Amets luzido

Wikipedia, Entziklopedia askea

Amets luzidoa edo amets argia amets berezi bat da, zeinean ameslaria jakituna da amesten ari dela. Horrekin batera, sarritan ameslariak ametsaren nolabaiteko kontrola har dezake [1], trebetasun hori hobetuz entrenamenduaren bitartez [2].

Amets luzidoak aspalditik ezagutzen badira ere, haien ikerketa zientifikoa ez zen hasi XX. mendeko 60ko hamarkadara arte. 1968an, Celia Green-ek liburu klasiko bat idatzi zuen [3], eta 80ko hamarkadan Stephen LaBerge zientzialariak sakon aztertu zuen amets luzidoen fenomenoa Stanford unibertsitatean [4]. Ikerketa horiek, eta geroago egindako beste batzuek, hainbat ondorio eta ebidentzia argitara atera dituzte:

  • amets luzidoak ohiko ametsak baino biziagoak eta garbiagoak dira, "benetako"agoak eta errealagoak, ameslarien arabera
  • ameslariak bere arrazoibidea gordetzen du amets luzidoak dituen bitartean [5]
  • biztanleriaren ia erdiak berez izan ditu bizitzan zehar amets luzido bat gutxienez [6]
  • amets luzidoak kontrolatzeko eta zuzentzeko gaitasuna areagotu daiteke entrenamenduaren bitartez [7]
  • hainbat botikak (galantaminak, esaterako) amets luzidoen agerpena errazten dute [8]. Antza, botika horiek azetilkolinaren pilaketa eragiten dute, ametsetan kontzientzia maila areagotzen duena.

Amets luzido motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sortzen diren moduaren arabera, bi amets luzido mota daude: DILD eta WILD [9]:

  • DILD (dream-initiated lucid dreams) dira lo egiten ari garenean agertzen direnak. Ameslariak, amesten ari den bitartean, kontzientzia hartzen du amesten ari dela, ametsetan agertzen den zerbaitek kontzientzia hori pizten diolako. Ameslariak ametsaren barruan esnatzeko sentsazioa dauka. Mota honetakoak dira amets luzido gehienak.
  • WILD (wake-initiated lucid dreams): ameslaria modu kontzientean sartzen da lo egoeran, erlaxazio sakon baten ondoren eta ariketa zehatz batzuk egin ondoren. Ameslaria modu kontzientean lo hartzen du, eta kontzientzia hori ametsetan mantentzen du. Mota honetako amets luzidoak izateko ameslariak egoera hipnagogiko deritzona esperimentatu behar du, esna-aldi eta loaren arteko muga berezia, haluzinazio bisual eta entzumenekoak dituena (birak egiteko edo erortzeko sentsazioak, gorputz osora zabaltzen diren dardarak, gorputzetik ateratzeko sentsazioak....ere dituena) [10]. Ikerlari batzuek WILD motako amets luzidoak okultismoaren munduko bidaia astralekin lotu dituzte, fenomeno bera direlakoan [11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kris Martins Lucid dreams webMD (2022)
  2. sueños lúcidos: cómo tenerlos y sus beneficios Salud Mapfre
  3. Green. Celia: Lucid Dreams, Institute of Psychophysical Research (1968), ISBN: 978-0900076008
  4. LaBerge, S. lucid dreaming: an exploratory study of consciousness during sleep (PhD thesis). Stanford University
  5. Lucid Dreaming Dream and Nightmare Laboratory, Hospital del Sacré-Coeur de Montreal
  6. Fer Gregory (2023) ¿Podemos controlar lo que soñamos? La ciencia de los sueños lúcidos The conversation
  7. LaBerge, S. : Exploración de los sueños lúcidos, Ed. Arkano Books (2014) ISBN: 978-84-15292-14-2
  8. LaBerge, Stephen; LaMarca, Kristen; Baird, Benjamin (2018-08-08) Pre-sleep treatment with galantamine stimulates lucid dreaming: A double-blind, placebo-controlled, crossover study PLOS ONE. 13 (8): e0201246
  9. LaBerge, Nagel, Taylor, Dement, & Zarcone, 1981. Stephen LaBerge, Donald J. DeGracia, Varieties of Lucid Dreaming Experience testuan aipatua, Individual Differences in Conscious Experience (p. 269-307). Ámsterdam, 2000, John Benjamins artikulua
  10. 5 Lucid Dreaming Techniques to Try healthline.com
  11. Enrique Ramos: “Estamos destinados a soñar lúcidamente” micinexin.net

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]