Amets bat dut

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Martin Luther King, Jr. Washingtonerako Martxan.

Amets bat dut jatorriz ingelesez, I have a dream, Martin Luther Kingek egindako hitzaldi ezagunenaren zati bat da. "Washingtonerako martxa, lanpostuen eta askatasunaren aldekoa" izena zuenean egin zuen, (ingelesez: March on Washington for Jobs and Freedom) 1963an. Esaldi horrek bere ametsa laburbiltzen du; etorkizun oparo bat non neska-mutil zuri zein beltz, berdintasunean, askatasunean eta justizian biziko ziren.

1963ko martxa elkarlanean eginiko ahalegin bat izan zen, eta bertan esku hartu zuten eskubide zibilen aldeko erakunde nagusi guztiek eta langile-mugimenduaren sektorerik progresistenak, bai eta erlijio-erakundeek ere. 200.000 eta 300.000 pertsona inguru hartu zuten parte ekitaldian. Gaur egun zenbakirik onartuena 250.000 dira, horietatik %75-%80a arraza beltzakoak. Gainerako partaideak, 60.000 inguru, zuriak izan ziren.

Martxak sei helburu ofizial zeuzkan:

  1. Eskubide zibilei buruzko lege esanguratsuak.
  2. Obra federalei buruzko programa erraldoi bat.
  3. Enplegu betea eta bidezkoa.
  4. Etxebizitza duinak.
  5. Botoa emateko eskubidea.
  6. Hezkuntza-sistema integratu egokia.

Dena den, helburu horien artetik, martxak ardatz nagusi gisa hartu zuen Kennedy Administrazioak Birminghameko gatazken ondoren proposaturiko eskubide zibilei buruzko legea onesteari zegokiona.

Estatu Batuetako hedabide nazionalek izugarrizko oihartzuna eman zioten martxari.

Lincoln Memorialen aurrean, Martin Luther Kingek bere "Amets bat dut" edota ingelesez, "I have a dream" hitzaldi historikoa eman zuen, zeinean arrazen arteko harmonia aldezten baitzuen.

Washington hirian emandako hitzaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Badakit hona etorri zareten batzuek proba eta ezbehar handiei aurre egin behar izan diezuela. Badakit, halaber, kartzelako gela estuetatik atera berriak zaretela batzuk. Askatasunaren bila ibili ondoren, jazarpenaren ekaitzak astindu eta polizien basakeriaren haizeak eraitsi dituen tokietatik etorri zarete zuetako batzuk. Sufrimendu sortzailearen beteranoak zarete zuek. Jarraitu lanean eta ziur egon merezi gabeko sufrimendua askatzailea dela. Ez dugu iraulkatu behar etsipenaren haranean. Lagun maiteok, gaur esaten dizuet, une honetako zailtasunak zailtasun, nik oraindik badudala amets bat.

Amets egiten dut egunen batean elkarrekin eseriko direla senidetasunaren mahaian, Georgiako mendixka gorrietan, antzinako esklaboen seme-alabak eta antzinako esklaboen nagusien seme-alabak.

Amets egiten dut egunen batean Mississippi estatua bera ere, bidegabekeriaren eta zapalketaren beroak itotzen duen estatua, askatasunaren eta justiziaren oasi bihurtuko dela.

Amets egiten dut nire lau seme-alabak larruazalaren kolorearengatik epaituko ez dituzten herrialde batean biziko direla egunen batean, nortasunaren ezaugarriengatik bakarrik epaituko dituzten herrialde batean biziko direla.

Askatasuna errepikan hasten denean, eta herrixka, baserri, estatu eta hiri guztietan errepikan uzten diogunean, lehenago iritsiko da Jainkoaren seme-alaba guztiak, zuriak eta beltzak, juduak eta kristauak, protestanteak eta katolikoak eskuak elkartu eta espiritual beltz zaharraren hitzak abestuko ditugun eguna:

Aske azkenean! Aske azkenean! Jainko ahalguztidunari esker, aske gara azkenean!"

 »

—Martin Luther King, Washington hirian emandako hitzaldia 1963ko abuztuaren 28a

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]