Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Herriko futbol zelaien artikulu honetan, gizonezkoen Espainiako futbol ligako lehen mailan jokatzen duten Euskal Herriko taldeen estadioak jaso dira.

San Mames[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilbo hiriko Athletic gizonezkoen taldearen estadioa da, bai eta emakumezkoen Athletic taldearena ere. Katedrala ezizenez ezaguna da. San Mames 2015. urteko munduko kirol-eraikin hoberena izendatua izan zen. San Mames zaharrak 40.000 pertsonarentzako lekua zuen. 1913ko abuztuaren 21ean zabaldu zuten. San Mames berrian, aldiz, 50.000 eta 55.000 bitarte ikuslerentzako tokia dago. Zelai berria 2014ko abuztuaren 15ean amaitu zuten.

Anoeta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia hiriko Erreala gizonezko taldearen estadioa da; bai eta, noizbehinka, emakumezkoen Erreala taldearena ere. Anoetako estadioak aurreko Atotxa (1913-1993) zelai txuri-urdin mitikoa ordeztu zuen. 2017-2018 artean estadio berriaren eraldaketa lanei ekin zaie eta 2019ko udazkenean amaituak egotea espero da. 32.000 pertsonarentzako eserlekuak ditu, guztiak teilatupean. Zelaiak 70 metro neurtzen ditu zabalean eta 105 metro luzetara, eta horrez gain, 2017-2018 denboraldirarte atletismo pista bat ere bazuen. 2006 urtean Beteranoen Atletismoko Mundialak jokatu ziren bertan.

Sadar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñea hiriko Osasuna taldearen estadioa da. 2005etik 2013ra bitartean Reyno de Navarra (Nafarroako Erresuma) izena izan zuen. Zelaia 1963ko irailaren 2an eraiki zen, 18.761 ikusle hartzeko edukiera du eta joko eremuak neurri hauek ditu: 105 m luze eta 67,5 m zabal.

Mendizorrotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteiz hiriko Deportivo Alavés taldearen estadioa da. Mendizorrotza auzoan dago. 19.200 pertsonarentzako edukiera du, eta joko zelaiak 105 m luze eta 67 m zabal neurtzen ditu. Gaur egun, Espainiako futbol liga txapelketako hirugarren estadiorik antzinakoena da, El Molinón eta Mestallaren ondoren. Etorkizunean Alavesek Mendizorrotza eraldatu eta edukieran 32.000 ikusleetara handitzeko asmoa aurkeztu du.

Ipurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eibar hiriko Eibar KE taldearen estadioa da; bai eta, noizbehinka, emakumezkoen Eibar KE taldearena ere. Guztira 6.267 pertsona sartzen dira, denak eserita. Zelaiaren berdeguneak 103 m luze eta 65 m zabal neurtzen ditu.