Lekeitio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Lekeitio

 Bizkaia
Lekeitioko portua.
Lekeitioko portua.
Lekeitioko bandera

Lekeitioko armarria

Izen ofiziala Lekeitio
Estatua
Erkidegoa
Herrialdea
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Bizkaia
Lea-Artibai
Alkatea Koldo Goitia (EAJ)
Herritarra lekeitiar
Koordenatuak 43°21′44″N 2°29′46″W / 43.36222°N 2.49611°W / 43.36222; -2.49611Koordenatuak: 43°21′44″N 2°29′46″W / 43.36222°N 2.49611°W / 43.36222; -2.49611

Bizkaia municipalities Lekeitio.PNG

Eremua 1,9 km2
Garaiera 0 m
Distantzia 54 km Bilbora
Posta kodea 48280
Biztanleria 7.345 bizt. (2014) — (Red Arrow Down.svg -28)
Dentsitatea 3.865,79 bizt./km²
Sorrera 1325
http://www.lekeitio.com


Lekeitio Bizkaiko kostaldeko udalerri euskaldun bat da, Lea-Artibai eskualdean kokatua. Bilbotik 56 kilometrora eta Donostiatik 72ra dago. Ekialdean 12 kilometrora daukan Ondarroarekin harreman gorabeheratsua eduki du historian. 7.419 biztanle zituen 2012an. Arrantza portu garrantzitsua du, eta gune turistiko nabarmena da.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izena, dirudienez, «Lea gaineko tokia» esan nahi duen legoitio hitzaren deformazioa da. Dena den, beste teoria batek dio Lea-kai-tio («Lea inguruko kaia») hitzetik datorrela.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurune naturala eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otoio eta Lumentza mendiek inguratzen dute, eta Lea ibaiak zeharkatzen du. Izan ere, Mendexa eta Lekeitio artean itsasoratzen da erreka hori, eskualdeari izenaren erdia ematen diona. Herria badia txiki baten mendebaldean dago kokatuta, itsasotik nolabaiteko babesa lortzen duela. Badia horren erdian Garraitz edo San Nikolas irla dago, udalerriko zati ere badena. Isuntza hondartza udalerriaren erdigunean dago kokaturik.

Lekeitioko klima itsasoak baldintzatzen du. Udak epelak izaten dira, eta muturreko tenperaturak bakanak, itsasoak klima erregulatu egiten duelako. Neguan tenperatura minimoak ez dira normalean 0 °C-tik behera joaten.

Udalerri mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekeitioko portua

Lekeitio gaur egun den gunean aspaldikoa da gizakiaren presentzia. Telesforo Aranzadik eta Jose Migel Barandiaranek Lumentzako kobazuloan aurkitutako aztarnen arabera, Goi Paleolitotik zetozen gizakiak bizi izan dira Lekeition. Gizaki horiek, tradizionalki, herriaren jarduera nagusietan aritzen ziren, arrantzan eta nabigazioan.

Bizkaiko jaun-andreek uda Lekeition pasatzeko ohituraren aitzindari izan ziren. Udalerria ofizialki 1325ean sortu zen, Maria Diaz Harokoaren eskutik eta Bizkaiko kostaldeko beste herri batzuk baino geroago, (Bermeo esaterako XII. mendean sortu zen). Portuaren inguruan jaso zen herria, Arranegi kalea zen arrantzale gunea eta Dendari kalea merkatariak biltzen zituena. Gaur egun Lekeitioko alde zaharra osatzen dute kaleok. Mende erdi bat geroago, On Tello kondeak domingotar mojei eman zien etxea.

Garai hartan, Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andreak Lekeitioko hiribil­dua sortu zuen, eta handik pixka batera Alfontso XI.a Gaztelakoak lekeitiarrei bermeotarren foru eta dohaintza berdin‑berdinak eman zizkien.

Erdi Aroan, Lekeitiok bertako Yarza eta Likona familien arteko leinu gerren ondorio zuzenak pairatu zituen. 1381ean agintariek udalerrian armak ekoiztea, tropei ostatu ematea eta etxe gotorrak eraikitzea debekatu zuten, baina, hala ere, bandoen arteko borrokak ohikoak ziren. 1442ko sutean Lekeitioko hirurehun etxe erre ziren. Haren ondorioak arintzeko, Joan II.a Gaztelakoak hiribilduari 120.000 marabediko zorra barkatu zion, zergei zegokiona. Gainera, sute gehiago ez izateko, suhesi bat eraiki zuten eta hiribil­dua bi zatitan banatuta geratu zen.

Lekeitioko armarrian itsasontzi bat ikusten da, zenbait arraunlari dituena, eta itsasoan balea ageri da, haren balekumearekin. Ontzian arpoilari bat ere badago, baleari eraso egiten. Goial­dean gaztelua dauka, eta gaztelu horren almenan bi mairuen buruak ikusten dira. Armarriko hitzek harrotasuna adierazten dute erregeak garaitzea eta lurra nahiz itsasoa mendean hartzea lortu duen herri ohoragarria goraipa bedi.

« Reges debellavit horrenda cette subjecit terra marique potens.  »

Zalantzarik egon ez dadin, esal­dia udaletxearen fatxada nagusian karaktere ederretan zizel­katuta ageri da.

Itsasoari loturiko historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plaza Nagusian itsasontziak amarratzen dituen herriak itsasoari guztiz lotutako historia izan behar du. 1381etik hasita, Lekeitioko marinel ausartek haien lanbide‑interesen al­de egiten dute San Pedro Arrantzale Kofradian el­karturik. Mendeetan zehar, orain dela gutxi arte, kofradiako etxezainak egunero idazten zuen zenbat arrain ekarri zuen ontzi bakoitzak iluntzeko enkante publikoan sal­tzeko. Sal­dutako partida guztien prezioak aintzat hartu, eta, ateratzen zen batez bestekoaren arabera ordaintzen zien patroiei biharamunean.

Baleak harrapatzeari dagokionez, Lekeition aurkitutako dokumentu zaharrenak XIV. mendearen amaierakoak dira. Garai hartan balearen mingaina sal­tzean ateratako etekinaren bi heren moilak zaharberritzeko erabil­tzen ziren, eta hirugarren herena, berriz, parrokia‑elizaren mantentze‑lanetarako. 1468an jada Lekeitioko portuak ondo tresnatutako moilak zituen. Urte hartako aktetan jasota dago balea handi bat harrapatu zutela San Nikolas uhartearen inguruetan.

1450ean, 200 tonako bi ontzi tresnatu zituzten Lekeitioko ontzioletan, Frantziaren eta Portugalen aurkako gerretara bidal­tzeko. Lekeitioko ontziek Hondarribiko eta Donostiako biztanleei lagundu zieten, frantsesek setiatu baitzituzten bi hiri horiek. Antzinako dokumentuek adierazten dute Lekeitioko ontzi eta marinel batzuk Armada Garaiezinean sartu zirela, eta Trafalgarko eta Otrantoko guduan Otomandar Inperioaren ontzidia suntsitzen laguntzeko parte hartu zutela.

Geografía General del País Vasco‑Navarro liburuan, Karmelo Etxegaraik gogora ekartzen digu 1550ean Lekeitiok 53 itsasontzi zituela, eta ontzi bakoitzean dozena erdi marinel, urte gutxi batzuk geroago, ontziek tona‑kopuru handiagoa zuten eta tripulazioak bikoiztu egin ziren.

Herriko ikuspegi orokorra, Lumentzatik
Herriko ikuspegi orokorra, Lumentzatik

Herria pixkanaka hazten joan zen Amerikarako nabigazioak hazkunde hori azkartu zuela. Portuaren beharrizanak asetzeko, hainbat alditan handitu da, harik eta gaur egungo itxura lortu arte. Lekeitioko portua Bizkaiko bigarrena izan zen trafikoan XIX. mendearen amaierara arte, Bermeoko portuaren atzetik. Dena den, XX. mendean zehar Ondarroako portuak aurrea hartu zion.

XX. mendean zehar Lekeitio Bizkaitar askoren opor-toki bilakatu zen, Zita enperatrizaren adibideari jarraiki. Gaur egun herriaren biztanleria hirukoiztu edo laukoiztu egiten da uda garaian. Horrela, Lekeitioko jarduera ekonomiko nagusia zen arrantzari turismoa eta zerbitzuak batu zaizkio.

Lekeition badago atun‑arrantzaren kluba, udaro zaletuentzako txapel­ketak antolatzen dituena. Zaletu horiek eta herriko arrantzaleek irizten diote Sagustan badia (Lekeitio eta Ondarroa artean) oso egokia dela bisiguaren eta beste espezi batzuen artisau‑arrantzarako.

Egural­diaren iragarpenik ia ez zegoenean, herriko arrantzaleek bazuten talaiaria, talaian eseri eta zeruertza begiztatzeaz eta itsasoaren egoera aztertzeaz arduratzen zena. Itsasoratu baino lehen, egural­diari buruz eztabaidan jarduten zuten, eta haien iritziak bat ez bazetozen, atabaka erabil­tzen zuten. Kaxa txiki bat zen, bi atal zituena, eta tapak ere bi zulo zituen, batean itsasontzi bat margotuta, bestean etxe bat. Isilpeko bozketan talaiariak eta patroiek bolatxo bana zuloetako batean sartzen zuten, eta gero kontaketa egiten zuten. Harritzekoa bada ere, etxea margotuta zuen atalean bolatxo gehiago agertuz gero, ontziak itsasora joaten ziren.

Zerua garbi eta itsasoa bare egonez gero, ez zuten eztabaidarik egiten, goizean goiz‑goiz talaiariak abisua ematen zien dei egitekoei. Dei egiteko ardura zuten emakumeek atalondotik hots egiten zieten patroiei eta marinelei, banan‑banan, haiek izenak esanez.

Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekeitio dotorea da, atsegina, eta argazkietan oso ondo ematen du. Lekeitioko portu seguruaren aurrean dagoen badiara ibai txiki bat iristen da: Lea ibaia, hareatza bitan banatzen duena. Herrikoen hondartza Isuntza da, Uribarrengo lorategien eta elizaren parean dagoena. Learen eskuinal­deko hondartza Karraspio da, kosmopolitagoa, eta ainatzeko gomendagarriagoa. Hara iristeko, Ondarroarako bidetik joan daitezke ibilgailuak, eta, itsasbeheran, Isuntzako hondartzatik barrena ere joan gaitezke oinez.

Itsasoaren erasoari aurre egiten dion bastioi naturala Garraitz edo San Nikolas uhartea da. Han ez da inor bizi, harritsua da, eta al­de batean pinuz estalia. Garai batean, eritasun kutsagarriak zituzten gaixoentzako ospitalea zegoen han, eta frantziskotarren monasterioa ere bai, gaur egun, haren zimenduak ikusten dira.

Herriko historiareen arabera 1578ko epidemia gastrikoa desagerrarazteko bederatzi hilabete behar izan zen. Gaixoak San Nikolas uhartera eramaten zituzten, eta Udalak Domingo Likona txistularia bidal­tzen zuen hara, animoari goian eusteko. Lan hori egitegatik kobrezko erreal eman zizkioten.

Ezkerrean, Lekeitioko portua, erdian Isuntza hondartza eta Garraitz edo San Nikolas uhartea, eta eskuinean Lea ibaiaren bokalea eta Karraspio hondartza.

Gaur Lekeitiori osasuna dario. Bi al­derdi dituen udalerria da: neguan barnerakoia da, bertako eta antzinako estiloa du, uda iristen denean, ordea, herri ireki eta parrandazale bihurtzen da, haren 7.000 biztanleak bikoiztu egiten dira, udatiarrak eta turistak iristen baitira, Isabel II.aren eta Zita enperatrizaren antzera. Zitak, Austriako Karlosen alargunak, tronua gal­du zuen Lehen Mundu Gerran, eta Lekeition harrera beroa egin zioten. Antzinako Lekeitiori dagokion hirigunea txikia denez, ibilbidea oinez egiteko modukoa da. Gogoko izango dituzu, batez ere:

  • Eraikin batzuen itxura: Etxezabal etxea; Uriarte, Abaroa eta Uribarren jauregiak eta Urkizako Erdi Aroko dorretxea.
  • On Telloren etxea eta haren armarri zoragarria ez ahaztu.
  • Zaldundegi.
  • Santo Domingo komentua (hango mojek San Pedroren belarrak ematen zizkieten arrantzaleei, sorginak uxatzeko).
  • Arranegiko iturria.
  • San Joan Teleko ermita.
  • Jesuiten eskola ohia.

Arranegi kalean, Atxabal kalearen kantoian, eraikin eder bat dago, izkinako armarria du, eta idazkun bat, harrotasunez hau dioena: Estas casas son para capellanes de Oxinaga (etxe hauek Oxinagako kapilauentzat dira).

Plaza Nagusian harlanduz egindako Udaletxea dago, XVIII. mendearen erdial­dean eraikia. Jakin badakigu kontzeju itxiak egiten hasi aurretik edilak eta herriko indar biziak biltzen zirela elizaren ondoko hilerrian zegoen adaburu handiko hagin baten gerizpean.

Andre Mariaren Jasokundearen eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Lekeitio)»

Andre Mariaren Jasokundearen elizak aparteko atala merezi du. XV. mendean egindako basilikako eraikuntza‑lanetan tradizio gotikoa ageri da, baina haren aurretik eraikin erromaniko bat zegoen. Delmas, Lekanda eta Etxegarai bat datoz Santa Maria Basilikari buruzko iritzietan: Jaurerriko eraikin gotiko perfektuena da. Hiru nabe ditu eta erdikoa altuagoa da; kanpotik arbotanteak, gargolak eta pinakuluak ditu apaingarri, eta barrutik triforio bat, karel zulodunak dituena.

Portada zorrotz txaranbel­dua du, tinpano angrelatua, eta mainel bat, Ama Birjinaren estatuarekin. Hareharrizko portadaren inguruan ageri dira aingeru musikarien irudi txikiekin apaindutako arraba landua eta goial­deko friso horizontala, kalbarioa eta hamabi apostoluen irudiak dituena. Dorre barrokoa, aitzitik, 1737an kareharri grisez eraiki zuten.

Erretaula nagusiak egundoko balioa du. 1508ko filigrana gotikoa da eta haren konposizioa eta polikromia oso landuak daude. Taula bakoitzak Mariaren edo Kristoren bizitzaren eszena bat adierazten du, hori guztia errezel fin urreztatu baten azpian muntatuta. Patriarken eta dohatsuen bitxi paregabe hori hainbat irudik osatzen dute. Antiguako Andra Maria —estilo erromanikoko ikonoa— alboko al­dare batean dago, elizaren girolan. Loreak ez zaizkio inoiz falta, Lekeitioko zaindaria baita.

Gotiko flamigeroko beste erretaula eta irudi batzuk ere badaude, baita hilobi‑laudak, kantu‑liburuak eta beste arte‑objektuak ere, alboko kaperan ikusgai. Kanpandorrearen oinarrian badago eskultura abangoardista bat, Resurreccion Maria Azkueri eskainia. Izan ere, Lekeitiar ospetsu hura lexikografoa, fol­klorista, gramatikaria eta euskal kulturaren patriarketako bat izan zen.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turismoa da gaur egun Lekeitioko diru-iturri nagusienetarikoa. Horren adibide garbia da udan izaten duen biztanle-hazkunde nabaria.

Portua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lekeitioko portua»

Euskal Herriko kairik garrantzitsuenetarikoa dugu gaur egun. Historian zehar ere portu nabarmena izan da. Tartean, balearen harrapaketaren inguruan ibili ziren urteetan arrantzale lekeitiarrak, eta hain garrantzitsua izan zen jarduera hori, herriko armarrian irudikatuta agertzen da.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekeitioko biztanleria

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekeitioko udaletxea.

2007ko udal hauteskundeetan bost izan ziren legez hauteskundeetara aurkeztu zirenak: EAJ, EA, PSE, PP eta Ezker Batua-Aralar koalizioa. Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenda legez kanpo utzi zen. EAJk bederatzi zinegotzi eskuratu zituen eta EAk lau. Gainerako alderdiek ez zuten ordezkaririk eskuratu. 1.560 boto nulu egon ziren, gehienak, Eusko Abertzale Ekintzaren zerrendari emandako baliogabetutako botoak. Hauteskunde hauen ostean, Jose Maria Cazalis Eiguren (EAJ) izendatu zuten Lekeitioko alkate, gehiengo osoz.

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, Maitane Larrauri Fraile, Bilduko zerrendaburua aukeratu zuten alkate, gehiengo osoz. Bilduk zortzi zinegotzi lortu zituen eta Euzko Alderdi Jeltzaleak bost.

2015eko udal hauteskundeetan, berriz, aldaketa nabarmena gertatu zen, Bildu ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk bi zinegotzi galdu baitzituen eta EAJk bi irabazi. Horren ondorioz, EAJ alderdiko Koldo Goitia hautatu zuten alkate.

Lekeitioko udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
7 / 13
2.021 (% 50,75)
5 / 13
1.615 (% 35,70)
Euskal Herria Bildu (EH BILDU)*
6 / 13
1.905 (% 47,84)
8 / 13
2.542 (% 56,19)
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen.
Datuen iturria: 2015eko eta 2011ko udal hauteskundeen behin-behineko emaitzak euskadi.eus webgunean

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal hiztunen ehunekoa oso handia da, %86 inguru.

Mendebaldeko euskararen aldaera da herriko euskalkia.

Komunikabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

107,7 FM-n emititzen duen Arrakala irratia, Zer Esana gazte-agerkaria eta eskualde-mailako Hitza egunkaria ditu udalerriak.

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekeition egiten dira Euskal Zine eta Bideo Bilerak urtero. [1]

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko armarrian, hurrengo testua irakur daiteke latinez: Reges debellavit horrenda cette subjecit terra marique potens Lequeitio, euskarazko itzulpena honakoa da: Lekeitiok, lurrean eta itsasoan indartsu, errege eta zetazeo izugarriak harrapatzen ditu

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekainak 29. San Pedro apostoluaren eguna. Arrantzaleen egun handia. 10:30etako Meza Nagusia amaitzean kilinkala hasten da. Kilinkariek San Pedroren irudia prozesioan eramaten dute, eta, kaiaren ertzean, santua zakarki makurtzen dute behin eta berriz. Mugimendu horiei kilinkak esaten diete, eta arrantzale‑kofradiaren patroiak itsasoko urari emandako bedeinkapentzat hartzen dituzte. 1947an kilinkariak bal­dar samar ibili ziren eta San Pedro uretara erori zen. Urte hartan hegaluzearen arrantza‑al­dia bikaina izan zen, eta oparotasun hura santuaren urperatzeari egotzi zioten.

Tradizioari eutsiz, kaxarranka dantzatzen dute. Oso antzinako gremio‑dantza da: dantzari batek 8 arrantzalek daramaten kutxa baten gainean dantza egiten du.

Irailaren 2tik 8ra San Antolinen eta Antiguako Ama Birjinaren omenezko jai nagusiak ospatzen dira, eta udalerria zarataz betetzen da. Antzarraren festa polemikoa ere egun horietan egiten dute.

Festa‑egun horietan itsasontziak portuan egoten dira, distiratsu eta dotore.

Ibilaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekeition egingo dugun paseoan, etxeetako begiratokien mul­tzo armoniatsu eta koloretsuak ikusiko ditugu, eguzkiak berotuta, portuko uretan islaturik... gero olatu‑horma, eta itsaslabarretan barrena joango gara Santa Katalina itsasargiraino.

Beste ibilbide bat izan daiteke Uribarrengo lorategietan paseoa egitea. Garai batean Zita enperatrizaren jauregiko sailak ziren; gaur egun, berriz, errepidearen eta hondartzaren arteko lorez betetako tartea. Handik Isuntzako hondartzako harkaitz antropomorfikoa: aittitta makurra da, hura ezagutzen duena lekeitiartzat hartzeko modukoa da.

Isuntzako zubi begibakarretik aurrera Karraspio hondartzaraino joan gaitezke. Hantxe, Euskal Herriko eukalipto-sailik handiena hasten da, eta datu horrek Bizkaiko ekialdeko itsasal­dearen klima gozoaren berri ematen digu.

Argazkilaritza maite dutenei ahol­ku bat emango diegu: Atea portalera hurbil­du (harresiak izan zituen zazpi ateetako bat) eta, kalbarioko gurutzeak erreferentziatzat hartuta, Lumentza mendira igo, hiribil­duaren bista paregabeez gozatzeko. Mendi horren bihotzean Madeleine aldiko aztarnategiak aurkitu zituzten.

Hirigunean, baina Ispaster udalerrian, Zubieta jauregia dago, XVIII. mendean eraikia estilo barroko churriguereskoan. Adan de Yarza familia ospetsuaren etxea eta lurrak. Lur haietan badira laborantzak, Versaillesko gustuaren araberako lorategiak eta ontziraleku partikularra Leako itsasadarrean. Gainera, Zubietako sailetan duela mende bat baino gehiago Mario Adan de Yarza politikoak Monterreytik ekarritako lehendabiziko insignis pinua (pinus radiata) dago.

Lekeitiar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lekeitio Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko Wikiatlasa