Antitoxina
Antitoxina toxina baten aurka sortutako antigorputza da, toxina honekin erreakzionatu eta neutralizatzen duena.
Mikrobioek (batez ere, bakterioek) sortzen dituzten toxinak organismo batean sartzen direnean, organismo horren immunitate-sistemak toxina horren aurkako antigorputzak ekoizten ditu: antitoxinak. Toxinek, beraz, antigeno moduan jarduten dute, eta immunitate-sistemak dagokion antigorputza (antitoxina) sortuko du antigeno hori indargabetzeko.
Antitoxinak immunitate pasiboaren bitarteko tratamenduan erabiltzen dira. Gogoratu immunitate pasiboan organismoak infekzio bati aurre egiteko behar dituen antigorputzak kanpotik jasotzen dituela (antiserum baten bidez), ez dituela berak ekoizten [1].
Immunitate pasiboan erabiltzen diren antitoxinak animalia batetik (zaldietatik, kasu gehienetan) eskuratzen dira eskuarki. Horretarako, zaldiari toxina bat injektatzen zaio kopuru handitan eta hainbat egunetan, toxina horren aurkako antigorputzak (antitoxinak) kopuru handietan ere ekoitz ditzan. Gero, odola ateratzen zaio, eta odol horretatik serum bat lortzen da, purifikatu eta esterilizatzen dena antiserum moduan erabili aurretik. Azkenik, antiserum hori gaixotasun infekziosoa pairatzen ari den gaixoari jartzen zaio.
Zaldi-serumaren purifikazioa funtsezkoa da zaldiaren berezko odol-proteinak ezabatzeko. Bestela, proteina horiek antigeno gisa jardun lezakete eta gizakiarengan errefus-fenomenoak sortuko lituzkete.
Lehenengo antitoxina difteriaren aurkakoa izan zen, eta 1890ean lortu zuen Emil Adolf von Behring-ek (Corynebacterium diphteriae bakterioak sortzen duen toxina neutralizatzen du antitoxina horrek). Difteriaren aurka ez ezik, maila terapeutikoan beste antitoxina batzuk ere erabiltzen dira: botulismoaren aurka, disenteriaren aurka, tetanosen aurka, gangrena gaseosoaren aurka....
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ingraham, J. eta Ingraham, C.: Introducción a la Microbiología vol. II, Ed. Reverté (1998), 479-480 orr. ISBN: 84-291-1871-3