1920ko hamarkada: Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista

Wikipedia, Entziklopedia askea

1920ko hamarkada erabakigarria izan zen Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistarentzat, izan ere garai honetan hasi zen Hitlerren boterearekiko igoera. Honek 1919an izan zuen hatsarrea, Alemaniako Langileen Alderdian sartzean, beranduago Alderdi Nazia bihurtuko zena. Partidu honek politika antisemita eta antimarxistak defendatzen zituen, eta hauekin batera pangermanismoa eta alemaniako “arraza arioa” delakoaren nagusitasuna gainerako “arrazen” gainean. Beren diskurtso supremazistaren bidez gutxinaka jarraitzaileak batuz joan ziren, Lehen Mundu Gerra ostean Alemaniak jasandako krisi sozial eta ekonomikoagatik gogaituta. Estatu kolpe baten saiakerarekin porrot egin ostean, Hitler gartzelaratu zuten, baina 1924ean hau gartzelatik atera eta botererainoko azpijokotan hasi zen, 1930eko hauteskundeetan bigarren indar politikoa bilakatu zen arte.  

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1919an, Adolf Hitler armadako beteranoa, Alemaniak Lehen Mundu Gerran nazioa ekonomikoki deprimituta eta politikoki ezegonkorra utzi zuen porrotarekin etsita, Alemaniako Langileen Alderdia (alemanez: Deutsche Arbeiterpartei) izeneko erakunde politiko berrian sartu zen. Urte horretan bertan sortu zuten gizon talde txiki batek, besteak beste, Anton Drexler sarrailagileak (1884-1942) eta Karl Harrer kazetariak (1890-1926). Alderdiak Alemaniako nazionalismoa eta antisemitismoa bultzatu zituen eta Versaillesko Ituna Alemaniarekiko injustoa izan zela uste zuten, izan ere gerra amaitutzat eman zuen soluzioak Alemaniari, inoiz ordaindu ezin zituen erreparazioak eskatu zizkion. Hitler laster agertu zen hizlari karismatiko gisa eta kide berriak erakartzen hasi zen judu eta marxistei Alemaniaren arazoen errua leporatzen zieten diskurtsoekin eta muturreko nazionalismoa eta "arraza maisu" aria kontzeptua defendatuz.[1]

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1920ko otsailean lehen mitina izan zen, honetan Hitlerrek alderdiaren 25 puntuak (antisemitismoa, pangermanismoa, etab.) irakurri zituen. Bi mila pertsona inguru bildu ziren eta alderdiak bere izena aldatu zuen Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistara (alemanieraz: Nationalsozialistische Deutsche Arbeiterpartei). 1921eko uztailean, Hitlerrek erakundearen zuzendaritza bere gain hartu zuen, ordurako Alemaniako Langileen (Nazien) Alderdi Sozialista Nazionalista izena hartu zuena.[2]

Municheko Putscha[3][aldatu | aldatu iturburu kodea]

1923an alderdiak 55.000 kide zituen. 1923ko azaroaren 9an, Hitler Weimarreko gobernuak jasan zuen hiperinflazio krisia aprobetxatuz eta Munichen iraultza bultzatuz (Munich Putsch izenarekin ezagutzen dena), estatu kolpe bat ematen saiatu zen, 16 kide eta 4 polizia hil ziren saiakeran. Hauek izan ziren Estatu Kolpea ematea erabakitzeko arrazoi nagusiak:

  1. 1923rako, alderdi naziak 55.000 kide zituen eta inoiz baino indartsuagoa zen.
  2. Weimarko Errepublika krisian zegoen hiperinflazioaren ondorioz.
  3. 1923ko irailean, Weimarreko gobernuak Ruhrko greba orokorra bertan behera utzi zuen, Frantziako inbasioaren ondoren.
  4. Abertzale alemaniarrak haserre zeuden gobernuarekin.
  5. Hitlerrek pentsatu zuen Bavarian politikari nazionalista garrantzitsuek lagunduko zutela.
  6. Hitlerrek SAko kidez osatutako armada izugarria zuen, baina bazekien haien kontrola galduko zuela zer eginik ematen ez bazien.
  7. Hitlerrek Mussoliniren eredua jarraitu nahi zuen.

Honetaz gain, esan izan da Errusiar Iraultzaren ereduak beldurra sartu zuela Alemanian, honela azaltzen dute Britannicako editoreek: “The regime of the Weimar Republic was challenged from both right and left in Germany throughout the early 1920s, and there was widespread fear of upheaval on the model of the Russian Revolution.”[3]

1923ko hiperinflazio krisian, Hitlerrek bi politikari nazionalistekin - Kahr eta Lossow - Munich iraultza batean nola hartu planifikatu zuen. Hitlerrek alderdia bildu zuen eta matxinatzeko prest egoteko esan zien. Gauzak laster hasi ziren okertzen, izan ere, 1923ko urriaren 4ean, Kahr-k eta Lossow-k matxinada bertan behera utzi zuten. Hitlerrentzat oso egoera zaila izan zen, 3.000 soldadu borrokarako prest baitzituen.

1923ko azaroaren 8ko gauean, Hitler eta SAko 600 kide Kahr-k eta Lossow-k bertako Garagardo Aretoan egiten ari ziren bileran azaldu ziren. Pistola bat astinduz, Hitlerrek matxinatu eta gero etxera joatera behartu zituen. Hitlerrek Ludendorff jenerala, gerrako heroi alemaniarra, bere iraultzaren alde egiteko konbentzitzea ere lortu zuen. SAk armadaren egoitza nagusia eta bertako egunkariaren bulegoak hartu zituen.

Hurrengo egunean, 1923ko azaroaren 9an, Hitler eta SA Munichera joan ziren boterea hartzeko garaipen martxara zihoazelaz konbentzituta. Kahrrek polizia eta armadako errefortzuak deitu zituen eta poliziak SAko 16 kide hil zituen liskarra eman zen, 4 polizia ere hil ziren bertan.

Boterea hartzeko aukera ezin hobea zirudien, baina planifikazio eta epaiketa okerren ondorioz ez zuten arrakastarik izan beraz. Guzti honen ondorioz alderdi nazia debekatu zuten eta Hitlerri 1927ra arte jendaurrean hitz egitea galarazi zitzaion. Honetaz gain Hitler goi traizioagatik (bere herrialdea traizionatzeagatik) epaitu zuten eta bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Municheko Putsch-a porrot bat izan zen epe laburrean, baina naziek boterera iristeko gertakari garrantzitsua ere izan zen, izan ere Hitlerrek bere epaiketa estrategia politiko gisa erabili zuen. Weimarren gobernuaren aurkako eztabaidak hedabideen estaldura handia lortu zuen. Zortzi hilabete baino ez zituen eman espetxean, eta denbora horretan  nazien sinesmenak jasotzen zituen propaganda liburua, Mein Kampf, idatzi zuen. Milioika alemanek irakurri zuten eta Hitlerren ideiak oso ezagunak bihurtu ziren.

Hitlerrek ikusi zuen iraultzaren bidez inoiz ez zela boterera helduko eta bide demokratikoak erabiliko zituela, beraz, alderdia berrantolatu zuen hauteskundeetan parte hartzeko helburuarekin.

1928ko bukaeran alderdiak 130.000 bazkide zituen. 1929ko martxoan hauteskunde presidentzialetara aurkeztu zen eta 280.000 boto baino ez zituen lortu. Alderdi honen eta Alderdi Komunistaren arteko liskarrak areagotzen hasi ziren: bata bestearen emanaldiak zapuzten saiatzen zen alderdiko partaideak bidaliz aurkariaren hitzaldiak oztopatzera, edota kuartel nagusien aurrean tiroka zebiltzan talde bat bestearen aurka.

1930eko urtarrilaren 14an Horst Wessel, Alemaniako Alderdi Nazionalsozialistako aktibista, Alemaniako Alderdi Komunistaren miliziar batek erail zuen. Wesselek abesti bat zeukan idatzia lehenagotik, Hitlerren miliziei eskainia, honen hiletan propaganda bezala erabili eta beranduago Alderdi Naziaren ereserki bilakatuko zena: Horst Wessel Lied.[4] Urte berean Hitleriar Gazterian edota Alderdi Nazionalsozialista berberan parte hartzea debekatu zen hainbat probintzia alemaniarretan, baita hauekiko sinbologia eta goraipamenak be. Hala ere, Alderdiak garaipen sinestezina lortu zuen parlamentuan: 6 milioi boto inguru.

1924-1929. Alderdi Nazionalsozialistaren urte eskasak.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1924tik 1929ra arteko epea Alderdi Naziaren "urte eskasak" bezala ezagutzen da kideen kopurua asko igo zen arren, bere kideak 1925ean 27.000 izatetik 1929an 130.000 izatera igo zen, Reichstag-ean eserlekuak lortzeko hau nahikoa izan ez zelako. Boterea metodo demokratikoen bidez lortzeko erabakia jarraitzeko, alderdiak egitura nazionala behar zuen kideak erakartzeko, politikak garatzeko eta kanpaina egiteko. Hitlerrek 1925 eta 1926 urteetan ezarri zuen hori. Estruktura berri bat eman zitzaion alderdiari, agintari nagusia Hitler izango zen, bere azpitik SS-ak, hauen azpitik lidergo organoa, alderdiko kideak eta azkenik Hitleriar Gazteria.

Kartzelan zegoela, Hitlerrek Mein Kampf (euskaraz: «Nire Borroka») izeneko liburua idatzi zuen, autobiografia-manifestu bat zena, bere sinesmen eta asmo politikoak azalduz. Liburuan jasotako ideia askok zuzenean jakinarazi zuten nazien politika 1933an Hirugarren Reich-en agindupean, besteak beste: Juduak alemaniar ariarrekiko arraza txikiagoa zela uste izatea eta Alemaniako estatuarentzako mehatxu bat zela pentsatzea. Gobernu sistema parlamentarioa suntsitu eta diktadore bakar eta indartsuarekin ordezkatu beharra aldarrikatzea. Alemaniak Lebensraum edo bizitzeko espazioa izateko baldintza, gero eta biztanleria handiagoa izateko. Horrek Alemania Ekialdera Polonia eta Errusiara hedatzea eskatzen zuen.

Beste propaganda tresna bat 1926ko Bambergeko Konferentzia izan zen. Hitlerrek 1926ko otsailaren 14an Alderdi Nazi konferentzia berezia deitu zuen Alemaniako hegoaldeko Bambergen, alderdiaren iparraldeko eta hegoaldeko sekzioen arteko tentsioari erantzuteko. Kartzelan egon zen garaian desadostasunak areagotu ziren bi atalen artean: Iparraldeko atalak, Gregor Strasser izeneko gizon bat buru zela, 25 puntuko programako elementu sozialistak azpimarratu nahi zituen langileen laguntza erakartzeko. Hegoaldeko sekzioa politika nazionalista eta arrazistetan interesatuta zegoen, klase ertainen eta nekazarien laguntza erakartzeko.

Jardunaldiaren emaitzak hauek izan ziren: Hitlerrek azpimarratu zuen komunistatzat margotu zitezkeen politikak, hala nola aberatsei lurrak hartzea, ez zirela jarraituko. Hala ere, konferentziak 25 puntuko programa berretsi zuen, bere ideia sozialistekin, alderdiaren politika plataforma gisa. Horrez gain, Hitlerrek Fuhrerprinzip edo 'Lider Printzipioa' ezarri zuen, alderdiko buruzagia erabateko kontrolean zegoela eta kide guztiek bere jarraibideak jarraitu behar zituztenaren ideia alegia. Ez zen espero edo onartuko horren aurkako desadostasunik.

Alderdiaren garapen hori guztia gorabehera, 1928rako oraindik naziak politikaren mugan zeuden Weimar Alemanian hainbat arrazoirengatik: 1923. urtearen ondoren, moneta berria sartzeak eta Dawes Planak Weimarren ekonomia iraultzen lagundu zuten eta alemanak oparoago sentitzen hasi ziren. Planaren barruan, Amerikak 800 milioi marka mailegatzea onartu zuen Alemaniari (nahiz eta horrek gero arazoak sortuko zituen). Horren ondorioz, Alemania politikoki egonkorragoa zen.

Alemaniarrek Errepublikaren alde egiten zuten alderdi moderatuen alde bozkatu zuten, hura abolitu nahi zuten naziak bezalako alderdi muturrekoagoen alde baino. Egonkortasun garaian, naziek juduek sortutako arriskuei eta demokrazia abolitzeko beharrari buruzko mezuak entzungor egin zituzten.

Hitler kartzelatu egin zuten eta orduan debekatu egin zuten jendaurrean hitz egitea 1927ra arte Municheko Putsch-aren ondoren. Horrek alderdiak kanpaina eraginkorra egitea eragotzi zuen. Alderdi naziak Weimarko agintarien etengabeko presioa jasan zuen Municheko Putsch-aren ondoren. Hainbat aldiz debekatu zuten nazio mailan edo Alemaniako zenbait lekutan. Hala eta guztiz ere, alderdia propaganda teknika eraginkorrak garatzen ari zen Joseph Goebbels-eko Berlingo Gauleiter-en eskutik, eta horri esker Alemaniak 1929tik aurrera jasan beharko zuen hondamendi ekonomikoa aprobetxatu ahal izango zuten.[5]


Propagandan oso paper garrantzitsua izan zuten Hitlerren kartzeleratzeak eta bertan idatzi zituen liburuek, History aldizkarian propaganda honek Hitler figura nazional bilakatu zuela ziurtatzen du, baita alderdiaren berreraikitzean eta hauteskundeen emaitzetan eragin handia izan zuela ere: “The publicity surrounding the Beer Hall Putsch and Hitler’s subsequent trial turned him into a national figure. After his release from prison, he set about rebuilding the Nazi Party and attempting to gain power through the election process.” [1]


1930. urtean Alderdi Naziak hondamendi ekonomikoa aprobetxatuz, Hitlerrek Boltxebikeen eta finantzari juduen kontra egin zuen. Honek, hauteskundeetan eragin zuen, Alderdi Naziak botoen %18 atera zuen eta bigarren indar politikoa izan zen, sozialdemokraten ondoren. Alderdi tradizional sozialisten beherakada, alderdi demokratikoen diferentziak eta ekonomiaren egoera okerragatik, Hitlerrek etekina atera zuen eta oposizioaren burua bihurtu zen. 1920ko hamarkadan Alderdiak hedatutako propaganda erabakigarria izan zen honen hazkundearekiko eta botererainoko heltzearekiko, izan ere hamar urte eskasetan Alderdia Alemaniako indar eragin-sortzaile garrantzitsuenetariko bat izatera ailegatu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) Editors, History. «Nazi Party» HISTORY (Noiz kontsultatua: 2021-04-30).
  2. (Gaztelaniaz) Schulze, Hagen. (2013). Breve historia de Alemania. Alianza Editorial.
  3. a b (Ingelesez) «Beer Hall Putsch | Facts, Summary, & Outcome» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2021-04-30).
  4. (Gaztelaniaz) Barcala, Jesús García. (2017). «Horst Wessel Lied: el himno de los nazis.» Ciencia Histórica (Noiz kontsultatua: 2021-04-30).
  5. (Katalanez) «Los 11 principios de la propaganda nazi de Joseph Goebbels» Altaveu (Noiz kontsultatua: 2021-04-30).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]