Ainar purpura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ainar purpura
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaEricales
FamiliaEricaceae
GeneroaErica
Espeziea Erica cinerea

Ainar purpura (Erica cinerea) erikazeoen familiako zuhaixka adartsua da, 15–60 cm luze dena. Erica generoko txilar espezie-mota bat da.

Morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hostoak, linealak, lantzeolatu-linealak edo erekto-patenteak, 2-7 x 0,3-1 mm artekoak dira. Loditsuak diren zurtoinetan, ezaugarri ez-ohikoa dena, lantzeolatuak izan daitezke. Gainera, hostoak bertizilatuak dira[1]. Hostoa ardatzean tolesten da eta atzealdea ezkutatzen du[2], glabroak (ilegabeak) dira, baita ziliodunak ere. Batzuetan, hosto laguntzaileak ageri dira.


Infloreszentziak panikula-itxurakoak dira, haien baitan unbela-itxurako lukua dutelarik. Luku puntan 1-2 lore garatzen dira. Pedunkuluak 2-4 mm-takoak dira, iletsuak eta purpura kolorekoak. Pedunkuluetan 3 brakteola txiki daude (1-2,5 mm-takoak).


Loreari dagokiola, honelakoak dira lau atal nagusiak: sepaloak 2-3,5 mm-takoak, askeak eta lantzeolatuak, berde edo berde-purpura kolorekoak. Oro har, hostoen antzekoak. Korola 5-7,5 mm-takoa, urtzeolatua, purpura edo arrosa (zuria ere ikus daiteke). Lobuluak 0,8-1 mm-takoak. Estamineen harizpiak lobuluaren tamainakoak dira eta 0,5 mm-tako apendizeak dituzte. Obarioa, glabroa da eta 4 mm-tako estiloa du. Azken hau lodia eta leuna da.


Ainar purpuraren hazia 0,8-1 mm-takoa da, oboide edo elipsoidea. Gordetzen duen genoma diploideoa da, n=12 delarik.[1]

Adarrek 3 bakteola txiki dituzte.

Loraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loraketa maiatzetik urrira bitartean gertatzen da[2]. Bere loreak kolore morekoak dira eta loraldian ainar purpura duten mendiak kolore morez ikus daitezke. Polinizazioa erleen bidez gertatzen da (entomofiloak dira). Hala ere, Erica generoko landareak haizearen bitartez poliniza daitezke arrakasta gutxiagorekin.[3]

Nahiz eta moreak izan, latinetik cinereak errauts kolorekoa esan nahi du. Fruitua kapsula txiki bat da, korola barnean ageri dena hau jada lehor dagoenean.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko eta erdialdeko Europan jatorria du. Madeiran ere aurki daiteke. Substratuari dagokiola, lurzoru silizeoak atsegin ditu, hezetasun gutxikoak. Basoak (oro har, hariztiak edo pinudiak) suntsitzean ageri diren txilardien osagai ohikoa da. Altitudeari dagokiola, tarte handian aurki daiteke, itsas mailatik 1.450 metrotaraino[1].


Euskal Herriari dagokiola, banaketa zabala du. Klima-mota ezberdinetako guneetan ageri da (bereziki eragin atlantikoa duen lurraldean ugaria da), hertsiki mediterranearra den horretan izan ezik, hots, Ebro ibaitik hegoaldera dagoen zonaldean eta Nafarroako hego-erdialdean ez dago[2].


Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare apaingarri ezaguna da[4]. Erleak txilarren nektarraz elikatu ahal dira. Are gehiago, landare hauetatik lortutako eztia kalitate oso onekoa omen da, hainbat erabilera gastronomiko atxikitu zaiolarik. Medikuntzari dagokiola, medikuntza herrikoian diuretiko gisa erabili da (hala nola, zistitisan)[1]. Konifero landaketetan, lurzorua gaineztatzen duen landare gisa ikus daiteke[5].


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Flora ibérica : plantas vasculares de la Península Ibérica e Islas Baleares. Real Jardín Botánico, C.S.I.C 1986-<2017> ISBN 9788400062217. PMC 15529745. (Noiz kontsultatua: 2019-02-24).
  2. a b c Iñaki., Aizpuru,. (1990). Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaisken gidaliburua. (1. ed. argitaraldia) Eusko Jauralitzaren Argitalpen-Zervitzu Nagusia ISBN 8475429068. PMC 30568476. (Noiz kontsultatua: 2019-02-24).
  3. Hagerup, Else; Hagerup, Olaf. (1953). «Thrips Pollination of Erica tetralix» The New Phytologist 52 (1): 1–7. ISSN 0028-646X. (Noiz kontsultatua: 2019-03-09).
  4. A-Z encyclopedia of garden plants. ([3rd ed.]. argitaraldia) Dorling Kindersley in association with the Royal Horticultural Society 2008 ISBN 9781405332965. PMC 299238159. (Noiz kontsultatua: 2019-02-24).
  5. A-Z encyclopedia of garden plants. ([3rd ed.]. argitaraldia) Dorling Kindersley in association with the Royal Horticultural Society 2008 ISBN 9781405332965. PMC 299238159. (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).