Wikipedia, Entziklopedia askea
U2 rock talde irlandarraren kontzertua

Rocka musika estilo bat da. Ziurrenik, rock musikak beste edozein musika motak baino zale gehiago izan ditu 1950eko hamarkadan sortu zenez geroztik.

Rock musikak estilo eta forma asko izan ditu urteetan zehar. Rock musika gehienak erritmo indartsua dauka eta ia beti kantari edo abeslariengan zentratzen da. Askotan, gitarra elektrikoak sartzen ditu bateriarekin, baxu elektrikoarekin eta, batzuetan, pianoarekin edo organoarekin batera. Rock musikari batzuek saxofoiak, tronpetak eta bestelako haize-instrumentuak ere erabiltzen dituzte beren musikan. Rock musikaren barruan sartzen dira Country rocka, Heavy metala, rock alternatiboa, punk rocka eta beste estilo asko ere.

Non eta noiz sortu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika estilo hau 1950eko hamarkadan agertu zen lehen aldiz Amerikako Estatu Batuetan. Hasieran, Rock and roll izena izan zuen. Beste musika estilo batzuetatik abiatuta garatu zen, bereziki herri musika afroamerikarretik (rhythm and blues izenekoa) eta Country musikatik.

Chuck Berry izan zen Rock and rolleko lehen abeslari eta musikagileetako bat izan zen. Elvis Presley izan zen Rock and rollaren lehen superizarra. Rockaren lehen garaiko beste artista ospetsu batzuk Little Richard, Bill Haley, Bo Diddley eta Buddy Holly izan ziren.

Musika estilo hau sortu zenean, nerabeak eta neska-mutil gazteak ziren rock and rollaren zalerik handienak. Gazteek indartsu eta egiazkotzat hartzen zituzten sentimenduak adierazten zituzten Rock and roll abestiek; heldu askok, aldiz, musika basatiegia zela pentsatzen zuten.

Hurrengo hamarkadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joan den mendeko 50eko hamarkada amaitu ondoren, Rock-and-rolla modu askotan aldatu zen. Gero eta gehiago, rock musika deitzen hasi zitzaion. Laster, munduko beste leku batzuetara ere zabaldu zen. Europan, 60ko hamarkadaren hasieran, talde asko sortu ziren Erresuma Batuan arrakasta handiz: besteak beste, The Beatles, Led Zeppelin, The Rolling Stones eta The Who. Hamarkada horretan, Estatu Batuetako rock izarren artean, The Beach Boys, Bob Dylan, Janis Joplin, The Grateful Dead eta Jimi Hendrix zeuden.

1970eko hamarkadan agertu ziren rock artista eta talde ospetsuenetakoak Aerosmith, Bruce Springsteen, Kiss, Talking Heads, The Clash eta The Police izan ziren.

80ko hamarkadan, berriz, Guns N' Roses, Madonna, Prince, Red Hot Chili Peppers, R.E.M. eta U2 eta nabarmendu daitezke.

1990eko hamarkadan eta XXI. mendearen hasieran, aldiz, Nirvana, No Doubt, Pearl Jam, Radiohead, eta Wilco izan ziren rock artista eta talde nagusietako batzuk.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadan, Euskal Rock Erradikala izenekoak lortu zuen sona handia Hego Euskal Herrian. Hainbat estilo sartzen ziren, hala nola punka, rocka, ska eta reggaea. Talderik entzunenak La Polla Records, Hertzainak, Potato, Barricada, Zarama eta Kortatu izan ziren. Rocka euskaraz egiten hasi ziren lehen taldeak Zarama eta Hertzainak izan ziren, hain zuzen; Kortatu gaztelaniaz hasi zen baina geroago euskara sartu zuen bere musikan.

Entzun rock musika pixka bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen duzu Italiako rock talde batek grabatutako musika zati bat:

      Entzun!