Edukira joan

Anandi Gopal Joshi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Anandi Gopal Joshi

Bizitza
JaiotzaThane1865eko martxoaren 31
Herrialdea Britainiar Raj
Lehen hizkuntzamarathera
HeriotzaPune1887ko otsailaren 26a (21 urte)
Hobiratze lekuaPoughkeepsie
Hezkuntza
HeziketaDrexel University (en) Itzuli
Woman's Medical College of Pennsylvania (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmedikua
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioahinduismoa

Anandibai Gopalrao Joshi (maratheraz: आनंदीबाई गोपाळराव जोशी) (Thane, Britainiar Raj, 1865eko martxoaren 31 - Pune, 1887ko otsailaren 26) Indiako lehen medikuetako bat izan zen.[1][2][3][4] Estatu Batuetan medikuntza ikasi eta graduatu zen indiar jatorriko lehen emakumea izan zen. AEBra iritsi zen lehen emakume indiarra izan zela uste dute.[5] Bere izenaren idazkeraren aldaera asko daude, besteak beste: Anandibai Joshi eta Anandi Gopal Joshi.

Jatorriz ‘Yamuna’ deitua, Joshi Kalyanen jaio zen, non bere familia lurjabea izan zen galera ekonomikoak jasan aurretik. Garai hartako praktika zen bezala, eta amaren presioaren ondorioz, Anandibai bederatzi urterekin ezkondu zen Gopalrao Joshirekin, bera baino ia hogei urte zaharragoa zen alargunarekin.

Ezkondu ondoren, Yamunaren senarrak ‘Anandi’ izena jarri zion.[6] Gopalrao Joshik Kalyanen postan lan egin zuen. Geroago, Alibagera eraman zuten, eta, azkenik, Kalkutara. Ideia aurrerakoiak zituen eta emakumeen heziketa babesten zuen, garai hartan oso ohikoa ez zena.[7]

Hamalau urte zituela, Anandibaik haur bat erditu zuen, baina haurra hamar egunez baino ez bizi izan, bizirik irauteko beharrezko arreta medikoa ez zegoelako eskuragarri. Egoera hori inflexio puntu bat izan zen Anandibairen bizitzan, eta mediku izatera bultzatu zuen.[8][3]

Mediku karrera baten bila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gopalraok medikuntza ikastera animatu zuen Anandibai. 1880an Royal Wilderri, misiolari estatubatuar ezagun bati, eskutitz bat bidali zion, Anandibaik Estatu Batuetan medikuntza ikasteko zuen interesa adieraziz eta herrialde horretan bere buruarentzako lanpostu egoki bat eskatuz.[9]

Wilderrek bere Princeton's Missionary Review-n argitaratu zuen korrespondentzia. Theodicia Carpenter Rosellen bizi zen, New Jerseyn, eta bere dentista ikusteko zain zegoela irakurri zuen. Anandibaik medikuntza ikasteko zuen nahiak eta Gopalraok bere emazteari emandako babesak txundituta, Estatu Batuetan ostatua eskainiz idatzi zien.

Joshi senar-emazteak Kalkutan zeuden bitartean, Anandibairen osasunak gainbehera egin zuen. Ahulezia, buruko min etengabeak, noizbehinkako sukarra eta batzuetan aire falta izaten zituen. Theodiciak Estatu Batuetatik bidali zituen botikak, baina ez zuen emaitzarik eman. 1883an, Gopalrao Seramporera transferitu zuten, eta Anandibai Estatu Batuetara bakarrik bidaltzea erabaki zuen, medikuntza ikasketak egin zitzan, nahiz eta osasun kaskarra izan. Anandibai beldur zen arren, Gopalraok konbentzitu zuen beste emakume batzuk eredutzat har zitzan goi-mailako ikasketak egitean.

Thorborn izeneko mediku bikote batek gomendatu zuen Anandibaik Women's Medical College of Pennsylvanian eska zezala bere onarpena. Anandibaik bere goi-mailako hezkuntza Mendebaldean jarraitzeko zituen asmoen berri izan zuenean, indiar gizarte ortodoxoak gogor gaitzetsi zuen.

Anandibai komunitateari zuzendu zitzaion Serampore College Hall-en, Estatu Batuetara joan eta medikuntzako titulu bat lortzeko erabakia azalduz. Berak eta bere senarrak jasandako jazarpenaz hitz egin zuen. Indian doktore hinduak izateko beharra azpimarratu zuen, eta Indian emakumeentzako medikuntza fakultatea (“Anandibai Medical College”) irekitzeko helburuaz hitz egin zuen. Bere hitzaldiak ospea izan zuen, eta ekarpen ekonomikoak India osotik iristen hasi ziren.

Estatu Batuetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Anandibai Joshi Women's Medical College of Pennsylvanian (WMC) graduatu zen 1886an. Argazkian Kei Okami (erdian) eta Tabat Islambooly (eskuinean) ondoan. Hirurek osatu zituzten medikuntza ikasketak, eta bakoitza izan zen mendebaldeko medikuntzan titulu bat lortu zuen lehen emakumea, bakoitza bere herrialdean.

Anandibai New Yorkera joan zen Kalkutatik itsasontziz, Thorbornen lagun ziren bi emakume ingelesek lagunduta. New Yorken, Theodicia Carpenterrek jaso zuen 1883ko ekainean. Anandibaik Women's Medical College of Pennsylvania-ra idatzi zuen, bere programa medikoan onartua izateko eskatuz, hau da, emakumeentzako munduko bigarren programa medikua izan zen. Rachel Bodleyk, unibertsitateko dekanoak, inskribatu zuen.

Anandibaik 19 urterekin hasi zuen bere heziketa medikoa. Estatu Batuetan, bere osasunak okerrera egin zuen klima hotzaren eta ohikoa ez zen dieta baten ondorioz, eta tuberkulosia hartu zuen.[8] Hala ere, mediku titulu batekin graduatu zen 1885eko martxoaren 11n; bere tesiaren gaia “Obstetrizia hindua arioen artean” izan zen. Bere graduazioan, Victoria erreginak zorion mezu bat bidali zion.[8]

Indiara itzulera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1886. urtearen amaieran, Anandibai Indiara itzuli zen, eta oso harrera ona izan zuen. Kolhapur printzerriak bertako Alberto Eduardo ospitaleko emakumezkoen pabiloiko mediku arduradun izendatu zuen.

Anandibai tuberkulosiak jota hil zen hurrengo urtearen hasieran, 1887ko otsailaren 26an, 22 urte bete aurretik. Bere heriotza deitoratua izan zen India osoan. Haren errautsak Theodicia Carpenter-eri bidali zizkioten, eta hark Poughkeepsie-ko (New York) bere familiaren hilerrian jarri zituen.

Anandi buruzko argitalpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1888an, Caroline Wells Healey Dall estatubatuar idazle feministak Joshiren biografia idatzi zuen.[10]

Doordarshan Indiako telebista kate publikoak Anandi Gopal izena duen eta Kamlakar Sarangek zuzentzen duen bere bizitzan oinarritutako telesail bat eman zuen hindieraz.

Shrikrishna Janardan Joshik bere bizitzaren fikziozko kontakizuna idatzi zuen maratheraz Anandi Gopal eleberrian, eta izen bereko antzezlan batean egokitu zuen Ram G.-k. Joglekar.

Anjali Kirtane maratherazko idazleak luze ikertu zuen Anandibai Joshi doktorearen bizitza, eta maratheraz idatzitako liburu bat idatzi zuen, Dr. Anandibai Joshi, Kaal ani Kartutva (‘ Anandibai Joshi medikua, bere egunak eta lorpenak’) argitaratu zuen Majestic Prakashan, Mumbain. Liburuan Anandibai Joshi doktorearen argazki oso arraroak daude.

Gizarte Zientzietako Ikerketa eta Dokumentazioko Institutua (IRDS), Lucknoweko gobernuz kanpoko erakunde bat, Medikuntzako Anandibai Joshi Saria ematen aritu da, Indian zientzia medikoaren aurrerapenaren kausari egindako lehen ekarpenen omenez.[11]

Horrez gain, Maharashtraren Gobernuak beka bat ezarri zuen bere izenean, emakumearen osasunaren arloan lan egiten duten emakume gazteentzat.

2018ko martxoaren 31n, Googlek Doodle batekin omendu zuen, bere jaiotzaren 153. urteurrena ospatzeko.[12][13]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]