Altzibarko teileria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Altzibarko teileria
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Gipuzkoa
Udalerria Zegama
Koordenatuak 42° 59′ 22″ N, 2° 16′ 38″ W / 42.9894723585°N,2.27727251006°W / 42.9894723585; -2.27727251006Koordenatuak: 42° 59′ 22″ N, 2° 16′ 38″ W / 42.9894723585°N,2.27727251006°W / 42.9894723585; -2.27727251006
Historia eta erabilera
Eraikuntza XIX. mendea
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea 63

Altzibarko teileria Zegamako Barrenaldea auzoko eraikina da.

2012ko urriaren 3an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altzibarko teileria Zegamako udalerrian dago, Barrenaldea auzoan. Segura eta Zegama herriak lotzen dituen errepidetik hurbil dago eta, zehazki, Altzibar baserriaren jabetzetan, baserritik 75 metrora.

Teileriaren zati bat duela gutxi berreraiki da. Teilak eta adreiluak egiteko erabiltzen zen labea da, eta gela batzuk ditu erantsita. Harlangaitzeko eraikin txiki eta angeluzuzena da, lurzoruaren maldara atxikita dagoena, eta beheko aldean eranskina dauka itsatsia. Bi isurialdeko estalki asimetrikoa du, lau zutabe exentuk eta eraikinaren hormak eusten dutena. Eranskineko gelek isurialde bakarreko estalkia dute.

Mendebaldean bao bat du, eta bertatik lau angeluko gela batera sartzen da; dirudienez, gela hau langintzarako eta lehortzeko erabiltzen zen; hortik, erdi-puntuko arku adobelatua pasatuz, labera iristen zen. Mendi-mazelan erauzitako zulo batean dago sartuta, eta arabiarra esaten zaienetakoa da: ganbera bikoitza dauka gainjarria, behekoa sutarako eta goikoa egosteko. Aipatutako erdi-puntuko baotik betetzen zen labea, bertan lagatzen diren teilak edo adreiluak egosteko. Labearen beheko aldean, hegoaldean, erdi-puntuko beste bi bao daude; hortik elikatzen zen erregaia. Labeak kono-enbor forma du pixka bat. Oinplanoa angeluzuzena da, gutxi gorabehera 6,40 bider 5,80 metrokoa eta garaieran 5,70 metrokoa. Barrualdea adreilu trinkoduna da. Behealdean, lurretik goraxeago jarritako plataforma du, erregaia bereizita geratzeko. Labearen bi parteak banatzen dituen zolatak zuloak ditu, beroari pasatzen uzteko eta materiala egosi ahal izateko.

Eranskinean, mendebaldean hori ere, beste gela bat dago; seguruena teilaginen logela izango zen. Gelako hondoko horma luzatua da, suhesi modukoa, eta alboko teilapean, hortxe daude labea elikatzeko arestian aipatu diren baoak.

Teilaginen jarduna XVII. mendetik aurrera agertzen da dokumentatua Zegamako udalerrian; alabaina, Altzibarko teileria hau dirudienez XIX. mendeko bigarren erdian hasi zen lanean, eta XX. mendeko lehenengo herenera arte egon zen martxan. Adreiluak eta teilak nagusiki eskuz egiten ziren. Itxuraz, buztina instalaziotik hurbil hartzen zuten, eta eralki ostean dekantazio ontziak izeneko biltegi batzuetara isurtzen zuten; gero hor urarekin nahasten zuten, eta oratu. Adreiluak eta teilak fabrikatzeko, moldeak edo markoak erabiltzen zituzten: buztinaz betetzen zituzten, eta kanpoan uzten zituzten lehortzeko, gutxienez zortzi egunez. Piezak lehor zeudenean, labera eraman eta goiko ganberan sartzen ziren, aire beroa igarotzeko moduko tarteak utzita piezen artean. Ondoren lurrez estaltzen ziren. Labearen beheko arkuetatik egurra sartzen zuten. Sei egun inguru uzten zuten buztina egosten. Labea itzaltzean, bertan uzten zuten materiala egun batzuetan, erabat hoztu arte.

Altzibarko teileria teilagintza tradizionalaren primerako adierazgarria da; gaur egun horren adierazgarri oso gutxi daude-eta. Interes etnografiko handia du teileria honek, jarduera hori dokumentatzeaz gainera, antzinako ekoizpen-tekniken eta dagoeneko desagertu diren lanbideen eta bizimoduen erakusgarri delako. Tipologiari dagokionez, halako industrien erreferentea dela esan daiteke. Gainera, eta artisautzako teila-olen arrasto gutxi geratzen direla aintzat hartuta, gaur egun Gipuzkoan halako elementu bakanetakoa esan daiteke

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa