Abadia jauregia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Abadia jauregia
Chateau d Abbadie.jpg
Jauregiaren aurrealdea.
Abadia jauregia hemen kokatua: Lapurdi
Abadia jauregia
Abadia jauregia
Abadia jauregia (Lapurdi)
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Lurraldea  Lapurdi
Herria Hendaia
Koordenatuak 43° 22′ 39″ N, 1° 44′ 57″ W / 43.3775°N,1.749167°W / 43.3775; -1.749167Koordenatuak: 43° 22′ 39″ N, 1° 44′ 57″ W / 43.3775°N,1.749167°W / 43.3775; -1.749167
Arkitektura
Arkitektoa Eugène Viollet-le-Duc eta Edmond Duthoit
Garaia 1864-1879

Abadia jauregiafrantses grafiaren eraginez sarri Abbadia izenaz aipatua— Hendaiako (Lapurdi) itsaslabarren gainean dago, Santa Ana muturraren eta Ondarraitz hondartzaren ondoan. Anton Abadiak eraikiarazi zuen 1860 eta 1870 artean, Eugène Viollet-le-Duc eta haren jarraitzaile Edmond Duthoit arkitektoen zuzendaritzapean, estilo neogotikoan, eta Ingalaterran XIX. mendean egin ziren gazteluen eredura.

Anton Abadiaren paperen arteko 1865eko aurrekontu batzuetan, gaztelua egiteko aurreikusiriko gastuen guztizko kopurua ageri da: 172.887 libera, altzariak kontuan hartu gabe. Hil aurretik, Anton Abadiak gaztelua eta lur sail osoa Frantziako Zientzia Akademiari utzi zizkion.

1984ko abenduaren 21ean monumentu historiko izendatu zuten.[1]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eugène Viollet-le-Duc

Hiruki aldekide perfektu batean inskribatzen da gaztelua; era sinbolikoan, Adulah etiopiar argi-emailearen estatuak hirukiaren zentro geometrikoa markatzen du.

Hego-ekialdera dago orientatuta, itsasoari gibela emanik, landaredia eta fauna aberatsa duen 350 hektareako ordeka eder baten erdian. Diseinu poligonaleko erdiko atal nagusitik hiru hegal ateratzen dira, bakoitzak bere xede berezia duela:

  • ipar-mendebaldeko hegala: ikerketari eskainia zaio, gazteluaren gune zabalena den honek astronomia behatokia gordetzen du.
  • hegoaldeko hegala: harrera eta bizitokia dira bertan.
  • ekialdeko hegala: San Antonioren adbokazioari eskainitako kapera.

Barneko dekorazioa eta altzariak orientalismoaren estilora lerratuak dira orobat, eta Anton Abadiak bere txangoetatik bildutako objektu asko gordetzen ditu, gehienak ongi zainduak.

Eraikinak lau maila ditu: zerbitzurako sotoa, etxebizitzarako bi solairu, eta ganbara.

Sotoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurzoruaren berezko malda dela eta, erdi lurperaturik dago, baina irekia iparraldean. Sukalde handia eta biltegia daude, etxe atal nagusian ezarririk, ingeles ohituraren arabera.

Ikatza hegoaldeko hegalean gordetzen zuten, eta egurra dorre zirkularrean. Janaria ekialdeko hegalean gordetzen zuten, zazpi upelategiekin batera. Hegal hori kaperan amaitzen da. Kaperaren azpian, sotoan beraz, dira ehortzirik Anton Abadia eta Virginie Vincent de Saint Bonnet bere emaztea.

Beheko solairua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazteluko sarrera nagusiaren ataritik antolatzen da bizigune osoa. Gune horrek biltzen ditu sarrerako atondoa, eskailera nagusia eta Antonen gelarako bidean den sala txikia.

Hegoaldeko hegalean, arabiar aretoa eta jangela daude, batetik bestera erretzeko gelatxotik igarotzen dela. Jangelaren alboan sukalondoa dago, zerbitzurako gelatxo bat, non mahaizainak sukaldetik zuzen hartzen baitzituen jakiak igogailu txiki baten bidez.

Jangelako kadira bat

Jangela handia da, dekorazio sendo eta bakunekoa, bufalo larruzko panel handiek estalia, esmeralda koloreko belusezko zerrendak barne hartzen dituztela. Ehun bereko estalkiz hornitutako kadirak lerroan ezarririk daude hormaren luzera osoan. Bizkarrean karaktere kufikoz brodatu letra bana daukate aulki horiek. Guztiak ordena egokian emanik, desira hau irakur daiteke: Ez al da sekula traidorerik izanen mahai honen inguruan.

Ekialdeko hegalean, komunak eta zerbitzuko eskailera daude. Hegal horren luzapenak gela nagusia hartzen du, kapera eta sakristiarekin batera.

Ipar-mendebaldeko hegala Anton Abadiari bereziki eskainia zaio, bertan jarri baitzuen behatokia. Alde autonomoa da hori, Antonek nahitara familia bizitzaren gunetik kanpo ezarria.

Lehen solairua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburutegiak hartzen du, gehienbat, etxe atal nagusia. Hegoaldeko hegalak harrera funtzioa betetzen jarraitzen du, gonbidatuentzako hiru gela baitaude: Etiopiakoa eta Jerusalemekoa (zein bere bainugelaz hornitua), eta Enperadorearen gela.

Ekialdeko hegalean, kaperari begira, Virginieren gela ageri da, andre-gelatxo atsegin batez horniturik.

Bigarren solairua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazteluaren teilatupean ganbarak daude, erdiko atalekoak, mirabeen egonleku gisa prestaturik.

Eskailerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru eskailera daude solairu batetik bestera ibiltzeko. Eskailera nagusia sarrerako ataritik ezkerrera abiatzen da, hormak fresko ederrez hornituta, eta ezkaratz buruan kanpoko argia ematen dion beirate margodun handi bat duela. Senar-emazteek eta haien lagunek soilik erabiltzekoa zen.

Bigarren eskailera sototik abiatzen da, ekialdeko hegalean, ipar fatxadako zerbitzuko atearen aurrean. Zerbitzuko eskailera zen; mirabeek, izan ere, ez zuten ikusgai izan behar. Zerbitzuko eskailera hori eraikuntzaren egiazko bizkarrezurra da: gazteluko oin guztien arteko lotura egiten du eta zerbitzuko aterako zein eskailera nagusirako bidea da.

Dorreak badu hirugarren eskailera bat, baina hori gela meridianoaren eta liburutegiaren arteko joan-etorrietarako baizik ez zen erabiltzen.

Hego eta iparraldeko hegaleko dorre txikietan zurubi bana dago, Erdi Aroko tradizioaren oroigarri.

Abadia jauregia eta inguruaren ikuspegi panoramikoa
Abadia jauregia eta inguruaren ikuspegi panoramikoa

Astronomia behatokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leiar meridianoa, 2007ko irudian

Abadiak bere gazteluan sortu zuen astronomia behatokia apala da neurrietan eta ahalmenean, baina garai hartan bakarra zen Euskal Herrian edo Frantzian, baita Europa ere, tresneria guztia sistema hamartarrean doitua zuenez.

Leiar meridianoa, leiar astronomiko hamartarra, erregulatzaile astronomiko siderala, erregulatzaile astronomiko hamartarra, zeru-globoa ezarri zituen behatokian. Baita ere, nadir bat ipintzeko hamar metroko zuloa eginarazi zuen, gazteluaren azpian, lurraren mugimenduak neurtzeko.

Errefrakzioaren konstantea gazteluko behatokitik ikertu nahi izan zuen Anton Abadiak. Hartarako, pausodun teleskopioa zeru-lerroko punturik garaienera zuzendu behar zuen, hau da, Larrun mendiaren gailurrera. Behatokiaren aurkako norabidean dagoenez Larrun mendia, Abadiak gazteluko horma guztiak alderik alde zulatzeko agindua eman zuen.

«Ez ikusi, ez ikasi»

Esperimentuak ez zuen emaitza onik izan, difrakzioaren ondorioz argia guztiz galtzen baitzen horma lodietako zulo-segida hartan. Hutsegitea ezkutatu ordez, Anton Abadiak bere hartan utzi zituen ageriko zuloak eta atariko horman, zuloaren inguruan, hitz hauek grabatu zituen: ez ikusi, ez ikasi.

Liburutegia eta bizitokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anton Abadiak liburutegi handia bildu zuen bere gazteluan. Gai zientifikoak ziren nagusi, baina euskarazko nahiz euskarari buruzko liburu eta dokumentu asko zituen, baita ere. Bera hil eta handik urte batzuen buruan, Abadiaren liburutegiko ale guztiak Frantziako Liburutegi Nazionalera eraman zituzten.

Sarrerako eta eskailera nagusiko hormetan, fresko handietan Etiopiako bizitzari buruzko irudiak ageri dira. Etiopiarrak oso era duin eta modernoan irudikaturik daude, Abadiak estimu handitan baitzituen, haien lurretan hamabi urte igaro ondoren.

Gazteluan bisitari ospetsuak izaten zituen maiz Abadiak, Pierre Loti besteak beste. Azken horrek, bere Ramuntcho eleberria Virginie Vincent de Saint Bonnet Abadiaren emazteari eskaini zion («Virginie d'Abbadie andreari, bera hasi baitzitzaidan Euskal Herria ezagutarazten 1871ko udazkenean». )

Kapera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abadia gazteluko kaperaren ikuspegia

Zientzialari grinatua zen arren, sinesmen tinkoa zuen Abadiak, eta bere gazteluaren hirugarren hegalean elizatxo edo kapera egitea deliberatu zuen. Kaperaren atzeko hormaren goiburuan, balkoitxo batez lotzen da eliza eta logela nagusia.

Kaperak San Antonioren adbokazioa du, eta usadioa zen igande goizetan meza egitea bertan, Abadiaren lur saileko baserrietan bizi zirenentzat.

Idazkunak eta ikurrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizitokiaren gela guztietan, baita liburutegian eta gazteluaren atarian ere, esaldiak idatzirik ageri dira 14 hizkuntzatan. Euskarazko bakarrak liburutegian dira.

Sarrerako atalburuan, gaelikoz idatzirik, «ongi etorri»

Gazteluaren sarrerako atalburuan esaldi bat ageri da gaelikoz idatzita, hirustaz inguratuta, jabearen irlandar jatorria adieraziz: Cead mile failte (ongi etorri).

Gaztelu barruko horma zein habeetan irakur daitezkeen idazkun guztien artean berezi behar da Abadiaren ikurburua, frantses zaharrean idatzia: Plus estre que paraistre (izana eta ez izena).

Ekialdeko hegaleko dorrean den gela nagusiko hormak urdinez dira apainduak, eta habeetan nahiz erlaitzetan Robert W. Buchanan ingeles olerkariaren bertso lerroak irakurtzen ahal dira: Izarrak, heda itzazue zuen izpi fresko eta leunak. O Ilargi, zabiltza bakean zure zilarrezko bidean (…) gau eta misterioaren ahotsa, kanta apalago. Hormetan, gau-urdinaren gainean izarrak irudi, AA (Anton Abadia) eta VV (Virginie Vincent) monogramak ageri dira. Tximiniaren gainean, Abadia eta Vincent leinuen ikurrekin batera, ohiko iturburua ageri da: Plus estre que paraistre; tximinia buruan, berriz, latinez: Transit vita sicut fumus (bizitza ihes doa kearen gisan). Gelaren sarreratik begiratuta, ezker horman ageri da lore-jokoak antolatzen zituen Donostiako Itz-Jostaldien Batzarrak 1881ean Anton Abadiari emandako esker agiria; bertan ikus daiteke erakunde horren zigilua, «Bizi bedi euskara» Abadiak lore jokoetarako asmatutako ikurburuaz.

Liburutegian dira gaztelu barruko euskarazko lau idazkun bakarrak, dirudienez Arnaud Oihenarten Atsotitzak eta neurtitzak liburutik hartuak. Horietatik bi dira bizitzaren eta izatasunaren inguruko irakaspenak:

  • Erho bat aski da harrikantombaten puzura egosteco, bana sei zuhur behar dira haren hantik itoiteco (Ero bat aski da harri bat putzura jaurtitzeko baina sei zuhur behar dira hura handik ateratzeko)
  • Sapar edoceinec du bere izala (Lahar txikienak ere badu bere itzala)

Liburutegiko beste bi idazkunak erlijio kutsukoak dira:

  • Jaincoac bera languile on izangati nahi du lankide
  • Ago Jaincoarequi, Jainco dukek hirequi

Abdullah[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abdullahren irudia

Eskailera nagusiaren buruan, gazteluko sarrera nagusia zaintzeko eginkizuna balu bezala, Abdullahren irudi bat dago, zurez zizelkatua. Abadia Etiopian bizi izan zelarik, Ras Ali agintariak Abadiari eskaini esklabo txiki bat zen Abdullah.

Abadia Euskal Herrira itzuli zenean, ez zuen haur hura bertan uzteko bihotzik izan; libre utzi eta berarekin eraman zuen.

Gazteluko bizitza lasaia ez zuen atsegin, eta Abadia utzita Frantziako armadan sartu zen, turkoak deitu kanpotarren gudarostean. Adoretsua, bere herrikide guztiak bezala, balentria handiak egin zituen Magentako guduan.

Parisko Komunan, 1871n federatuen lerroetan harrapatu zuten. Zergatik ulertu gabe, frantsesek fusilatu egin zuten. Alphonse Daudetek kontatu zuen historia hori bere Contes du lundi obrako Le turco de la Commune izenburuko narrazio laburrean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Abadia jauregia Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Lapurdi