Edukira joan

Abaroa Jauregia

Koordenatuak: 43°21′53″N 2°30′18″W / 43.364618°N 2.504933°W / 43.364618; -2.504933
Wikipedia, Entziklopedia askea
Abaroa Jauregia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Lekeitioko hiri historikoa
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaLekeitio
Koordenatuak43°21′53″N 2°30′18″W / 43.364618°N 2.504933°W / 43.364618; -2.504933
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza 1891
Arkitektura
EstiloaFrantziako Bigarren Inperioaren estiloa
Ondarea
EJren ondarea53

Abaroa Jauregia, Agustindar Errekoletoen Komentu zaharra, 1891n Lekeition (Bizkaia) eraikitako jauregi dotorea da. Frantziako Bigarren Inperioko eraikina A. Feiner arkitektoak diseinatu zuen Jose Maria Abaroarentzat. Egituratik aipagarriena arbelezko teilatuak, fatxadaren goikaldeko apaindurak, eta eta balkoi korrituak dira.

Jauregiaren barrukaldea bitan banatzen zen, ohikoa zen moduan, batetik alde nagusia, eta bestetik zerbitzarien eremua, horrez gain, eraikin barruan kapera ere kokatzen zen. Abaroa jauregiaren elementu garrantzitsu bat aireztapen-sistema da, XX. mendea izateko nahiko aurreratua. Etxearen inguruan lorategi handi bat eta lan eraikinak zeuden, lorazainaren etxea esaterako.

1940ko hamarkadaz geroztik, jauregia Agustindar Errekoletoen egoitza da, eta bertan dauden erlijiosoek euren beharrizanetara egokitu zuten jatorrizko eraikina. Gaur egun, eraikina hutsik dago, erabilpen berriak ikertzen ari diren bitartean.

2015eko urriaren 6an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Puntu kardinaletara begirako eraikin koadrangularra da, arbelezko txapitula estalkidun sabaia duena. Zerbitzu-solairua, goiko hiru solairu eta estalkipeko solairua ditu.

Alfred Feinek egina da eraikina. Alfred Feine frantses eklektizismoko arkitekto ezaguna da eta bere ibilbidearen azken urteetan egin zuen jauregiaren proiektua. Planoak 1891. urtean izenpetu zituen eta planootan ezarritako antolaketa espaziala aldaketa gutxirekin gorde da. Dena dela, ez da ezer gorde jatorrizko altzarietatik, ez eta eraikinak hormetan zituen estalki eta tapizetatik ere.

Fatxada nagusiaren altxaera hierarkizatutako bost hutsarte-ardatzen bidez antolatua dago, erdiko ardatza apur bat aurreratua delarik. Bertan kokatua dago sarrerako ate handia, zerbitzu-solairuaren eta sarrera-solairuaren arteko erdiko altueran. Erdiko ardatzak bertikalean jarraitzen du harrizko balkoi baterako irispide batekin. Irispide horrek erdian txarro bat duen frontoi triangeluar, zatitu eta kiribilduaz koroatutako burualde zuzena du. Hutsune horren gainetik, bi hutsarteak zirkulu erdiko bi arkutxoren bidez ixten dituen leiho geminatuarekin jarraitzen du ardatzak. Hori guztia harriz eginda dago eta zutarri atxikiak eta harrizko kapitelak ditu alboan.

Fatxada horren beste hutsarteak eta izkinak ere zutarri atxikiz eta harrizko kapitelez inguratuta daude. Hutsarte guztiak balkoi erakoak eta irtenxeak dira. Sarrera-solairukoak giltzarri nabarmendun arku deprimitu lerrozuzen baten pean irekita daude. Gainerako solairuetan burualde zuzenekoak dira.

Erdiko ardatza frontoi triangeluar batek osatzen du, non argizulo batek zulatutako arbelezko ganga irteten baita. Erdiko ganga horren alboetan, eraikinaren estalkiak bi txapitula ditu. Frontoi zatituaren izkinetan, estalki guztia inguratzen duen harrizko baranda dago.

Ekialdeko albo-fatxadak hiru hutsarte-ardatz ditu, zutabe atxikiez inguratuak, eta erdiko ardatza pixka bat aurreratua dutela, zein friso oso apaindua duen frontoi lerromakur batek osatzen baitu. Fatxada horrek, lehen solairuan, erdiko balkoi bat du, toskaniar ordenako bi zutabe dotoreren artean. Solairu horretako alboko hutsarteak, bestalde, bi arku deprimitu zabalen pean kokatuta daude. Gainerako hutsarteak zirrimarratuak eta burudunak dira, eta zutabe atxikiz inguratuta daude. Estalkiak fatxadaren hiru ardatzak osatzen dituzten hiru txapitula ditu.

Mendebaldeko albo-fatxadak aurrekoaren osaera bera du, baina erdiko balkoirik gabe.

Egoitza-egitarauaren garapena funtsezko bi alderdik baldintzatzen dute, jabearen eta zerbitzuaren ibileren banaketa zorrotzak eta funtzio ezberdinen goitik beherako antolaketak.

Feine arkitektoak, jabeen eta zerbitzuaren ibilerek talkarik ez egiteko, hiru eskailera ezarri zituen: bi zerbitzukoak batak solairu guztiak zeharkatzen ditu erdisototik teilatuperaino, eta bestea erdisototik beheko solairura doa eta nagusia beheko solairutik hirugarren solairura igotzen dena. Nagusiak eta erdisotoko bigarrenak egurrezko egitura dute eta zerbitzukoak beltzez margotutako burdinurtuzko baranda eta egurrezko zangoak ditu.

Egitarauaren funtzioak bost mailatan antolatuta daude:

  • Erdisotoan, etxea atontzeko instalazioak zeuden: sukaldea, lisatokia, etxeko arropategia, ikaztegia, jakitegia, egurtegia, edaritegia, berokuntza-gela, plater-jasogailua (kendua), komuna eta bainugela. Gune guztiak gorde dira, baina funtzio ezberdinarekin; sukaldeak eta berokuntza-gelak bakarrik mantentzen dute euren funtzioa.
  • Beheko solairua eremu publiko irudikatzailea izateko burutu zen; eremu horrek komuna (jatorrizko egoeran gorde dena), plater-jasogailua (kendua), egongela, jantokia, billar-aretoa, liburutegia eta bi egongela (bat txikia eta bestea itxarotekoa) dituen erdiko atartea, eta sarrerako halla ditu. Atarteak eskailera nagusirako sarrera ixten duen egurrezko aurrealdea du. Gela guztiek gorde ez diren tximiniak zituzten. Egongela txikietara bidea irekitzen zuten eta atartearen aldeetan kokatuta zeuden bi altzariak desagertu egin dira.
  • Jabeen logelak (bost lehen solairuan eta sei bigarrenean), bainugelak (denak desagertuak) eta bigarren solairuan kokatua dagoen kapera daude lehen eta bigarren solairuetan. Fatxada nagusian kokatuta dauden geletara eta zerbitzuko eskailerara sarrera zuzena eskaintzen duen erdiko atartearen bidez antolatuta daude solairuok. Gela guztiek zituzten tximiniak; horietatik lehen solairuan dagoen bat bakarrik gorde da.
  • Zerbitzukoen gelak, sei denera, teilatupean zeuden, eta zerbitzuko eskaileratik bakarrik igo zitekeen bertara. Eraikinaren ebaketa-planoak kaperaren eremuaren gaineko argizuloaren kokapena jasotzen du.

Erabilitako materialei dagokienez, nabarmentzekoa da kareharri grisa, kanpoko eskailera, beheko solairuko harlandu-lan ildokatua, lehen eta bigarren solairuko balkoiak, eraikinaren eskantzuak, fatxadetan sartutako zutarri atxikiak, estalkiaren kiribildura guztia eta errematea emateko balkoi perimetrala estereotomia egokiz egiteko erabilia. Fatxadako elementu batzuk, balkoietako barandetako balaustradak eta ekialdeko fatxadako zutabeak, besteak beste, Ereñoko marmol gorriz eginda daude. Azken bi solairuetan fatxadek harlangaitz errebokatu eta margotuz egindako tarte bertikalak dituzte.

Estalkia osatzeko materialak arbela eta zinkezko (jatorrian berunezko) xafla dira.

Barrenean, bi jabe ezberdinek egindako aldaketak izan arren, eraikinak Feine arkitektoak asmatutako hasierako banaketa fideltasun handiz gorde du, gorde diren planoen azterketa eginez egiazta daitekeen bezala.

Bestalde, barreneko apainketan, arkitektura-diseinuari zor zaion dotorezia mantendu da, atartean, kaperan eta eskailera nagusiko kasetoiduran, hasieran bezala gorde diren guneetan ikus daitekeen legez.

Abaroaren botere ekonomikoa erakutsi nahi den sarreragunea da atartea. Kalitate handiko eta margo ikusgarrizko kolore ezberdineko marmolak, eskaiolak eta estukoak materialekin egindako apainketa zainduari esker eta barrenean solairu t'erdiko garaiera-aldea duen monumentu-eskailera eraikiz lortu da hori. Garaiera-aldea atartearen eszenografia-efektua indartzen duen eskailera-zatiarekin konpontzen da.

Etxebizitza burgesaren egituraren osagai bereizgarria da kapera eta, kasu honetan, fatxada nagusiaren antolaketaren barrenean erdiko lekuan kokatua dago. Apainketa oso landua du: diseinu eklektikodun eskaiolak sabaietan, egurrezko panelak zokaloetan eta kromatismo ikusgarriko beirateak leihoetan eta sarrerako atean.

Abaroa etxearen barreneko giroan, familia burges bakarreko egoitza handia denez, garrantzitsuak dira egur-lanaren kalitatea eta noblezia, hutsarteen, zoruen, zokaloen, sarrera-ateen, armairuen, eta eskailera nagusiaren eta eskailera irudikatzailearen kasetoiduraren arotz-lanean agertzen direnak.

Erdizka bada ere, jantokiaren diseinua ere gorde da, sabaiaren egurrezko kasetoiduran, itsas-zalditxo itxurako leihoen heldulekutan eta jatorrizko berokuntzaren saretxo batzuetan egiazta daitekeen bezala. Diseinu arruntagokoak izan arren, eremu publiko eta pribatuko geletan jatorrizko heldulekuak ere gorde dira.

Eskaiolak marrazki soilekoak dira, bai eremu partekatuan, bai gauekoan, gehiegi apainduak dauden argi-sabaietan izan ezik.

Lorategia eta eraikin atxikiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauregiaren inguruak eta horko zuhaitzen eta haien arteko eremuak osatzen dute Abaroa Jauregiaren lorategia; eraikuntza nagusira atxikita egon arren, ondoko hiri-inguruarekin lotura duen malda-guneko lorategi-eremua osatzen du. Jauregiaren inguruko sarrera bera da lorategiko sarrera, zeinak ibilgailuentzako sarbidearen ondoan oinezkoentzako beste sarbide bat baitu. Bi sarbideok itxituraren erremate horizontala osatzen duten harlanduzko zatiak eta ibilgailuentzako sarbidea inguratzen duten bi zutabetzarrak kokatzen diren eraikuntza sendoko harlanduzko hormaz mugatuta daude.

Harriaren gainean, ixteko burdin-hesiak diseinu eklektiko egokia du.

Lorategiaren elementu bereizle eta monumentu-multzoari dotorezia handiagoa ematen laguntzen duten bi eraikuntza gorde dira lorategian: glorieta edo te-gunea, alde batetik, eta bestetik, erremate-dorreak eta zaintzailearen etxeak osatzen duten multzoa. Bi horiek lorategiaren itxitura-hormaren ipar-ekialdeko erpinean kokatuta daude. Glorieta, berriz, mugatutako eremuaren ipar-mendebaleko erpinean kokatua dago; horren sototik abiatzen da tunela, alboko kalearen beste aldean kokatua dagoen lursaila eta Abaroa jauregiaren lorategia lotzen zituena. Gaur egun, tunela itxita dago.

Lorategiaren plano antolatzaileari dagokionez, eta urteetan zehar izan dituen aldaketak gorabehera, neurri handi batean antzeman eta berregin daiteke, lorategian bertan eraikitako eta aipatutako elementuen sarbideak marrazten diren jatorrizko planotik datoz-eta lorategiko ibilbideak.

Babesteko elementuen artean, lorategiko zati dira gaur egun lorategian dauden 100 cm-ko edo gehiagoko enbor-perimetroa duten zuhaitz guztiak, baita Piedadeko (Aitta Piela) baselizaren kalea zabaltzeko itxitura-horma lekuz aldatzeagatik lorategitik kanpo geratu dena ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa