Txikipedia:Fantasiazko literatura

Wikipedia, Entziklopedia askea

Fantasiazko literatura fikzio mota edo genero bat da. Fantasiazko istorioek irudimenezko mundu edo mundu exotikoetan dauden pertsona edo izaki magikoei gertatzen zaizkien istorioak kontatzen dituzte. Istorio horiek haur nahiz nagusientzako entretenigarriak izaten dira. Haur literaturako lan asko fantasiazko literaturaren parte dira. Idazle askok, hala nola Jules Verne, Roald Dahl, Tolkien eta J.K. Rowlingek, irudimenezko munduetan oinarritutako liburuak idatzi zituzten haur eta gazteentzat eta bertan, hainbat  izaki mitiko edo magiko azaltzen dira. Irumenezko mundu horiek «margotzeko» hizkuntza eraikiak erabiltzen dira sarritan.

Zientzia fikzioa fantasia mota bat dela esan daiteke, baina bi horien artean desberdintasunak daude. Zientzia fikzioak etorkizunean gertatzen diren istorioak kontatu ohi ditu eta zientziaren edo teknologiaren alderdiren batean oinarritzen da.

Fantasiazko literaturaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fantasiazko literatura generoa aspaldiko Homero poeta greziarrarekin hasten da, zeina K.a. 800 edo 700 urtean bizi zen. Haren poema klasikoak, hau da, Odiseak, izaki mitiko eta jainkoak aurkezten zituen. Ingelesezko literaturako lehen obretako bat, Beowulf, fantasiazko poema bat da, zeina seguruenik k.a. 750 inguruan idatzi zen. Poeman, Beowulf printzea gizakiak izutzen dituzten munstro gaiztoen aurka borrokatzen da. 1595-96 inguruan, berriz, William Shakespearek Uda-gau bateko ametsa idatzi zuen, maitagarriez eta magiaz betetako baso batean dauden gizaki batzuei buruzko fantasiazko lan bat.

1726an, Jonathan Swiftek Gulliverren bidaiak argitaratu zuen. Liburu horretan, Lemuel Gulliver bidaiariak lurralde arrotzetan izandako abenturak kontatzen dira. Liliputen sei hazbeteko altuera baino ez duten hango biztanleak ezagutzen ditu eta Houyhnmen izeneko zaldi adimentsuen lurraldera ere bidaiatzen du. Lewis Carrollek ere idatzi zituen fantasiazko nobelak, ezagunena Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian (1865). Liburu horretan, Alicek lo hartu eta mota guztietako izakiak dituen abentura bitxia izaten du ametsetan.

XX eta XXI. mendeko liburu ospetsu asko ere fantasiazko generoaren barruan daude. 50eko hamarkadan, J.R.R. Tolkienek Eraztunen Jauna nobela idatzi zuen. Tolkienek Erdialdeko Lurraldea izeneko fantasiazko mundua sortu zuen, baita Elvish izeneko lengoaia bat ere. Erdialdeko Lurraldean, mota askotako izakiak bizi ziren, hala nola elfoak, ipotxak, magoak eta hobbitak. Pertsonaia horiek beraien mundua gaizkitik salbatzeko abentura epiko bat bizi zuten dute.

Fantasiazko bilduma berrienetako eta salduenetako bat J. K. Rowlingen Harry Potter da. Harry Potter magia eskola batera joaten den mago gazte bat da. Bertan, zenbait gauza ikasten ditu, esate baterako, makilatxo magikoa erabiltzen, edabeak sortzen eta erratz gainean ibiltzen den Quidditch izeneko hegaldi-joko batean jolasten. Harry Potter Ingalaterrako mundu errealean bizi da, baina mago ez diren gehienek ez dakite mundu magiko bat dagoela haien inguruan.