Aizkorriko galtzada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Aizkorriko galtzada
Aizkorriko galtzada. Euskal Herria.jpg
Aizkorriko galtzadaren irudia.
Kokapena
Koordenatuak 42° 56′ 09″ N, 2° 19′ 05″ W / 42.93583333°N,2.31805556°W / 42.93583333; -2.31805556Koordenatuak: 42° 56′ 09″ N, 2° 19′ 05″ W / 42.93583333°N,2.31805556°W / 42.93583333; -2.31805556
Historia eta erabilera
Arkitektura

Aizkorriko galtzada Aizkorriko mendilerroa zeharkatzen duen galtzada bat da. Gipuzkoako Zegama eta Arabako Araia herriak lotzen zituen. Lizarrateko tunelaren ondoan, Araiarantz doan zatitxoa da hobekien gorde dena. Gipuzkoako Foru Aldundia galtzada berriz oneratzeko lanak egiten ari da.[1] Oraingoz, aurkitutako galtzada aztarnarik zaharrenak Erdi Arokoak dira, baina litekeena da erromatar garaikoa ere izatea.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aranzadi Zientzia Elkartea Lizarrateko tunelean egiten ari den indusketa

Aranzadi Zientzia Elkartearen ikerketen arabera, Aizkorriko galtzadak zuen toki estrategikoena babesteko, Lizarrateko tunelean, gaztelua eraiki zuten XII. mendearen inguruan. 300 bat lagunentzako tokia zuen. Gazteluarekin batera, han herrixka bat zegoen, tunelaren alde bietan: zalditegiak, ostatua, hilerria, biltegia, baseliza, ur andela eta abar.[1]

Izan ere, Gaztelak Araba eta Gipuzkoa bereganatu zituenean (1200. urtea) hartu zuen Aizkorriko galtzadak inoizko indarrik handiena. Nafarroa saihestu nahi bazen, ez zegoen beste biderik Gaztelaren eta Frantziaren artean. XVI. mendearen amaiera arte, garrantzi handiko errege galtzada izan zen. Komunikabide hura kontrolatu eta defendatzeko sortu zen gaztelua eta haren inguruko multzo osoa.[2] Aldi hartan, Lizarrateko pasabidea ez zen, ez, samurra, iritsi zaizkigun lekukotasunek diotenez: lapurrak, aldapa gogorrak, urtearen egun gehientsuenetan elurra, ostatu garestia... Hala ere, XVIII. menderaino, Gasteiz eta Donostia arteko igarobide nagusia izaten jarraitu zuen. Mende hartan, aldapei, elurrari eta arriskuei ihesi, Arlabango bidea ireki zuten. Lizarratekoa bigarren mailako bidetzat geratu zen.[1] Pasabide nagusi izan zen bitartean, bidesaria kobratzen zen tunela zeharkatzeagatik; bidesaria ordaindu nahi ez edo ezin zuenak, mendian goragoxeago igotzen den beste bide zailago bat erabili behar zuen. Gipuzkoako aldetik begiratuta tunelaren eskuinaldera dauden bi mailak, harkaitzean landuak, beste igarobide horren arrastoak dira, usadioak dioenez.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c GipuzkoaKultura: Garai bateko Lizarrate, bideoa, YouTube webgunean argitaratua.
  2. Pantxike Agirre: «Garai berria galtzada zaharrarentzat», Berria, 2009-10-03.
  3. Felix Ibargutxi: «San Adrián revela sus secretos», Diario Vasco, 2009-06-23.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]