Conor erregearengandik jasotzen.

Ezagunagoa den eta beranduago agertutako bertsio batean esaten denez, Dectera Conorren arreba da eta Cathbad druidaren alaba, eta Emain Macha-etik desagertu egiten da, Ulsterko hiriburua. Aurreko bertsioan bezala, Ulsterko gizasemeak hegazti magikoen ehizara ateratzen dira, elurte batek bat-batean harrapatu eta hurbileko etxe batetara joaten dira aterpe bila. Beren anfitrioia Lugh jainkoa da, baina oraingoan umea erdibituko duen bere emaztea Dectera berau da. Umeari Setanta izena ipintzen diote. Ulsterko nobleek umearen aita ordekoa nor izango den eztabaidatzen dute, Morann jakintsuak askoren artean adoptatu behar luketela erabakitzen duen arte: Conor bera; zentzuduna izaten eta elokuentzia irakatsiko dion Sencha mac Ailella; babestu eta mantenduko duen Blaí Briugu aberatsa; bera zaindu eta ahulenei nola babestu irakatsiko dion Fergus mac Roy gudari zintzoa; heziketa emango zion Amergin olerkaria eta bere emaztea Finchoom, umea hezteaz arduratuko dena. Amergin eta Finchoomen etxea haziko da umea, gaur egungo Murthemney-eko lautadan Loutheko konderrian, bien semea zen Conall Cernach-ekin batera.

Setanta adin heldu batetara ailegatzean, Conor erregearen gortera zuzentzen da nobleen semeekin batera bere heziketa jasotzeko. Garai hau izan zen Cú Chulainn ezizena emango zion gertakaria suertatu zena. Culann errementariak Conor janaldi batetara gonbidatu zuen bere etxera. Joan aurretik, Conor umeekin hurling-ean jokatzera joaten da, eta Setanta janaldira gonbidatzen du, nonbait, gazteak kirol horretan erakutsiriko trebeziak erabat txundituta utzi baitu. Setantak gonbitea onartu egiten du, baina partidaren ondorenerako atzeratu egiten du, hau amaitzerakoan joateko hitza ematen du. Azken hau Culanni aipatzea ahaztu egiten zaio eta honek bere txakur zaindari ankerra aske uzten du etxea babes dezan. Setanta iristean, txakur erraldoiak eraso egiten dio eta Setantak bere defentsan txakurra hil egiten du. Bertsio baten arabera, harri bat jaurtikiaz; beste batean, hurlingeko makil baten bidez sliotar edo pilota bat bere zintzurra sartuta. Culann zeharo lur kota dago txakurraren galerarekin, hortaz Setantak ordezko bat hazi eta Culann-i emateko hitza ematen dio eta txakur kume hau betebeharra egiteko bezain adinekoa izan arte, Setanta berak zainduko du Culann-en etxea. Cathbad druidak gaztearen izena aurrerantzean Cú Chulainn izango dela adierazten du, hau da, "Culann-en txakurra" irlanderaz.

Bere heldutasunaren armak jaso behar zituen garaian, bere ikasleei erakusten ari zitzaien Cathbad druidak honako profezia egin zuen: egun hartan bere armak jasotzen zituen hark, heroi handiena izango zela eta bere balentriak goraipatuenak izango zirela, nahiz eta bizitza laburra izan. Ezer entzungo ez zuenaren itxura eginez, Cú Chulainn Conor mac Nessa erregearen aurrean azaltzera presaka joan zen eta bere armak emateko eskatu zion. Honela pare bat lantza eta gurdi baten jabe egin zen, egoera nola zegoen ikusita, erregeak bere lantzak, ezpata eta gurdia eman zizkion arte; Cú Chulainn haustea lortu ez zituenez, bere armak bihurtu zituen.

Cúchulainnen gotorleku eta bizilekua Dundalken zegoen, eta handik Murthemneyko lautadaren jaun bilakatu zen.

Cualinge-go idien guda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Táin Bó Cúailnge

17 urteko adinarekin, Cú Chulainnek berak bakarrik Ulstergo erreinua Connachteko erreinuaren gudarosteetatik defendatzen du Táin Bó Cúailnge edo "Cualingeko Idien Guda". Maeb, Connachteko erreginak, Donn Cúailngen dagoen paradako zezena lapurtzeko inbasio bat antolatzen du eta ustekabez Ulster erreinuaren jabe egiten da, Cú Chulainn emakume batekin baizegoen bi erreinuen muga defendatu beharrean. Ulsterko gizasemeak ezgaituta daude sorginkeria baten bidez, hortaz, Cú Chulainnek Maeb erreginaren gudarosteari aurre egin eta ez dio aurrera egiten uzten pasabide batean ematen den borroka berebiziko batean. Hilabeteak iraungo dituen borrokaldi batean, Cú Chulainnek Connacht-eko txapeldun guztiak banaka-banaka garaitu egingo ditu.

Cúchulainn, bere guda gurdian borrokatzen.

Borroka baten aurretik, emakume eder bat inguratzen zaio Cú Chulainni, errege baten alaba dela esanaz eta bere maitasuna eskainiaz, baina berak muzin egiten dio. Emakumea Morrigan jainkosa da eta jaso duen mespretxuaren mendeku gisa Cú Chulainni erasotzen dio animalia ezberdinen itxura hartuaz Ulsterko gudari gaztea Lóch mac Mofemis-en aurka borrokatzen ari den unean. Aingira bezala, pasabidean zangotrabatu egiten du, baina Cú Chulainnek saihetsak apurtzen dizkio berau zapaltzean. Otsoa bezala, ganadua uxatzen du pasabidean zehar eta Cú Chulainnek harrikada baten bidez begi bat ateratzen dio. Azkenik, Morrigan jainkosa bigantxa moduan, ganadu ihesaldi edo uxaldiaren buru bezala jartzen da, baina Cú Chulainnek anka hausten dio, berriz ere harrikada baten bidez. Loch garaitu ostean, amaitzeko Cú Chulainni Morrigan jainkosa agertzen zaio behi bat jezten ari den atso baten moduan eta aurreko animalia itxurak zituela jasandako zauriekin. Morriganek esnea eskaintzen dio hiru aldiz eta Cú Chulainnek edaten duen aldi bakoitzeko Morrigan jainkosa bedeinkatu eta bere zauriak sendatu egiten dira.

Cú Chulainn larriki zauriturik etzanda dago bereziki sutsua izan den borrokaren ondoren, baina Lughek bisitatu egiten dio, bere benetako aita dela aitortzen dio eta zauriak sendatzen dizkio. Cú Chulainn esnatu eta Emain Machako (Ulsterko hiriburua) gudarosteak Connachteko gudarostea erasotu eta suntsitu egin duela ikustean, bere ohiko ríastrad edo amorruzko guda-sukar ikusgarriago bat jasaten du:

« Cú Chulainnek gorputza okerrarazi zion espasmo moduko bat jasan zuen, munstro itxurako izaki bat zirudiela, itxuragabekoa, ikaragarria eta paregabekoa. Bere hanka eta artikulazioak, hatz kozko eta gorputz organo guztiak, burutik oinetara, uholdeetan zegoen zuhaitz baten moduan astintzen ziren edo korronte bat pairatzen zuen zumitz baten moduan. Bere gorputza bere azalaren azpialdean oldarki erauzi zen, bere hanka eta hanka-hezurrak atzeraka biratu zirelarik, orpo eta izterrak berriz aurrerantz. Bere buruko nerbioak garondoraino luzatu zitzaizkion, beraietako bakoitza helduleku boteretsu, mugagabe eta neurrigabe baten antzera, hilabete bateko ume baten buruaren neurrikoa zirudiela. Bere begietako bat bere garezurrean erabat sakon barneratu zen, hegan zihoan kurrilo basati batek begiaren ikuspegia bere begi masail inguruan galtzeko moduan. Beste begia berriz, begi masailetik zintzilik zuen. Bere ahoa modu arraroan okertua zegoen eta atzeraka luzatutako begimasailek bere masailezur gordina utziz, bere gibel, birika eta erraiak agerrarazten zizkion, hauek denak bere aho eta zintzurrean kulunkatzen ziren, bere behekaldeko masailezurrak goialdekoari kolpe izugarri bat eman zion, lehoi bat hiltzeko adinekoa, eta ahuntz baten artilearekin zeuden txinpartadun maluta handiak ateratzen zitzaizkion ahotik. Bere buruko ileak zulo batean trabatutako arantza bateko adarren antzera okertzen ziren; sagarrondo bateko fruituak bere gainean erori ezkero, apenas iritsiko zen sagarrik lurrera, amorru biziz bere ile tenteetan iltzatuz.  »
Thomas Kinsela (irlanderatik ingeleserako itzultzailea), The Táin, Oxford University Press, 1969, pp. 150-153

Cú Cullainek Connachteko gudaroste erasotu eta ehunka gudari hil zituen, beren gorpuak bata bestearen gainean pilatu eta horma edo paretak osatuaz. Connachteko Maeb erreginaren gortean atzerriratua dagoen Cú Chulainnen aita ordea bidali zuten honen aurka egiteko, Cú Chulainnek amore ematea onartzen du, betiere Fergus etorkizunean berriz ere topatzean azken honek Cú Chulainni mesedea itzularazteko baldintzapean. Amaitzeko, Cú Chulainn hiru egun luzez iraungo duen borroka nekagarri batean bere lagun min eta anaia ordeko den Ferdiaden aurka borrokatzen da Áth Fhir Diadh deritzon pasabidean (Ardee delako lekuan, Loutheko konderria.

Ulsterko gizasemeak matxinatu egiten dira, lehenbizian banan-banan eta gero denok batera. Azken borrokaldia hasten da eta Cú Chulainn bere aurreko borrokaldien zaurietatik indarberritzeko atzealdean mantentzen da, Fergus aurrerantz datorrela ikusten duenean. Cú Chulainn berriz ere borrokan sartzen da eta Fergusi aurre egiten dio, honek beraien arteko aurreko tratua bete eta amore ematen du, bere gudarostea borrokatik baztertuz. Connachteko gainontzeko aliatuen artean beldur-ikara nagusitzen da eta egoerak Maeb erregina ihes egitera behartzen du. Une desegoki honetan Maeb erreginak hilabetekoa du, eta nahiz eta Fergusek Maeb babesteko bere inguruan zaindariak jarri, Cú Chulainnek zaindariak engainatu eta Maeb erregina bereganatu egiten du. Halere, bere bizia barkatzen dio, emakumeak hiltzea ez baitzaio ongi iruditzen eta Maeb erreginaren Conachterako atzeraldian Athlonera laguntzen dio.

Cú Chulainn-en heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cúchulainnen heriotza

Maeb erreginak Lugaid (Cú Roy-en semea), Erc (Cairbre Nia Fer-en semea), eta Cú Chulainnek hil zituen beste batzuen semeekin Cú Chulainn hiltzeko konspiratu zuen. Cú Chulainnen patua aldez aurretik idatzita zegoen, beregain zegoen geasa edo zina haustean. Zin honek txakur haragia jateko debekua barne hartzen zuen, bai eta Irlandaren hastapenetan norbaitek eskainitako abegikortasunaren ukazioaren aurkako sinesmena. Hau honela, emakume zahar eta itsusi batek Cú Chulainni txakur haragi plater bat eskaini zionean, Ulsterko gudari gazteak ez zuen bere geasa edo zina haustea baino beste aukerarik izan. Modu honetan izpiritualki ahulduta gelditu zen aurreikusia zegoen borrokarako.

Lugaidek hiru lantza magiko egitea agintzen du eta eurekin errege bat eroriko dela profetizatzen diote. Aurrenekoarekin, Láeg hiltzen du, Cú Chulainnen gurdi-laguntzailea edo gidaria, gurdi gidarien erregea. Bigarrenarekin, Liath Macha hiltzen du, Cú Chulainnen zaldia, zaldien guztien erregea. Hirugarrenarekin, Cú Chulainn bera heriotzez larriki zauritzen dute. Orduan, Cú Chulainnek bere burua harri handi batetara lotzen du zutik mantentzeko asmoz. Harri hau, ohituraz, gaur egun oraindik Louth Konderriko Knockbridge herrian dagoen batekin identifikatzen da. Cú Chulainn heriotzaraino borrokatu izan zela kontatu ohi da, eta bera bizirik zegoen artean bere etsaiek ez ziotela erasorik egin beldurraren-beldurrez, bele batek odol egarriz Cúchulainnen sorbalda batean kokatu zen arte. Hau izan zen Cú Chulainnen heriotzaren ezaugarria eta honela jakin zuten etsaiek hila zegoela. Ondoren, Lugaid-ek burua moztu zion, baina hau egiteko unean, Cú Chulainnen ezpata erori eta Lugaidi eskua moztu zion.

Conall Cernachek Cú Chulainn bera baino lehen hiltzen bazen bere heriotza eguzkia sartu baino lehen mendekatuko zuela zin egin zuen. Cú Chulainnen heriotzaren berri izan zuenean, Lugaiden atzetik abiatu zen. Lugaidek esku bat galdu zuenez, Conallek bere esku bat gerrikoan loturik zuela borrokatu zen eta modu horretan garaipena lortu zuen, bere zaldi batek Lugaid albo batean hozkatu baitzuen. Conallek Erc ere hil zuen eta bere burua Tara hirira itzuli zuen, han bere arreba Achall anaiaren heriotzaren saminez hil zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Cúchulainn edo Cú Chulainn (Speaker Icon.svg Ahoskera (i · ?)) irlanderazko izenaren ahoskera, euskaldun batentzat, Kü Jülan izango litzateke gutxi gorabehera (j, gipuzkerako jan hitzean bezala; eta ü zubererazko Altzürükü hitzean bezala).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Cúchulainn Aldatu lotura Wikidatan