Aizpea baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aizpea
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Aduna
Auzoa Elbarrena
Garaiera 56 m
Aizpea baserria is located in Gipuzkoa
Aizpea baserria
Aizpea baserria
Aizpea baserria (Gipuzkoa)
Ezaugarriak
Garaia XVI. mendea
Oinplanoa Laukizuzena
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2008ko uztailaren 11

Aizpea Adunan (Gipuzkoan) dagoen baserria da, XVI. mendean eraikia. Elbarrena auzoan kokaturik, lehen izen bereko bi baserri zeuden baina Uparan poligonoa eraiki zutenean bat bota zuten[1]

2008ko uztailaren 11n, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi bolumen nagusik eta erantsitako aterpe batek osatutako baserria da. Oria ibaiaren ezkerraldeko ibarrean dago, 577.620,00-4.783.520,00 koordenatuetan. Bi bolumenetan zaharrenak karratu antzeko oinplanoa du: 16,50 metro sakon, goihabearen noranzkoan; eta, 17,70 metro luze, horma pikoaren aldean neurtuta. Goihabeak ipar-hegoalde noranzkoa du, eta mendebalderantz 45.º okertuta dago.

Aurreko bolumenaren ipar-mendebaldeko izkinan beste bolumen bat ezarri zen: etxebizitza. Azken horrek oinplano laukizuzena du. Fatxada horrek 7,80 metro ditu luzetara, bolumen zaharraren hego-mendebaldeko horma piko nagusiarekin arrasean. Metro horietako lau jatorrizko fatxadakoak dira; eta, beste lau, jatorrizko fatxadaren luzapena dira. Horrez gain, 6,50 metroko zeharkako fatxada dauka ere. Erantsitako bolumenak bi isurkiko estalkia du, baita antzinako bolumenaren gailurrarekiko perpendikularra den goihabea ere. Bolumen nagusiak nahiz atxikitako bolumenak ondokoak dituzte: beheko solairua, lehenengo solairua eta teilatupeko solairua.

Hego-ekialdean aterpe bat dago atxiki. Baserriko bolumen nagusiaren isurkiaren luzapenaz estalita dago. Baserriaren horma guztiak harlangaitzezkoak dira. Izkinetan, aldiz, harlanduzko kateak dituzte.

Baserriaren ipar-ekialdeko fatxadan, sarbidearen parean, erantsitako bolumenaren aldea ikus daiteke. Bolumen horren gainean hiru leiho txiki egin dira, inolako irizpide antolatzaileri jarraitu gabe. Atzerago, eraikin zaharraren teilatuperako sarbideen azpian, bi ate handi daude. Aipatu ateek bi isuriko mantsarda bana dute gainean. Hego-mendebaldeko fatxadan, eraikinaren horma piko nagusia dago. Aipatu horman erantsitako bolumenak eta bolumen zaharrak bat egiten dute. Antzina, arku zorrotzeko ate nagusia zegoen bertan. Egun burdinazko ate handi bat dago haren lekuan. Gainera, aurrealde horretan, txertatutako bolumenaren beheko solairuan, bolumen horretara sartzeko beste ate bat dago, adreiluzko luzekako ateburua duena. Horrez gain, landutako kareharriz inguraturik dagoen leiho bat ere badago. Erantsitako bolumenaren lehenengo solairuan, lau leiho daude lerrokaturik. Aipatu leihoak, nolanahi ere, tamaina eta itxura ezberdinekoak dira: ezkerraldeko biek adreiluzko luzekako leihoburuak dituzte; hirugarren leihoa landutako kareharriz inguraturik dago; eta laugarrenak, lauetan txikienak, leihoburua du.

Arestian aipatutako burdinazko ateaz gain, hiru leiho daude baserriaren bolumen zaharraren hego-mendebaldeko fatxadaren beheko solairuan: hirurak tamaina ezberdinekoak dira; bi landutako kareharrizko markoa dute, eta batek egurrezko leihoburua du. Jatorrizko bolumenak hiru leiho ditu lehenengo solairuan: hiru leihoetako bi lantutako kareharriz inguraturik daude; besteak, zurezko leihoburua du. Teilatupean, horma pikoan, karratu forma duten aireztatzeko bi bao txiki daude.

Baserriaren hego-ekialdeko fatxadan erantsitako aterpe bat dago. Aterpeak korridore handia du eta teilatuaren hego-ekialdeko luzapenaren azpian dago. Arkupea zurezkoa da eta habeak metro bateko harrizko karelaren gainean daude. Aipatutako arkupetik baserriaren hego-ekialdeko itxituraren hormara zeharkako hainbat habe daude. Habe horiek arkupearekiko paraleloa den frontalari eusten diote, eta frontal horrek, bere aldetik, arkupeko teilatuaren erdiguneari.

Arkupearen barruan, lur harrotuzko zolataren ondoan, baserriko bolumenaren itxitura-etxaurrea aurki dezakegu. Aipatu fatxada harlanduzkoa da eta zarpiaturik dago. Fatxada horretan, harrizko zokaloan bermaturik, pieza bakarreko habeak daude. Fatxadak espazioan erregularki banatutako bi ate ditu. Aipatu ateen eskailerek zazpina koska dauzkate: ezkerraldeko atearen eskailera harrizko bi petril artean dago; eskuinaldeko atearenak, aldiz, petril bakarra du. Fatxadan, aterpearen azpian, leihoetarako hainbat bao irregular daude.

Ipar-ekialdeko fatxadan, eraikinak hiru leiho lerro ditu modu erregularrean sakabanaturik: beheko solairuko leihoek zurezko leihoburuak dituzte; lehenengo solairuko lau leihoak landutako kareharriz inguraturik daude; teilatupekoan, azkenik, aireztatzeko bi leihatilatxo karratu daude. Fatxadaren goiko aldean, halaber, aireztatzeko beste bao txiki bat dago, triangelu itxurakoa. Aurkako fatxadan bezala, baserriak izan zuen dolare gotikoaren goihabe bikoitza ageri da.

Aipatu bi gorputzek -bolumen zaharrak nahiz erantsitako bolumenak- zurezko egitura dute. Eraikin zaharrak karga-horma eta pieza bakarreko hainbat habe ditu. Aipatu habeak antolatzeko, luzekako lau horma-arte eta zeharkako beste hiru baliatu dira. Eraikinaren egitura zutabeen gainean muntatutako habez osaturik dago. Gainera, habeak eta zutabeak lotzen diren puntuetan beso bikoitz indargarriak daude. Habeetako bat, hain zuzen, palanka-habedun dolare gotiko baten bi berniaz osaturik dago. Bernia horien gainean, baserriaren kanpotik ikus daitekeen goi-habe bikoitza bermaturik dago.

Solairuaren antolakuntza funtzionalari dagokionean, horma atxikiaren tartean, bi etxebizitzetara sartzeko ate bana dago. Etxebizitzetako sukaldeetan -hego-ekialdeko nahiz hego-mendebaldeko txokoetan, hurrenez hurren- beheko sua dago. Bestalde, hego-mendebaldeko fatxadan ate bat dago, zeinaren bidez hirugarren etxebizitzara sar gaitezkeen.

Aizpea baserria XVI. mendekoa da. Adunako oinetxerik zaharrenetako eta aberatsenetako bat. XVIII. mendean, txoko berriak nahiz erantsitako aterpea gehitu zizkioten. Ondoren, XX. mendearen hasieran, etxebizitza-atxikia gehitu zioten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. García Dalmau, Miren; Agirre Urteaga, Arantxa; Moraza Barea, Alfredo. (2005). (pdf) Inventario de Patrimonio Cultural del termino municipal de Aduna (Gipuzkoa). Adunako Udala, 30 or..[Betiko hautsitako esteka]
  2. Kultura Ondasun izendapena EHAAn

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]