Aldaketen legea. Plagioen liburua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aldaketen legea. Plagioen liburua
Datuak
IdazleaJorge Oteiza
Argitaratze-data1991
GeneroaSaiakera
Jatorrizko izenburuaLa ley de los cambios. El libro de los plagios
Hizkuntzagaztelania

Aldaketen legea. Plagioen liburua (gaztelaniaz La ley de los cambios. El libro de los plagios) Jorge Oteizak 1991an gazteleraz idatziriko arteari buruzko saiakera da, Pamiela argitaletxeak argitaratua. Bertan argi ikusten da Oteiza eta Eduardo Chillidak izan zuten etsaitasun gogorra. Etsaitasuna 1957an hasi zen, Oteizak Sao Pauloko Biurtekoan lehen saria lortu zuen eta Chillidak bere lanen kopiekin irabazi izana leporatu zion. 40 urte geroago, liburu hau argitaratu eta 6 urtera, 1997an biak elkartu ziren Chillida-Lekun eta areriotasuna amaitutzat jo zuten.

Laburpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburua bi zati eta eranskinak osatzen dute:

1 Gizatxarra zuzendariorde Reina Sofía Arte Zentroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zati honen azpititulua oso esanguratsua da: "nola Kultura Ministerioak Kosme Barañano (ipurdian ostikada batez) Eduardo Chillidari itzuli dion".

Lehenik Oteizak garai hartako gertaerak hauek aipatzen ditu:

  • 1990ko urriaren 21ean Oteizak 82 urte bete zituen eta Diario Vasco egunkarian Barañano Reina Sofía Arte Zentroaren zuzendariorde izendatu izana kritikatu zuen, bere aspaldiko etsaitzat jotzen baitzuen. Urriaren 28an Barañanok egunkari berean Oteiza lan urriko artista eta Henry Moore eta Jacobsenen menpekotzat jo zuen.
  • Abenduaren 2an Oteizak Reina Sofiako zuzendariari eta Kultura Ministroari aurreko bi gertaeren berri emateko gutun bat idatzi zien.
  • Abenduaren 27an Oteizak Kereila Kriminal bat jarri zion Barañanori. Abenduaren 28an Barañano kargugabetua izan zen.

Ondoren Barañano Chillidaren eta Joseba Arregiren, garai hartako Eusko Jaurlaritzako kultura kontseilariaren, zerbitzupean zegoela salatzen du eta oso hitz gogorrak ditu Baraño eta Eusko Jaurlaritzaren kultura politiken aurka.

Lehenengo zatiaren amaieran; Barañanok Oteiza David Smith, Barbara Hepwort, Moore eta Jakobsenekin erlazionatu zuenez; Oteizak bere lana aipatutako artisten lanarekin alderatzen du. Artista gehienekin antzekotasun eza eta bere lanak lehenago eginak ez ezik hobeak direla aipatzen du. Mooreren lan egiteko modua bolumen handien fisioa (zatiketa) dela dio, berea berriz unitate arinen fusio (elkarketa) bidezkoa.

2 Besteren lanetan oinarritzeko erak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zati hau beste hiru puntutan banatzen du:

  • 1 Aldaera moduan: Eredua itzuli, interpretatu egiten da askatasunez.
  • 2 Jarraipen manierista moduan: Ondorengo euskal artistek bere lanean oinarrituz, Oteizarekiko lotura adieraziz, merkatuarentzako produktuak sortu dituela kritikatzen du.
  • 3 Plagio moduan: Zati honetan Charles Ginneverrek, Agustin Ibarrolak eta Chillidak bere lanetan oinarritutako eskultura batzuk egin zituztela eta ez zutela onartu Oteizarekiko lotura dio. Gogorren Chillidari buruz idazten du, Euskal eskolaren eragina ez onartzea iruditzen zaio okerrena. Plagioak salatzeko beste artisten lanen argazkiak bere lanenekin alderatzen ditu, bereak beti lehenago eginak dira eta, bere ustetan, hobeak.

Oteizak liburuan alderatzen dituen bi lan:

Eranskina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Nire lana Reina Sofian: Bertan Madrilgo museoan dituen eskulturen zerrenda, argazkiekin, aurkezten du.
  • Nire lau orri hutsak: Lehenik Deia egunkaria kritikatzen du 1990ko Inuzente egunaz baliatuz maltzurtasunez txantxa bat argitaratu izanagatik. Deiaren artikulu batek Oteizak Rafael Moneo Kursaala berari plagiatu izanaz salatu zuela zioen. Azkenik BBV fundazioa liburuen mafian parte hartzeaz salatzen du, bere liburuetan Oteizari garrantzia kendu eta Chillidari merezi duena baino garrantzi gehiago ematen diotela adieraziz.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]