William Wordsworth
William Wordsworth (Cockermouth, Cumberland, Ingalaterra, 1770 - Grasmere, Westmorland, Ingalaterra, 1850) ingelesezko poeta izan zen.
Bizitza [aldatu]
Ingalaterrako iparraldeko aintziren eskualdean jaio zen, eta hango paisaiak eragin handia izan zuen idazlearen haurtzaroan eta literatura-lanetan. Ikasketak Cambridgeko Unibertsitatean amaitu ondoren, Europan zehar ibili zen bidaiari; Frantziako Iraultzaren aldeko agertu zen. Garai hartan idatzi zuen An Evening Walk (1793, Ibilaldia arratsaldean) poema.
1795ean, nekazaritza-eremuko etxe batean hartu zuen bizilekua, eta Samuel Taylor Coleridge poeta eta kritikariaren adiskide egin zen. Handik hiru urtera, harekin batean Lyrical Ballads poesia-bilduma argitaratu zuen, ingeles erromantizismoaren bilakaeran eragin handia izan zuena.
1799an Grasmeren jarri zen bizitzen (aintziren eskualdea), ezkondu egin zen, eta poesiak idazteari ekin zion. 1805ean Ode: Intimations of Immortality (Oda hilezkortasunari) poema ospetsua idatzi zuen; garai berean The Prelude (Preludioa) poema-bildumen zirriborroa aurreratu zuen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.