Alberto Girri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Alberto Girri
Albertogirri.jpg
Bizitza
Jaiotza Buenos Aires1919ko azaroaren  27a
Herrialdea  Argentina
Heriotza Buenos Aires1991ko azaroaren  16a (71 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak poeta, kazetaria, autorea eta idazlea
Genero artistikoa olerkigintza

Alberto Girri (Buenos Aires, 1919ko azaroaren 27a - Ib., 1991ko azaroaren 16a) argentinar olerkari, itzultzaile eta kontalaria izan zen.

Bere sorterrian egin zituen letretako ikasketak, eta idazle-lanetan murgildu zen buru-belarri. Hainbat sari eta beka eskuratu zituen, eta beka bati esker joan zen, hain zuzen ere, 1963an Estatu Batuetara bizitzera. Ingeles olerkigintzan aditua zen, eta alor horretan egin zituen itzulpen aipagarrienak, bai bakarka eta bai William Shand edo Carlos Viola Sotorekin elkarlanean. T. S. Eliot, Wallace Stevens, Edgar Lee Masters, John Donne eta Rabindranath Tagoreren obren antologiak eta bildumak eman zituen argitara. Bere olerkigintzari dagokionez, berriz, gaztelaniazko literaturaren baitan egile berrizalea izan zen; hizkuntza gordina erabili ohi zuen, hitz lauaren hurbilekoa, existentzialista eta zorrotza, zorroztasun formal handikoa eta sintetikoa. Bere lanetan existentziaren harrigarriaz eta tragikotasunaz, hitz poetikoaren eraginaz eta arrazoiaren mugez gogoeta egin zuen. Ingeleseko olerkari metafisikoen eragina, T. S. Elliotena eta bere garaiko argentinar idazleena (batez ere, Jorge Luis Borgesena) nabarmentzen da bere lanetan. 1946an eman zuen argitara lehenengo olerki-bilduma, Playa sola (Hondartza bakartia), eta haren ondoren idatzi zituen, besteak beste, Trece poemas (1949, Hamahiru olerki), El tiempo que destruye (1951, Denbora suntsitzailea), Escándalo y soledades (1952, Eskandalua eta bakardadeak), El ojo (1965, Begia), Casa de la mente (1968, Adimenaren etxea), Los valores diarios (1970, Eguneroko balioak), Poesía de la observación (1973, Behaketaren olerkia). Hitz lauz idatzi zituen, Crónica del héroe (1946, Heroiaren kronika), Un brazo de Dios (1966, Jainkoaren beso bat) eta En la letra, ambigua selva (1972, Letra, oihan anbiguoa).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]