Txantiloi:2015-30 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Haur bat kulunka batean jolasean.

Haur-jolasa haurren jolas izateaz gainera, haurrak ingurunea ezagutu eta berarekin harremanetan jartzeko modu bat da eta honenbestez adimena garatzeko ezinbesteko tresna ere bai. Haurraren adina eta garapena zein den, jolas ezberdinetan arituko da, mundua ezagutu eta bertan bere burua txertatzeko dituen beharrak kontuan harturik. Horrela, jolasa jolasten ari den haurraren nortasunaren adierazgarria da, jolasak azalerazten dituen bizipen eta sentimenduen bitartez eta jolasaren beraren sinbologiaz. Gainera, haurrak errealitatea eraldatu egiten du jolas sinbolikoen bitartez, bailitzan jolastuz (panpinekin, esaterako), baina aldi berean eta horregatik ere, haurraren inguruko kulturaren adierazgarri nabarmenak ere badira. Adibidez, gizarte zenbaitetan jolas kooperatiboak bultzatzen dira, taldea lehenetsiz; beste zenbaitetan haurrak jokoan irabaztearen garrantzia nabarmentzen da, ikuspuntu indibidualista batetik. Haur-jolasetan jostailua agertu ohi da, gainera: bere garrantzia eta erabilgarritasuna jostailuarekin aritu behar den jolasak ezarriko du. Jostailua trantsizio-objektu moduan ere da garrantzitsua. Jean Piaget izan da haur-jolasen arloa aztertu duen pertsonaia nabarmenetako bat, haur-jolasetan aro ezberdinak bereiziz. Maria Montessorik eta beste hezitzaile zenbaitek ere jolasak haurraren garapenean duen garrantzia azpimarratu dute.