Edukira joan

Pietatearen Kristo Santuaren baseliza

Koordenatuak: 43°21′52″N 2°30′20″W / 43.364423°N 2.505549°W / 43.364423; -2.505549
Wikipedia, Entziklopedia askea
Pietatearen Kristo Santuaren baseliza
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Lekeitioko hiri historikoa
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaLekeitio
Koordenatuak43°21′52″N 2°30′20″W / 43.364423°N 2.505549°W / 43.364423; -2.505549
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXVII. mendea
Izenaren jatorriaPietà
Ondarea
EJren ondarea55

Pietatearen Kristo Santuaren baseliza (herri hizkeran Aitta Piela), Lekeitioko udalerrian dago.

Oharra: baseliza hau argitalpen askotan Kristo Portaleko guruztokiarekin nahasia agertzen da.[1]

Erdi Aroan, Aitta Piela herri harresituaren kanpo aldean zegoen, Apalloako atetik irten eta metro gutxira, Lanitiz izeneko parajean,[2] Gernikara eta Antzorizko Santa Katalina baselizara joateko bideen hasieran. Gaur egunean herriak barruan hartu du, eta Lekeitio-Gernika errepidearen ondoan dago, Aitta Pieleko kalean, Abaroa Jauregiaren ondoan.[3]

Jatorriz, baseliza hau herriguneen irteeretan egon ohi ziren guruztoki arruntetako bat zen, gero baseliza bihurtua. Horrelako lekuak hiribilduaren segurtasuna utzita ibiltariek santuei laguntza eskatzeko azken lekua ziren. Baselizak aurrean ez du hormarik, hesi bat baino; horrela, bidaiariek edozein ordutan otoitz egin zezaten.[2]

1536 urterako, gaur eguneko baseliza dagoen lekuan Kristoren irudia zuen guruztoki bat zegoen. Gaur eguneko eraikina XVII mende amaierakoa da; 1671 urtean, udalerriak horko lurrak eskuratu zituen trukaketa baten bidez. Lau urte beranduago, Pedro Agirre Maguregik 1000 dukat eman zituen ermita ordaintzeko; halere, hasierako aurrekontua 730 dukatekoa egin bazen ere, Kabildoak proposatutako hobekuntza batzuek lanen kostua 1222 dukatera igo zuen, eta Martin Zuloaga harginak zor zitzaiona erreklamatu behar izan zuen, zorra ez baitzuen inork bere gain hartzen.[4] Horretara, Lekeitioko Udalak auzi bati aurre egin behar izan zion, XVIII mendeko lehen laurden guztia luzatu zen gatazka batean.[2] Dena den, Juan Ramon Iturrizaren arabera 1675 urterako eraikia zegoen.[5]

1822. urtea baino lehen, baseliza horretan mahastietako zaintzaileak aukeratzen ziren, eta bertan hartzen zuen Udalak mahats-bilketa egiteko egunen gaineko erabakia.[2]

Baseliza nork diseinatu zuen ezagutzen ez bada ere, estiloari erreparatuz Lucas Longa arkitektuaren lana izan zela uste da.[4]

Eraikuntza bakartua, harrizko hormaz eraikia, oinplano laukizuzenekoa, hiru isurialdeko estalkiduna, begi bakarreko erdiko kanpandorrea duena fatxada nagusiaren bertikalaren gailurrean. Eliza-ataria fatxada horren aurreko hegalaren luzapena da, non miru-buztan itxura duen kantoi ebaki bat ezarri baita. Hegal hori, bestalde, kiribildura eta lerro-apainketaz josita dago.

Hutsarte zabal bat du fatxadak, zirkulu erdiko arku batek azkentzen duena. Arkuaren hasieraren garaieran inposta-lerro leun bat dago fatxadan zehar. Kareharri grisezko harlanduz egina da fatxada, zein friso leuna duen frontoi triangeluar batek azkentzen baitu. Gainerako fatxadak harlangaitzezkoak dira, eraikuntza sendokoak.

Hegoaldeko horman, baselizaren burualdearen garaieran, hutsarte burudun eta txaranbeldua du eraikuntzak.

Barrena hareharrizko gurutze-ganga bakunaren bi zatik eta erdiko arku apalduak estaltzen duten eremua da; ganga horien nerbioek mentsulak dituzte euskarri.

Baselizak burualdean XIX. mendeko bigarren hereneko erretaula neoklasikoa du. Hala ere, titularraren irudia askoz zaharragoa da, eccehomoa irudikatzen duen egur-tailu polikromatu hispanoflamenkoa. Salbatzailea erakusten du, harkaitz baten gainean, oin eta eskuak lotuta dituela. Min eta babesgabetasun espresioa dauka, eta zain dago ea noiz gurutziltzatuko duten. Flandriako eredu jakin bati jarraitzen dio, “Kristo harri hotzaren gainean” deiturikoari. XVI. mendearen lehen hamarkadan, gure lurraldean, nolabaiteko hedapena izan zuen, bestak beste, Bilbon, Plentzian edo Ondarroan.[4] Titularraren irudiak alde bakoitzean taula bana du. Batean, San Anton ageri da, txerritxoarekin eta kanpaiarekin, eta bestean, Santa Ageda. Azken horrek plater bat dauka bere bularrekin, eta baita martirioaren palma-adarra ere. Biak dira tailu barrokoak; Siziliako santuaren mugimenduari erreparatzen badiogu, ziur aski, XVIII. mendekoak. Horiez gain, interes gutxiagoko beste altzari batzuk ere badaude.[2]

Aurrealdean, zizelkatze barrokodun egur-sarea nabarmentzen da, garai bereko teilatu-hegalen antzekoa. Bestalde, habe-kiribilduen gaineko teilatu-hegal kasetoiduna du; baita burdin hesiko barroteak ere, itxura karratukoak batzuk eta torneatuak beste batzuk; eta burdin hesiaren taulamendua eta berau errematatzen duen landare-txartela.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Lekeitio repara el humilladero de Aita Piedad para preservar su patrimonio» El Correo 2019-03-01 (Noiz kontsultatua: 2019-05-13).
  2. a b c d e f PLAZA TXOPITEA, Ander (2018) Lekeitioko kultur eta natur ondareari buruzko eduki-fitxak. Lekeitioko Udala 51. orrialdea.
  3. «Ermita del Sto. Cristo de la Piedad» www.lekitxo.info (Noiz kontsultatua: 2019-05-13).[Betiko hautsitako esteka]
  4. a b c Lekeitio. Bizkaiko Foru Aldundia Kultura Saila [1992] ISBN 8477520895. PMC 33071155. (Noiz kontsultatua: 2019-05-13).
  5. http://www.euskalmemoriadigitala.eus/handle/10357/1437 290 orrialdea.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]