Abbadiaren sekretua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Abbadiaren sekretua
Abbadia & Bb2 2012.jpg
Datuak
Argitaratze-data 2012
Generoa Eleberria
Jatorrizko izenburua Abbadiaren sekretua
Herrialdea Euskal Herria
Orrialdeak 144 (lehen edizioa)
ISBN 978-8493922948

Abbadiaren sekretua Fernando Morillo idazlearen eleberri bat da, 2012. urtean argitaratua. Idazleak aurkeztutako eleberriaren proiektuari emandako sari baten ondorioz idatzi zuen. Sari moduan, hilabete bateko egonaldia egin zuen Hendaiako Nekatoenean, Abadia jauregiaren ondoan, eleberria osatzeko. Alar eta Kaiet anaiek Abadia jauregian bizi duten abentura kontatzen da, non gertakari misteriotsuak gertatzen diren, Anton Abadia pertsonaiaren inguruan. 2012an argitaratu zen, idazleak berak sortutako Gaumin argitaletxearen eskutik.

Sinopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abbadia eremua liluragarria eta misteriotsua da. Alar eta Kaiet anaiak larriturik daude: badirudi zerbait beldurgarria gertatzen dela han. Bi lagun desagertu dira bertan, eta susmo latz bat dabil airean. Zer munstro mota ezkutatzen da zuhaitz artean edo gaztelu sorgingarrian?

Are okerragoa dena. Amona gerlariz jantzi eta eremura joan da, aspaldian hitza eman omen zuelako leku hura defendatuko zuela. Zoratu egin ote da?

Bi anaia gazteek eta haien lagunek proba arriskutsu asko igaroko dituzte eremuan, Antton Abadiaren sekretuaren bila. Beraien familiako historian bertan bilatu beharko dute, izadiz eta historiaz blaituriko leku miresgarri hark gordetzen duen misterioa argitzeko.

Haria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abbadia erremua, Hendaian, eleberriko abentura garatzen den lekua da.

Alar eta Kaiet hendaiar anaiak aitona Daniel eta Rebeka amonarekin bizi dira. Gau batean, amona, gudariz jantzirik, Abbadia eremura doa, Alarri modu misteriotsuan norbait itzuli dela eta egunsentian itzuli egingo dela esanda. Egunsentia igaro eta Alarrek Kaiet esnatzen du gertatutakoa kontatzeko. Abbadiara joatea erabakitzen dute. Aitona esnatu eta dena kontatzeko eskatzen die. Bitartean, Nikole, Kaieten laguna eta goiz hartan harekin Abbadiari buruzko eskolako lan bat egiteko geratu dena, amaren deia jasotzen du Abbadiara ez joateko agintzeko, bertan bi pertsona desagertu direla eta. Bitartean, Alar, Kaiet eta haien aitona Abbadiako inguruetara heltzen dira baina poliziak eremua itxi egin du. Aitonak aitortu egin die poliziei ezin diela amona barruan dagoela esan, eta afera beraiek bakarrik konpondu beharko dutela. Gogoz kontra bada ere, aitona Danielek onartu egiten du bilobak beraiekin sartzen saiatzea. Nikole Kaieti deika ari da, baina ez du erantzunik jasotzen eta Abbadiara joatea erabakitzen du. Aldi beren, aitona Abbadia Eremurako sarbide ezkutu bat bilatzen du. Horretan ari direlarik, Kaietek Nikoleren deia jasotzen du, Abbadiako desagerpenez ohartarazteko, baina kontatzen ari dela, Alar eta aitona galdu egiten ditu bistatik. Nikole Kaietekin elkartzen da. Nikole beldurrez badago ere, Kaiet lagundu eta barrura sartzen dira bidezidor batetik. Berehala, pizti baten orro izugarria entzun eta korrika hasten dira.

Bitartean, Alar eta aitona tranpa antzeko batean erori eta leize batean behera erortzen dira. Behean tunel artifizial bat ikusten dute. Nikole eta Kaiet, beraien aldetik, itsas labarrera iritsi eta jaisten hasten dira, ustezko piztiatik ihesi. Baina berehala konturatzen dira urez inguraturik daudela, atera ezinik. Tunelean aurrera, aitona Anton Abadiaren antza duela esaten dio Alarri, burutsua eta ausarta baita; Kaiet, berriz, Arnaud haren anaiaren antzekoa dela dio, sutsua baita. Azkenean, gela moduko batera heltzen dira. Nikolek eta Kaietek arazoak dituzte arroketan, itsaso zakarra dagoelako. Oihu egiten dute. Halako batean, txalupa bat ikusten dute eta marinel moduan, Kaieten amona. Txalupara igo eta arraunean hasten dira. Tuneleko gelan, berriz, Daniel aitonak eta Alarrek liburuz beteriko apalak eta palankak han eta hemen ikusten dituzte. Ateak ere badaude, baina ezin dira eskuz mugitu. Horien gainean "Ero bat aski da" esaldia dago idatzirik. Alarrek palanka bati eragin eta ate bat zabaldu eta ura sartzen hasten da. Alar aitonaren gainera igotzen da. Bitartean, arraunean, amona, Kaiet eta Nikole lehorrera iristen dira onik. Kaietek Alar eta aitona galdurik daudela kontatzen dio; txalupan zer egiten duen galdetzen dio kezkatuta dagoen amonari eta honek garai batean kontrabandista moduan ibili zirela kontatzen dio eta geroztik dakiela nabigatzen. Lehorrera iritsi eta orroa entzuten dute. Kaietek lehoia ikusten du. Amonak ezkutaleku batera eramaten ditu. Bitartean, urez betetzen hasi da Alar eta aitona dauden gela baina halako batean ur jarioa gelditu eta atea itxi egiten da. Apaletako liburuak begiztatzen dituzte, denetariko gaiak daude eta argi dago Anton Abadiaren liburuak direla. Palanka bati eragin eta lehengo atea ireki baina berriz ere itxi egiten da. Ziur daude handik ateratzeko gakoa "Ero bat aski da" esaldian dagoela. Beraien aldetik, Kaiet, Nikole eta amona txabola moduko batera heltzen dira; han amona Abbadia Eremuaren historia hasten da kontatzen: nola Anton Abadiaren morroi zen Serafinek, Abadia hiltzean, promesa egin zuen eremua babestuko zuela eta horrela astronomia, beste zientziak eta euskal kultura sustatzen hasi zen. Baina baziren interesak eremua bereganatu eta turistentzako gune edo golf zelaia egiteko. Serafinek Erramune bere alabari eremua zaintzeko ardura pasa zion, honek Donato semari eta Donato aitona Danieli. Daniel txikia zenean naziak heldu ziren eta haiei egin behar zieten aurre. Aldi berean, Alarrek esaldiaren segida asmatzen du: "Ero bat aski da harri bat putzura jaurtitzeko, baina sei zuhur behar dira hura handik ateratzeko". Zuhurtasuna jakinduriarekin lotu eta aterabidea liburuetan egon behar dela ondorioztatzen dute. Sei liburuko apal bakarra dago, preseski Abadiaren pentsalari gogokoenen liburuekin, han dagoen palankari eragin eta beste atexka bat zabaltzen da. Bitartean, amona, Kaiet eta Nikole txabolatik eremuko Nekatoeneara doaz korrika, piztitik alde egiteko. Han amonak naziek eremua bereganatu eta beraiek, umeak orduan, saiatu zirela haiei ostopoak jartzen; umekeriak ziren baina bazegoen lagun bat modu neurrigabeak jokatzen zuena. Tuneleko gelan, berriz, uraren maila jeitsi eta zabaldutako atetik Alarrek eta aitonak aurrera egiten dute, buruz eta bihotzez, Anton Abadiak bezalaxe.

Nazien eta, horien ondoren ere, Abbadia Eremua aldatu nahi zutenen aurka krudelkeriaz, odolez eta haragiz, jarduten zuen lagunak Fatima izena zuela kontatzen du amonak. Horrenbesteraino, amona eta aitona, orduan haurrak zirelarik, etsaitu ziren berarekin. Beraiekin ibiltzen zen Publio mutikoa berarekin maitemindurik zegoen. II. Mundu Gerra eta gutxira alde egin zuen, atzerrira. Fatima amonaren ahizpa zela aitortzen du amonak. Hori dena kontatzen duen bitartean, Abadia jauregiko gela batean Fatima dago Publiorekin. Itzuli egin da Publiorekin mendeku hartzera. Publio norbait tranpa-zulora erori dela eta hiru lagun txalupaz lehorreratzen ikusi dituela kontatzen dio. Tranpak prest daude; lehoia ere beraiek ekarritakoa da. Rebeka eta Danielen aurkako mendekua prestatzen ari da. Une berean, amonak Kaieti kontatzen dionez, beraiek pertsonen aurkako izugarrikeriak egitea gaitzesteaz gainera, Danielek Rebekarekin andregai moduan aukeratzea izan zen etsai bilakatzearen beste arrazoi bat, Fatima Danielekin zegoelako maitemindurik. Bitartean, Alarrek eta aitonak tunelean aurrera jarraitzen dute eta disekatutako animaliaz gainezka dagoen gune batera heltzen dira, non sabaian konstelazioak ere marrazturik dauden. Zulo anitz ere badaude aukeran bidean aurrera jarraitzeko. Gako bat ikusten dut idatzita: "Animaliarik handiena". Beraien aldetik, Nikolek, Kaietek eta amonak Nekatoenean jarraitzen dute. Amonak Fatima egon zitekeen leku guztiak miatu eta gaztelua bakarrik geratzen zaiola adierazten die. Harantz doaz. Tunelean, animalia handiena denez, disekaturiko elefantean bilatzen dute handik irteteko gakoa, baina ez dute ezer aurkitzen. Beste animalietan ere bilatzen dute alferrik. Alarri animalia handienaren konstelazioan, Hartz Handiaren konstelazioan hain zuzen, begiratzea bururatzen zaio. Horren ondoan, gezi batek seinalatzen duen zuloa ikusten du irteteko. Bitartean, Kaiet, Nikole eta amona gaztelura sartzeko sarrera baten bila dabiltza, hormetan zizelkaturik dauden animalia beldurgarrien artean. Kaietek berarekin etortzeagatik pozik dagoela aitortzen dio Nikoleri. Amonaren atzetik doaz, Fatima lehoia eta ager daitezkeen beste munstroak baino izugarriagoa dela ohartarazita. Tunelean aurrera, zuziz argiztatutako gela batera iristen dira, egurrezko muino baten gainean daude, Bidasoa ibaiko Konpantzia uharteko maketa handia bailitzan. Han dagoen kutxa batean hau dioen mezua aurkitzen dute: erantzun egiazkoa ematen badute, egur pilaren azpian dauden eskorpioi saldoak pozoiturik hilko dira; faltsua bada, egurretan erreta hilko dira. Problema ebazteko, beti bezala, burua eta bihotza erabiltzeari ekiten diote. Gazteluan, berriz, Kaiet, Nikole eta amona sartzea lortu dute korridore estu batetik, lau hankatan. Luxuzko gela batera heldu eta handik zerbitzarien korridore estuetatik egiten dute aurrera; goian, dorrearen aldean, hotsa entzun eta hara abiatzen dira. Beraien aldetik, Alarrek eta aitonak buruari bueltaka jarraitzen dute, eta aldi berean gezurra eta faltsua den esaldi bat eman behar dutela ondorioztatzen dute azkenik. Alarri bururatuko zaio: "Sutan hilko naiz" da erantzuna, mezuak dioena kontuan harturik, egia eta faltsua baita aldi berean. Dorrerako bidean, Kaietek andre bat, eskuan loroa eta sorbaldetan arrano bana dituena, flotatzen. Amonak Virginie Abbadiaren emaztearen mamua dela kontatzen die. Hari buruz, animaliak hiltzearen aurkakoa zela eta gazteluan arratoiak hiltzea ere debekatu zuela kontatzen die. Hala ere, Kaietek aurre egiten dio mamuari makilaz baina alferrik. Mamuak barre egiten dio behin eta berriz erasoka ari zaion Kaieti. Alarrek eta aitona erantzuna idazten dute tabletean eta berehala zuziak itzali eta beste sarbide bat zabaltzen zaie. Alar etsirik dago, baina aitonak aurrera jarraitzeko adorea ematen dio, Abbadia gizon adoretsua zela gogoraraziz —gazteluko eskaileretan idatzirik dauden hizki bitxiak idazteko bi mila ordu eman zituela kontatuz, preseski—. Armak zabaldurik dituen mahai luze bat dagoen leku batera heltzen dira, non mezu hau irakurtzen duten: "Armarik onena". Kaietek mamuari erasoka jarraitzen du. Amonak esanda, Nikolek irudiaren jatorria bilatu eta azkenean, mamuaren irudia sortzen duen proiektore bat aurkitzen du. Itzali egiten du. Bitartean, arma onena zein den pentsatzen ari direlarik, Abadiaren anekdota zenbait ditu aitonak: nola Madagaskarreko tribu batek Abadiak oparitutako teleskopio bat frantsesen aurka kainoi moduan erabiltzen saiatu ziren, nola hitza baliatzea eta bertako ohiturez bizitzea zela hoberena eta nola, batzuetan hanka sartuz bada ere, jakinduria, zuzi moduan, dela armarik onena, "ez ikusi, ez ikasi" atsotitza gogoratuz. Horregatik, hitzez tatuaturiko zuzia hartzen dute aurrera egiteko.

Fatima kolorete gehiegiz makilatzen ari dela, Publio gajoa hurbiltzen zaio proiektorea aurkitu dutela ohartaraziz. Lehoia askatzeko agintzen dio baina hobeto pentsatuta sarea prestatzeko esaten dio. Hendaiako Bixintxo elizaren maketa dirudien leku batera heltzen dira; han kutxa bat poxpoloekin aurkitzen dute; zuzia piztu eta amildegi beltz batera heltzen dira, zuzirik gabe pasa ezinezkoa; hura gainditu eta "Azken proba" idatzirik daukan ate bat pasatzen dute eta bestaldean gizon begibakar bat eta neskato bat aurkitzen dituzte. Kaiet, Nikole eta amona gazteluko liburutegira heltzen dira, non "Sasi txikienak bere itzala du" atsotitza —txikienak balioa edo alderdi iluna ote du?— irakurtzen duten. Halako batean, beraien aurka geziak jaurtitzen ari direla ikusi eta ezkutuen atzean babesten dira. Kaiet ausarta aurrera egin eta balezta automatiko batek jaurtitzen dituela ikusten du. Hura heltzen duen sokari tira egin eta lurrera botatzen du balezta. Bitartean, Alar eta aitonak kripta batean daudela jabetzen dira. Begibakarrak bera eta neskatoa hara nola iritsi diren ez dakitela adierazten diete. Aitonak Abbadia eta Virginie han lurperatu zituztela dio. Orratz moduan estatua gizatiar baten besoak dituen erloju batean mezu hau ikusten dute: "Nire besoek 1:50 ordua seinalatzen dute eta ondoren 3:75 ordua". Burua eta bihotza baliatzeari ekiten diote berriz. Bitartean, balezta indargabetu ondoren, sare bat erortzen zaie gainera Kaiet, Nikole eta amonari. Berehala, mekanismo ezezagun batek altxatu egiten du sarea. Amonak errieta egin dio, burua erabili gabe egin baitu aurrera geziak geldiarazteko. Ileak harrotuta triku itxurako emakume bat inguratzen zaie: Fatima da. Kriptan, berriz, aitonak kontatzen du nola Afrikan Abadiari sei urteko esklabo beltz bat oparitu zioten, baina berak seme bat bailitzan hezi zuela, esklabotzaren aurka zegoelako. Hala ere, mutiko beltzak Abadiarekin haserretu eta alde egin zuen. Alarrek Abbadiak denboraren zatiketa dezimala, hau da orduan 100 minutu izan behar direla, aldezten zuela ekartzen du gogora. Horrela, 1:30 erloju arruntetan 1:50 litzateke Abbadiaren erlojuan eta beraz, 3:75, hirurak eta hiru laurden, hau da, 3:45. Bitartean, Rebeka, harrapaturik, eta Fatima bere ahizpa eztabaidan hasten dira, Fatima zer demontre egiten ari den eta Fatimak eremuko bakea berreskuratu nahi duela. Rebekak Daniel Alar bilobarekin eremuan dabilela adierazten dio. Fatima lurpeko tranpetan egongo ote den beldurrez geratzen da. Erlojuaren gelan, 3:45 jarrita erlojuan, ate txiki zabaltzen da. Alar, begibakarra eta neskatoa pasatzen dira baina aitona handiegia da. Alarrek eusteko esaten dio, laguntza bila doan bitartean. Aldi berean, Fatimak kezka erakusten du, lurpeko tranpetatik ez baitago onik ateratzerik bere iritziz; bereziki Danieletaz kezkaturik, eremura ez zirela etorri behar aurpegiratzen die. Azkenean, aukera bat emango die: Abbadiak antolatzen zituen euskal jaietan ohikoak ziren emakumeen lasterketa bereziak prestatzen zituen, emakumeek pitxerra bete ur eraman behar zutela buru gainean; biek egingo dute lasterketa eta Rebekak irabazten badu libre utziko ditu denak. Alar aitona nola atera pentsatzen hasten da eta soka batzuei erreparatzen dio. Hotsak entzun eta sokak hartuta erne ibiltzen hasten da. Bitartean, Rebeka eta Fatima, triku-emakumea, lasterka ari dira gaztelu barruko zirkuitu batean zehar. Lehen bueltan Rebeka doa aurretik; baina bigarren bueltan, Fatimak pasatzen du helmuga aurretik. Publiok Rebekak eta bi gazteak sarean biltzen ditu berriz. Halako batean, ordea, Kaiet Fatimaren aurka oldartu eta sokaz lotzen du. Amona eta besteak askatzen ditu. Fatimak harri eta zur geratzen da lurpeko labirintoko proba guztiak gainditu dituztela jakitean. Daniel ere onik dagoela jakitean, negarrez hasten da Fatima, zorionez beterik.

Publio eta Fatima poliziaren eskuetan geratzen dira. Fatimak guztia beragatik eta Abadiagatik egin duela dio, baina Danielek hura ez zela modu egokia adierazten dio. Alarrek eta Kaietek zorionak ematen dizkiote elkarri, Alarren buruagatik eta Kaieten ausardiagatik hurrenez hurren. Aitona pozik dago Abadiaren izpiritua berreskuratu egin dutelako, Alarrek Anttonena eta Kaietek Arnaudena hain zuzen. Guztiak dorrera igo eta amonak egindakoa eskertzen dio hunkiturik dagoen Nikoleri. Denek elkarrekin afaltzen dute, pozik eta zoriontsu. Biharamunean, denak gaztelura doaz, magiaz beterik dagoela deritzote guztiek. Abenturaren irakaspen handiena ekartzen du gogora Alarrek: izana eta ez izena, Abadiaren ereduari jarraikiz, norbera zein den eta zer bizi duen dela garrantzitsuena.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]