Angel Berruetaren hilketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Angel Berrueta, eskuinean.

2004ko martxoaren 13an, Angel Berrueta Legaz, 61 urteko Iruñeko Donibane auzoko dendaria, tiroz eta labankadaz hil zuten Valeriano de la Peña espainiar poliziak eta horren semeak. Hori baino lehenago, Maria Pilar Rubiok, aurrekoen emazteak eta amak, Berruetarekin eztabaidatu zuen, Berruetak emakumeak okindegian jarri nahi zuen ETA ez zioen kartel bat okindegian jartzeari ezezkoa eman ondoren. Bi egun lehenago, Madrilen, 11-M izeneko atentatu larria gertatu zen eta Espainiar Gobernuak ETA atentatuaren egilea izan zela baieztatu zuen zenbait egunetan zehar. Hiltzaileek beren burua entregatu eta kartzela-zigorra ezarri zitzaien. Ebazpen judizialean hilketaren motibazio politikoa aitortzen bazen ere, gobernutik eta instituzio politikoetatik Berruetari ez zaio aitortu biktima politikoaren izaera.

Gertakarien ondorioz, gainera, Berruetaren hilketaren aurka 2004ko martxoaren 14an Hernanin deitutako manifestazio batean, hilketaren biharamunean, Kontxi Santxiz 58 urteko hernaniarra hil zen bihotzekoak jota, Ertzaintzarekin tentsio giroan eta ertzainen karga baten ondorioz, haren familiaren arabera. Heriotza horrek ere eztabaida politikoa eragin zuen ezker abertzalearen eta Ertzaintzaren arduradunen artean.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angel Berrueta Legaz Iruñeko Donibane auzoko San Juan okindegiko jabea zen. Mari Carmen Mañasekin ezkonduta zegoen eta lau seme-alaben aita zen. Gurasoak erakundeko kidea zen, haren bi seme 1997 urtean atxilotuak izan ondoren, nahiz eta gero epaiketan errugabetuak izan.[1] Beste alde batetik, Valeriano de la Peña, espaniar polizia, Maria Pilar Rubio eta haien semea, Miguel José, Berruetaren dendako ondoko etxebizitza batean bizi ziren. Berruetarekin tirabira batzuk izanak ziren, Euskal Herriko gatazka dela eta bereziki. Familiak ez zuen erosten haren dendan.

2004ko martxoaren 11ko atentatuak Madrilen ETAk buruturikoak zirela adierazi zuen behin eta berriz espaniar gobernuak, haren agintean zeuden PP alderdiko ordezkarien bitartez, une hartan horren aldeko arrasto garbirik egon ez arren eta gerora atentatu islamista izan zela frogatu arren. Egun, hiru egun geroago ospatu behar ziren Espainiako hauteskunde orokorretan botu-emaileen aurrean legitimitatea irabazi nahian aurrera eramandako manipulazio-estrategia izan zela da iritzi nagusia.[2]

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004ko martxoaren 13an, Madrilgo atentatuak izan eta bi egunetara, atentatuen aurkako manifestazio batera joan ondoren, Maria Pilar Rubio Angel Berruetaren okindegira joan zen zuzenean, "ETA no" zioen afixa dendan jartzeko asmoarekin. Berruetak errespetuz ezezkoa eman arren, emakumea saiatu egin zen kartela jartzen. Harekin eztabaidan hasi eta "tú eres un asesino, un etarra" bota zion Berruetari. Berruetak kartela kendu, zimurtu eta lurrera bota zuen. Berruetak xingola beltza jarri zuen aurreko egunetan atentatuagatik eta denda ere itxi egin zuen denbora batez horregatik. Emakumea dendatik atera eta etxera igo zen, gertatutakoa handituz senarra eta semea berotu zituen. Horien semea jaitsi eta labankada hilgarri bat jo zion sabelean Berruetari. Horren atzetik senar-emazteak zetozen. Etxeko atarian emazteak "Voy a matar a este hijo de puta" esan (euskaraz, "Putakume hori hil behar dut") eta dendara sartu ziren. Orduan, Valeriano de la Peñak, senarrak, lau tiro egin zizkion Berruetari bere lanbideko erregelamenduzko pistolaz, eta horietatik hiruk jo egin zuten. Erasotzaileak euren etxera igo eta poliziari deitu zioten gertatutakoaren berri emateko, Berrueta dendan larriki zauriturik utzita. Ospitalera eraman eta minutu gutxira hil zen.[3]

Valeriano de la Peña soilik eraman zuen poliziak hasiera batean atxiloturik; arratsaldean, berriz, haren semea ere eraman zuten. Jende andana hasi zen biltzen arratsalde partean Berruetaren denda inguruan, harekiko elkartasunez eta denda zaintzen zuten espainiar poliziekin tentsio giroan. Azkenean poliziek borraz kolpatuz sakabanatu zituzten han bildutakoak. Beranduago ere errepikatu ziren istiluak Berruetaren gorpua zegoen tanatorioan, poliziak borrak erabiliz eta gomazko pilotak jaurtiz. Aldi berean, Euskal Herriko hainbat herritan ere protestak izan ziren.[4]

Biharamunean, Hernanin manifestazio bat egin zen eguerdian hilketaren aurka protestatuz. Ertzaintzak manifestazioa geldiarazi eta horren aurka oldartu zen. Kontxi Sanchiz eta bere alabak korrika hasi eta etxeko atari batean babestu ziren. Han Santxiz erori zen ondoezik, testigantzen arabera. Ertzain batek alabak egindako laguntza eskariari muzin ere egin omen zion. Minutu batzuk geroago ospitalera heldu eta hilik zegoela jakinarazi zieten. Ertzaintzaren arduradunek bertsio horiek ukatu eta ondoeza ertzainen karga baino lehen izan zela adierazi zuten. Heriotzaren arrazoien inguruko auziak eztabaida bizia sortu zuen Eusko Legebiltzarrean ezker abertzaleko eta Javier Balza Barne Sailburuaren artean.[5][6][7]

Epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaiketa 2005eko ekainean burutu zen, herri epaimahai baten aurrean. Akusatuak, senar-emazteak eta horien semea, hilketa justifikatzen saiatu ziren. Senarrak Iparreko sindromea pairatu eta emazteak berotu egiten zuela adierazi zuen. Semeak, berriz, haurra zelarik eskolan espainiar polizia baten semea izateagatik laidotu egin zutela kontatu zuen aringarri moduan. Bizilagun moduan, Berruetarekin ongi moldatzen ez zirela eta haren militantzia politikoa ezagutzen zutela adierazi zuten.[8] Epaimahaiak larrigarri moduan arrazoi ideologikoengatik eragindako erailketa izan zela erabaki eta 20 urteko kartzela zigorra ezarri zion Valeriano de la Peñari, 10 urte emazteari, erailketaren probokatzailea izateagatik, eta 15 urte horien semeari.[9][10] Emaztea, senarra eta semea ez bezala, libre zegoen gertakarien egunetik eta egun gutxira kartzelatu egin zuten. Hala ere, fiskaltzak sententzia errekurritu zuen Maria Pilar Rubioren kasuan eta azkenean Nafarroako Justizia Epaitegi Gorenak delitu-proposamenaz errugabetu egin zuen 2005. urtean bertan, eta kartzelatik atera zen han hilabete batzuk soilik pasa ondoren.[11] Espainiako Tribunal Gorenak emaztearen errugabetasuna eta senarraren eta semearen zigorrak berretsi zituen 2006 urtean.[12] Kartzela-zigorra betetzen zuten bitartean, aitak eta semeak indultua eskatu zuten, baina eskaera horri ezezkoa eman zioten epaitegiek. Kartzelatik irteteko baimenak eskuratu zituzten, ordea.[13] Zigortuek ordaindu beharreko kalter-ordaina partzialki bakarrik estali dute eta Valeriano de la Peñak bere polizia-lanpostua atxiki eta horren soldata ere jasotzen du.[14] Horren semeak 2011ko irailean atera zen kartzelatik hirugarren gradua eskuratuta.[14]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilketaren ondoren, hainbat urtetan zehar, Berruetaren familiarrek irainak, mehatxuak eta euren ondasunetan erasoak pairatu dituztela salatu izan dute. Era berean, espainiar poliziaren jazarpena ere salatu dute, batzuetan haien aurkako salaketak jartzeraino iritsiz.[14][15]

Oroimena eta aitortza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angel Berrueta hilketaren urteurrenetan haren aldeko oroimen-ekitaldiak egin dira. 2011 urtean, Angel Gogoan plataforma sortu zen haren aldeko oroimenez eta justizia eskatzeko helburuarekin. 2014 urtean, hilketaren hamargarren urteurrenean, sinadura-bilketa baten ondoren, mozioa aurkeztu zuten Iruñeko Udalean Angel Berrueta biktima politiko gisa hartzeko eskatuz. Mozioaren aldeko botorik ez zuten eman UPN, PP eta PSN alderdiek. Urteurren horretan Berruetaren oroimenez plaka bat jarri zuten haren lagunek eta senitartekoek Donibane auzoan. Plaka kendu egin zuen Iruñeko Udaltzaingoak handik ordu batzuetara.[16] Azkenik, 2016ko martxoak, Berruetaren hamabigarren urteurrenetik gertu, Iruñeko Udaleko osoko bilkurak [ohar 1], Berrueta motibazio politikoko biktimatzat hartu zuen.[17][18]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Iruñeko Udaleko alkatea eta zinegotziak 2015eko maiatzeko hauteskundeen ondorioz berritu ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz)   «Ángel, la otra víctima del 11-M y de la campaña de mentiras de Aznar», publico.es, 2014-03-10, http://www.publico.es/politica/506408/angel-la-otra-victima-del-11-m-y-de-la-campana-de-mentiras-de-aznar  .
  2. (Gaztelaniaz)   Sampedro Blanco, Víctor (2005), Trece-M, Los Libros de la Catarata  .
  3. (Gaztelaniaz)   «Condenados el policía y su hijo a 20 y 15 años por asesinato y la mujer a 10 por provocarlo», diariodenavarra.es, 2005-07-16, http://www.diariodenavarra.es/actualidad/noticia.asp?not=2005071601391098&dia=20050716&seccion=navarra  .
  4. (Gaztelaniaz)   «Gurasoak taldeko kide bat hil du Iruñean Espainiako polizia batek», berria.info, 2004-03-14, http://paperekoa.berria.info/harian/2004-03-14/016/033/.htm  .
  5.   «Hernanira zabaldu zen dolua», berria.info, 2014-03-09, http://www.berria.info/albisteak/89537/hernanira_zabaldu_zen_dolua.htm  .
  6.   «Balzak dio Ertzaintzak ez duela zerikusirik Sanchizen heriotzan», berria.info, 2004-04-02, http://paperekoa.berria.info/harian/2004-04-02/008/018/lege_info.htm  .
  7.   «Barne Sailaren bertsioa gezurtatu dute Kontxi Sanchizen senideek», berria.info, 2004-03-17, http://paperekoa.berria.info/harian/2004-03-17/016/018/lege_info.htm  .
  8. (Gaztelaniaz)   «Los acusados de matar a Berrueta dicen que sufrían «el síndrome del norte»», diariodenavarra.es, 2005-06-16, http://www.diariodenavarra.es/actualidad/noticia.asp?not=2005061621393432&dia=20050616&seccion=navarra  .
  9. (Gaztelaniaz)   «El jurado declara culpables a un policía y su familia por matar a un comerciante el 13-M», elpais.com, 2005-06-28, http://elpais.com/diario/2005/06/28/paisvasco/1119987604_850215.html  .
  10. (Gaztelaniaz)   «Veinte años de prisión para el policía que asesinó en Pamplona a un comerciante el 13-M», abc.es, 2005-07-16, http://www.abc.es/hemeroteca/historico-16-07-2005/abc/Nacional/veinte-a%C3%B1os-de-prision-para-el-policia-que-asesino-en-pamplona-a-un-comerciante-el-13-m_203825139694.html#  .
  11. (Gaztelaniaz)   «El TSJN decide que la mujer del policía que mató a Berrueta sea absuelta de proponer el crimen», diariodenavarra.es, 2005-12-03, http://www.diariodenavarra.es/actualidad/noticia.asp?not=2005120301194994&dia=20051203&seccion=navarra  .
  12. (Gaztelaniaz)   «El Supremo confirma la exculpación de Pilar Rubio por la muerte de Berrueta», gara.naiz.info, 2006-12-19, http://gara.naiz.info/idatzia/20061219/art194004.php  .
  13. (Gaztelaniaz)   «El policía y su hijo ya pisan la calle a los seis años de matar a Berrueta», gara.naiz.info, 2010-03-07, http://gara.naiz.info/paperezkoa/20100307/186798/es/El-policia-su-hijo-pisan-calle---seis-anos-matar-Berrueta  .
  14. a b c (Gaztelaniaz)   «El hijo del policía que mató a Ángel Berrueta sale a la calle en setiembre», gara.naiz.info, 2011-03-12, http://gara.naiz.info/paperezkoa/20110312/253310/es/El-hijo-policia-que-mato-Angel-Berrueta-sale-calle-setiembre  .
  15. (Gaztelaniaz) Aitziber Berrueta: "mi padre fue asesinado por un Policía Nacional y su hijo", youtube.com, 2014-03-22an kontsultatua.
  16.   «Berruetaren plaka kenduta biktima guztiei mespretxu egitea egotzi diote udalari», berria.info, 2014-03-15, http://paperekoa.berria.info/harian/2014-03-15/011/001/berruetaren_plaka_kenduta_biktima_guztiei_mespretxu_egitea_egotzi_diote_udalari.htm  .
  17.   «Familia pozik, Angel Berrueta biktima politikoa dela aitortzeagatik», eitb.eus, 2016-03-07, http://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/3896522/familiak-pozik-angel-berrueta-biktima-politikoa-dela-aitortzeagatik/  .
  18.   «El Ayuntamiento de Iruñea reconoce a Ángel Berrueta como víctima de motivación política», naiz.info, 2016-03-03, http://www.naiz.eus/es/actualidad/noticia/20160303/el-ayuntamiento-de-irunea-reconoce-por-fin-a-angel-berrueta-como-victima-de-motivacion-politica  .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Angel Berrueta