Vasco da Gama

Wikipedia, Entziklopedia askea
Vasco da Gama
Vasco da Gama
Vasco da Gama. Gregorio Lopesen margolana.
Datu pertsonalak
Jaio 1469 aldean
Sines (Portugalgo Erresuma)
Hil 1524ko abenduaren 24a
Kochi (India)
Bikotekidea(k) Catarina de Ataide
Lanbidea nabigatzailea eta esploratzailea
Sinadura

Vasco da Gama (Sines, Setubal, Portugal, 1469 - Kochi, India, 1524ko abenduaren 24a) portugaldar nabigatzaile eta esploratzailea izan zen. Esperantza Oneko lurmuturra inguratuz Indiara iritsi zen lehen europarra izan zen.

Bizitza

Familia noble batean jaio zen, ziurrenik 1460–1469 bitartean, Sinesen, Portugalgo hego-mendebaldeko kostaldean. Haren aita, Esteban da Gama, 1460. urtean Fernando Portugalen etxeko jaun bat izan zen. Ezer askorik ez dakigu Vasco da Gamaren haurtzaroari buruz; Teixeira de Aragão historialari portugaldarrak dio Evoran ikasi zuela matematika eta nabigazioa. Bistan denez, Vasco da Gamak bazekien astronomia eta baliteke Abraham Zacuto astronomo espainiar juduarekin ikasi izana.

1492. urtean, Joan II.a Portugalgoak Vasco da Gama Setubalgo portura bidali zuen, Lisboako hegoaldera, Algarven frantses ontziak harrapa zitzan, bake denboran frantsesek portugaldarren aurka eginiko bandalismo ekintzen errepresaliatzat.

Espeziak lantzen zituzten herrialdeak aurkitzeko agindu zion erregeak, Espainiari aurrea hartzearren. 1497ko uztailaren 8an Tajoren ertzeko Belemgo portutik irtendako espedizioaren buru izan zen, Afrikako itsasbazterra inguratu eta Indiaraino iristeko asmoarekin. Mozambiketik pasa ondoren, 1498ko maiatzaren 20an Calicutera iritsi zen eta 1499an Lisboara itzuli. Portugalgo Manuel I.a erregeak Indietako almirante izendatu zuen. Beste bi aldiz joan zen Indiara; bigarren bidaldian Afrikako itsasertzean Sofalako eta Mozambikeko koloniak sortu zituen. Portugalen mendeko Indiako kolonietako erregeordea izan zen 1524an.

Malariaz hil zen 1524. urtean Kotxinen

Vasco de Gamaren gorpua Kotxingo San Francisco elizan hilobiratu zuten, baina 1539an, Vidigueirako karmeldar komentu bateko elizan lurperatu zuten eta 1880an, Lisboako Jenonimotarren monasterioan.

Lehenengo bidaia

1497ko uztailaren 8an atera ziren Portugaletik Afrikako kosta inguratzeko, Esperantza Oneko lurmuturra pasatzeko eta India aurkitzeko asmoz. Afrika inguratuz joan ziren Kanariar uharteetatik, Cabo Verdetik eta Sierra Leonatik. Abenduaren 16an, Hego Afrikako ekialdera heldu ziren; 1498ko martxoaren 2an, Mozanbikera; eta 1498ko maiatzaren 20an, Calicutera (India). Hondartzara heltzean, indioek santu moduan hartu zituzten eta haien gauza preziatuenak eman zizkieten Vasco de Gamaren tripulazioari.

Itzulerako bidaia Portugalera 1498ko abuztuaren 28an hasi zuten eta Lisboara 1499ko irailean iritsi.

Vasco da Gama kulturan

Haren izena daramate Goako herri batek, zubi batek eta dorre batek Lisboan, futbol talde zenbaitek eta Ilargiko krater batek. Halaber, Portugalgo escudo-billete batean haren irudia ageri zen.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vasco da Gama Aldatu lotura Wikidatan