2004ko martxoaren 11ko atentatuak

Wikipedia, Entziklopedia askea
2004ko martxoaren 11ko atentatuak
Irudia
Map
Motamasa hilketa
atentatu
Honen parte daterrorismoa Espainian
Data2004ko martxoaren 11 (07:30 (en) Itzuli)
KokalekuMadril
HerrialdeaEspainia
Ibilgailualdiriko tren
HelburuMadrilgo Renfe Aldiriak
Honen ondorioaReactions to the 2004 Madrid train bombings (en) Itzuli
Pertsona hilak193
Pertsona zaurituak2.050
Armabackpack bomber (en) Itzuli
Goma-2

2004ko martxoaren 11ko atentatuakeuskaraz M-11 izenaz ere ezagunak (11-M gaztelaniaz)— Madrilgo aldirikoen tren sareko 4 trenetan komando islamista batek egindako eraso terroristak izan ziren, Espainia eta Europako historia osoko handienak. Goizeko zortzietan ia aldi bereko 10 lehergailuk eztanda egin zuten lau trenetan. 192 lagun hil eta 2.000 inguru zauriturik suertatu ziren.[1][2] Beranduago, poliziak lehertu ez ziren beste bi bonba kontrolpean lehertu zituen, eta hirugarren bat indargabetu zuen. Azken horri esker, errudunen lehen zantzuak aurkitu ziren. Aste batzuen ostean, poliziak Leganésen aurkitu zuen komando islamista. Ezkutatzen zituen etxebizitza eztandarazita, terrorista denak eta GEO polizia bat hil ziren.[3]

Lehen orduetako zirrara Espainia eta Europa osoko hedabideetara zabaldu zen. Espainiako hauteskunde orokorretarako hiru egun falta ziren, eta tentsioa handia zen. Hasieratik, Espainiako gobernuko agintariek, Jose Maria Aznar buru zutela, ETAri egotzi zizkioten erasoak, eta ideia hori zabaltzeko ekimenak hartu zituzten, tartean zela bertsio hori zabaltzeko Espainiako enbaxadoreei eta hedabideei deitzea.[4] Nazio Batuen Erakundeak, presio horien ondorioz, ETAren ustezko eraso terrorista salatzeko adierazpena onartu zuen.[5]

Orduak eta egunak aurrera joan ahala, baina, agertzen ziren zantzuek beste noranzko bat erakusten zuten, baina gobernuak lehengoari eutsi zion hipotesi nagusi gisa. Herritarrak kalera atera ziren trumilka terrorismoaren kontra eta gobernuaren jarrera salatzera, erasook hauteskundeetan irabazpidea izateko erabiltzen ari zelakoan. Tentsio horren erdian, bi pertsona hil ziren Euskal Herrian polizien erasoen ondorioz.[6][7] Alderdi Popularrak kritika gogorrak jaso zituen geroztik bere jarrera kontraesankorragatik.[4][8] Espainiako Auzitegi Nazionalak hainbat islamiar terroristari egotzi zien atentatuen egiletza.

Atentatuen deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hildakoen omenezko monumentua.

Atentatua lau tren desberdinetan gertatu zen, goizeko ordu jendetsuenean (07:36-07:40-etan). Lau tren horietan lehergailu kopuru handiko hamar motxila eta poltsek eztanda egin zuten. Eztandako arrastoak analizatuta, zientzialariek dinamita erako lehergailuak zirela jakin zuten, eta eztanda egin ez zuen eta Renault Kangoo autoko arrastoak analizatuta, lehergailua, Goma-2 ECO zela jakin zuten. Eztandak Atochako geltokian, Pozo del Tio Raimundo geltokian, Santa Eugenian, eta Tellez kalearen parean, Atocharantzko norabidean, gertatu ziren. Atochan hiru eztanda izan ziren, Raimundon bi, Santa Eugenian bakarra eta Tellez kalearen pareko trenbidean lau. Raimundo eztandarazi ez zuen beste lehergailu bat aurkitu zuten, 500 gramo Goma-2 ECOrekin, telefono mugikor bidez lehertaraziko zuena.

Atentatuen kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 07:37: Hiru lehergailuek eztanda egin dute Atochako geltokiko 2. trenbidean pausagunean dagoen aldiriko tren batean (ez ziren aldi berean lehertu).
  • 07:38: El Pozo del Tío Raimundo geltokiko tren batean 2 lehergailuek eztanda egin dute.
  • 07:38: Santa Eugenia geltokiko 21713 trenean lehergailu batek eztanda egin du.
  • 07:39: Segundo gutxiren buruan, lau lehergailuek eztanda egin dute Téllez kalean zihoan tren batean, Atochako geltokitik 500 metrora.
Bestelakoak
  • 07:36: lehen deia egin da 112 telefonora Santa Eugenia geltokitik.
  • 07:59: lehen zaurituak Madrilgo Erkidegoko ospitaleetara iristen hasi dira.
  • 09:25: Madrilgo Erkidegoko Osasuneko sailburuak herritarrei zaurituentzat odola emateko deia egin die.

Leganésko pisua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Polizia Nazionalak, Leganésen identifikatu zuen etxebizitza bat, eraso terroristen plangintza egiteko erabilia. Apirilaren 3an, larunbata, poliziek etxea inguratu zuten eta sartzera zihoazenean 3 terroristek beren buruaz beste egin zuten hainbat lehergailu erabiliz. Hiru terroristez gain, polizia bat hilik suertatu zen.[9]

Ikertzaileen arabera Leganésko pisuan erabilitako lehergailuak tren-sarearen aurka egindako erasoen lehergailuen material berdinez osatuta zeuden.

Heriotzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herritartasuna Heriotzak Herritartasuna Heriotzak
 Espainia 142  Errumania 16
 Ekuador 6  Polonia 4
 Bulgaria 4  Peru 3
 Dominikar Errepublika 2  Kolonbia 2
 Maroko 2  Ukraina 2
 Honduras 2  Senegal 1
 Kuba 1  Txile 1
 Brasil 1  Frantzia 1
 Filipinak 1 Guztira 191

Zauritutakoak Madrilgo Erkidegoko hainbat ospitaleetara eraman zituzten. Horrenbeste zauritu zeuden, Madrilgo Udalak kanpaina-ospitale bat jarri behar izan zuen martxan Daoíz y Velarde kirolgunean, Téllez kaletik gertu.

17 herrialdeetako hildakoak zeuden, gehienak espainiarrak, 142 hain zuzen ere. Espainiako atentaturik larriena izan zen, ETAk Bartzelonan gauzatutako Hipercorreko atentatuko 21 hildakoen kopurua erraztasunez gaindituz. 1988ko Lockerbieko atentatuaz gain, Europako historiako atentaturik handiena izan zen hildako eta zauritutako kopuruari dagokionez. Hildako pertsonen zenbaketa ofiziala, 2004ko martxoaren 23an, 191 pertsonakoa izan zen eta zaurituen kopurua 2.050 pertsonakoa izan zen.

Biktimen omeneko plaka.

Atentatuen egiletza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Justiziaren arabera, marokoar talde bat, siriar eta aljeriar islamiarrak, 2 guardia zibil eta poliziaren konfidente bat[10][11][12] izan ziren atentatuak egin zituzten usteko erasotzaileak. 2006ko apirilaren 11n, Juan del Olmo epaileak, 29 pertsonen aurka salaketak jarri zituen atentatuetan parte hartzeagatik.[13]

Al Kaidaren parte-hartzea ez da oraindik frogatu,[14] nahiz eta erasoen egunean Al Kaidako talde batek atentatua bere gain hartu zuen. Hala ere, Ameriketako Estatu Batuen arabera talde horrek "ez zuen fidagarritasunik".[15] 2007ko abuztuan, Al Kaidak "harro" zegoela adierazi zuen Madrilgo atentatuengatik.[16]

Hasierako ETAren ustezko parte-hartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiletzaren inguruko gobernu-ordezkarien informazioak izan ziren erasootan harridura eta asaldura handiena piztutako alderdietako bat, lazgarritasunarekin batera. Erasoa gertatu eta hurrengo 72 orduetan, Espainiako gobernuko ordezkariek, Jose Maria Aznar ere tartean, irmo baieztatu zuten ETA izan zela erasoen egile, zantzuek ordurako besterik zioten arren: talde islamista bat izan zela. Are, Angel Acebes ministroak ETAren egiletzaz "inongo dudarik ez dago[ela]" adierazi zuen bere lehen agerraldian; besterik ziotenei 'doilorrak' ("miserables") deitu zien, Espainiako hauteskunde orokorretatik hiru egunetara.[17][18]

Orduko Eusko Jaurlaritzako Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ETA seinalatu zuen egile bezala, ETAk Gara egunkarian argitaratutako ohar batean atentatuen egiletza ukatu bazuen ere.[19] Aznar espainiar presidenteak berberak hedabideetara deitu zuen, zantzuak edozein zirela ere, "egilea ETA" zela nabarmentzeko.[18] Beranduago, terrorista islamiarrak izan zirela frogatu zen.[20]

Azpijokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdi Popularreko (PP) sektore batzuek, hala nola komunikabide batzuek, esaterako El Mundo egunkariaren eta COPE irrati elizkoiaren arabera,[21] erasoa azpijoko bat izan zen orduko gobernua boteretik kentzeko. Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ere azpijokoa egon zela argudiatu zuen.

Teoria horiek zioten ETAk, segurtasun indarretako kideek eta Marokoko isilpeko zerbitzuek atentatuetan parte hartu zutela. CIA atentatuen atzean egon zelaren susmorik ez zen egon.[22][23]

Epaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atentatuen inguruko ikerketak Espainiako Auzitegi Nazionalak egin zituen. Epaia 2007ko otsailaren 15 eta 2007ko uztailaren 2 artean ospatu zen. 2007ko urriaren 31an, azken epaia eman zen eta atentatuek 191 hildako eta 2.050 zauritu eragin zituela frogatu zen. Atentatuak zelula jihadista batek egin zituen, hainbat kide Leganésko pisuan beren buruaz beste egin zutenek osatutakoa hain zuzen. 11 akusatu izan ziren guztira, denak islamiarrak José Emilio Suárez Trashorras espainiarra izan ezik.

Jamal Zougam eta Othman el Gnaoui izan ziren zelula terroristaren buru eta 42.922 eta 42.924 urteetako kartzela-zigorrak ezarri zitzaizkien hurrenez hurren.

Atentatuei buruzko erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

George W. Bush

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal hiriei dagokienez, Bilbon 300.000, Iruñean 125.000 eta Gasteizen 90.000 pertsona manifestazioetara gehitu ziren[erreferentzia behar]. Espainiako telebista kate guztiek[erreferentzia behar] xingola beltza jarri zuten pantailaren goialdean eta egun osoan zehar atentatuei buruzko albistegiez hornitzen zuten programazioa.

Erasoen egilea ETA zelako Espainiako Gobernuaren mezuak zirela eta, gai horrek asaldura eragin zuen gizartean. Iruñean, polizia batek eta haren semeak tiroz hil zuten Angel Berrueta, dendari bat, atentatuen egilea ETA izan zela zioen poster bat jartzera behartzen saiatu ondoren. Hilketaren kontrako manifestazio bateko Ertzaintzaren karga batean Kontxi Sanchiz hil zen bihotzekoak jota Hernanin.[24]

Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atentatuak gaitzesteko Espainian osoan ia 11.000.000 herritar baino gehiago kalera irten ziren manifestaldietara. Madrilen inoizko manifestazio handiena egin zen, "Con las víctimas, con la Constitución y contra el terrorismo" goiburupean; oihuen artean, "nor izan da?" entzun zen hainbatetan. Bartzelonan, tentsio uneak izan ziren PP alderdiko ordezkariekin.[25] Biharamunean, ehun milaka atera ziren kalera Madrilen manifestaziorako, bertan Espainiako agintariak zeudela. ETAren kontrako eta Espainiako batasunaren aldeko oihuen artean ("¡España, unida, jamás será vencida!"), Madrilen agintarien kontrako txistuak eta oihuak ere entzun ziren, nahasmen handiaren erdian.[26] Lehenago inoiz ez bezala, mobilizazioan rol garrantzitsua jokatu zuten bitarteko digitalek, hedabideen mezuekin lehiatu zirenak, aldi berean deialdiak eginez, Madrilgo PPren egoitzaren aurrean, adibidez.[27]

Nazioartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atentatuen ondoren, Frantziak segurtasun nazionaleko plana maila laranjara igo zuen.[28] Italiako Gobernuak alerta goreneko egoera ezarri zuen.[29] Atenasen ere segurtasuna indartu zen tren-sarean eta Espainiako enbaxadan.

Atentatuak nazioartean gaitzetsiak izan ziren. George W. Bush presidente estatubatuarrak, Elisabet II.a erregina ingelesak, Romano Prodi orduko Europar Batasuneko presidenteak, Joan Paulo II.a Aita Santuak, Nazio Batuen Erakundeak eta beste askok atentatuak gaitzetsi eta salatu zituzten. 2004ko martxoaren 15ean, Europa mailako 3 minutuko isilunea egin zen eguerdian.

Bitxikeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuen Erakundearentzat, Madrilgo 2004ko martxoaren 11ko atentatuak ETAk egin zituen. Espainiako Gobernuaren presioaren ondorioz, egun horretan bertan ETAri egotzi zioten atentatuak eta akta bat sinatu zuen ETAren aurka. NBEko "The Security Council" edo euskaraz, Nazio Batuen Babeserako Kontseiluak, ezin du akta bat aldatu behin sinatu eta gero, beraz horrela geratu da eta horrela dago bere interneteko orrietan[30].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Lore-koroa batekin omendu dituzte Madrilen M11ko biktimak» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  2. (Ingelesez) Berria.eus. «Kronologia. Hamar urteko ihesaldia» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  3. Madrid: The Aftermath: Spain admits bombs were the work of Islamists | Independent, The (London) | Find Articles at BNET.com
  4. a b «Atentatuen ostean gertatutakoaren kronologia» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  5. «Kronologia: M-11ko atentatuak» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  6. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2014-03-12). «Ángel Berrueta, una década de lucha en busca de la verdad y el reconocimiento» naiz: (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  7. (Ingelesez) Berria.eus. «Angel Berrueta omendu dute Iruñean» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  8. (Ingelesez) Berria.eus. «ETAren eta indarkeria islamistaren artean ez dagoela loturarik esan du Zapaterok» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  9. Suspected Madrid bombing ringleader killed (CNN)
  10. The Times Bomb squad link in Spanish blast
  11. Rafá Zouhier was a confident of the Guardia Civil before, during and after the bombings...José Emilio Suárez Trashorras was also a police confident -Rafá Zohuier era confidente de la Guardia Civil antes, durante y después de los atentados....José Emilio Suárez Trashorras...También era confidente de la policía- (Gaztelaniaz)
  12. The two key collaborators of the Madrid train bombings were police confidents (Gaztelaniaz)
  13. Suspects indicted in Madrid train attacks (OnlineNewsHous)
  14. The Independent article:While the bombers may have been inspired by Bin Laden, a two-year investigation into the attacks has found no evidence that al-Qa'ida helped plan, finance or carry out the bombings, or even knew about them in advance.
  15. CBS News. Madrid Massacre Probe Widens
  16. Al Qaeda dice sentirse 'orgullosa' de la destrucción que afectó a Madrid el 11-M
  17. (Gaztelaniaz) «VÍDEO: Los tres días de mentiras del Gobierno por el 11M que indignaron a España» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  18. a b (Gaztelaniaz) SER, Cadena. (2004-03-13). «Lo que dijo el Gobierno sobre la autoría» Cadena SER (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  19. Voters Oust Spanish Government, CBS News On Sunday, a Basque-language daily published a statement by ETA in which the group for a second time denied involvement in the attacks.
  20. BBC on preparations for the trial
  21. Spain’s 11-M and the right’s revenge (Open Democracy)
  22. Zaplana claims PSOE "afraid that the truth will come out", The Spain Herald, 30 March 2005. Recovered from the Internet Archive.
  23. Los agujeros negros del 11-M El Mundo, 19 April 2004. Article defending a number of conspiracy theories related to the bombings. (Gaztelaniaz)
  24. (Ingelesez) Berria.eus. «Gezur baten biktima gogoan» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).
  25. (Gaztelaniaz) SER, Cadena. (2004-03-12). «Once millones de españoles toman la calle para plantar cara al terrorismo» Cadena SER (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
  26. (Gaztelaniaz) ARASANZ, ANA; EZQUERRA, MARCOS. (2004-03-12). «Reportaje | "No sé qué gritar"» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
  27. (Gaztelaniaz) Yolanda Quintana. «13M: 10 años del Pásalo» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
  28. France raises alert to orange
  29. The Terrorist Threat to the Italian Elections (Jamestown)
  30. Nazio Batuen Erakundea.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]