Antonio Aranaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Antonio Aranaga
Auntxa.jpg
Bizitza
Jaiotza Urrestilla1910eko otsailaren  20a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Urrestilla2001eko abenduaren  13a (91 urte)
Ikaslea(k) Jazinto Rivas
Jarduerak
Jarduerak musikaria
Izengoitia(k) Auntxa
Musika instrumentua Trikitia

Antonio Aranaga Auntxa (Urrestilla, 1910eko otsailaren 20a - ib., 2001eko abenduaren 13a) euskal trikilaria izan zen. Jazinto Rivas Elgetaren ikaslea,[1] Migel Arregi Iturbiderekin batera aritu zen.

Franzisko Antonio Aranaga Aramendi, Auntxa bezala ezagun egin zen Urrestilako trikitilaria da. 1910. urtean Urrestillako Zubiondo etxean, eta bertan bizi izan zen 2001. Urtean abenduaren 13an Santaluzi egunez hil zen arte.

Auntxa izengoitia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hartako beste trikitilari askori ez bezala, Franziskori ez zioten bere etxe-izenez deitzen, aldiz aitonaren izengoitia jaso zuten. Antza, Landetako Oranda Aundi baserriko tabernan, igande arratsaldez zesuma zeudela, bertako barra oso goian zegoela eta bertako batek horra salto bakarrez igotzeko gai zen inor eze zela munduan esan behar izan zuen. Antonioren aitonak hori entzun eta inork apustu egin nahi bazion igoko zuela salto bakarrez bota zion desafio. Hala, behin bakarrik ez birritan igo omen zen Joxe Inazio aitona eta bertan zen agure batek “Ño, hau dek ahuntza hau” esan omen zuen hura ikusita. Orduz gero, “Auntxa” ezizena gelditu zitzaion aitonari eta bere etxekoei “Auntxekoak” deitzen zieten.

Zortzi duroko soinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpeitira joaten zen bakoitzean bertako denda batean ilara bakarreko soinua ikusten omen zuen eta harekin amestu omen zuen denbora luzez. Berak hura ezingo zuela ordaindu pentsatzen bazuen ere, lagun bat bidali zuen haren prezioagatik galdezka: “zortzi duro” balio zuela esanez itzuli omen zen azken hau bertatik. Etxera joan bezain laster hautsi zuen eltzeitsua eta txanpon guztiak ondo zenbatu ondoren 6 duro behintzat bazeuzkala konturatu zen. Nola hala bildu omen zituen falta zitzaizkion 10 pezeta haiek eta baita soinu hura erosi ere. Ez omen zion ordea amari egia osoa esan, garesti xamarra irudiko zitzaiolakoan edo.

Auntxaren maisuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala hasi zen 11-12 urterekin bere kasa ilara bakarreko soinu harekin ikasten. Baina bere kasa gutxi aurreratzen zuela ikusita edo gerra aurreko soinujole onentsuentzat zeukaten Kandido Beristainekin ikasten hasi zen: honek solfeoa bazekien eta 33, 34 eta 35. urteetako soinujole txapelketak irabazia zen. Honekin 6 hilabete egin ondoren Zestoako Antton Balzolarengana jo zuen eta hilabete batzuk geroago berriz garai hartan moda-modan zegoen maisuarengana: Elgetarengana hain zuzen ere. Balzola bezalaxe, hau ere etxera etortzen omen zitzaion irakastera. Hilabete gutxiren buruan hala moduko errepertorio bat osatu omen zuen eta lehen erromeriak ematen hasi zen. Laster geratu zitzaion motz samar ilara bakarreko soinu hura eta Bilboko Zengoitiara joan zen Larrinaga soinu berri bat erostera, 250 pezeta ordaindu zuelarik eta beste 100 bere maisu eta lagun zen Antton Balzola eta bere joan etorri eta otorduak ordaintzeko. Batez ere aurrez aurre ikasi zuen Auntxak, baina gramofono koxkor bat erosi omen zuen behinola eta bertan Gelatxo edota Kanpazarren piezak behin eta berriz entzunaz ere ikasi omen zuen piezarik. Gehiago osatze aldera berak sortutako piezak ere gehitzen zizkion errepertorioari.

Lehenengo saioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromerietan betiko fandango, arin-arin, trikitixa eta porrusaldak jotzen omen zituen gehienbat eta ezkontzetan berriz, horietaz gain dantza loturakoak jotzen omen zituen gehienbat apaiz edo agintaririk ez zenean behintzat. Lehen erromeri eta ezteietan jotzen aritu ondoren bereziki gogoan zuen Auntxak Joxe Mari Iriondok eginiko elkarrizketetan 13 urterekin Zestoako bainuetxean eginiko saioa. Bertan 3 egunez aritu omen zen soinu jotzen, Txokolo zaharraren pianoarekin txandakatuz. Azken honek jada bazuen mutikoaren dohainen berri eta horregatik gonbidatu zuen berarekin jo zezan. Ordura arte jo zituen erromeri eta ezteien aldean konpromiso handia zela ohartu bazen ere, gerora inoiz izango zuen baino ausardia handiagoz onartu omen zuen lehen erronka hura. 3 egunetako lan hura amaitzean, ordura arte sekula ikusi ez zituen zilarrezko 4 txanpon ordaindu omen zioten Auntxari lan haregatik: 4 duro hain zuzen ere. Etxeratzean ordurako lotan zen ama esnatu omen zuen ordaindu zutena erakusteko. “Ba al dakik zenbat diru den hau?” esan omen zion honek ikusitakoa sinistu ezinda. Orduan asko iruditutako ordain hura, gerora 8 duro eskatzen hasi zen, eta baita 16 duro inguru kobratzera iritsi ere 3 egun irautera iristen ziren eztei haiengatik horretaz gain ezkontza egiten zen baserriko ogi, babarrun eta bestelako jakiak ere ordainetan jasotzen zituelarik, hauek gerra ostean dirua bezain preziatuak baitziren, eta etxean 7 seme-alaba zan zituela kontuan hartuta are gehiago. 50. hamarkadatik aurrera ordea ezteiak baserrietan egitetik jatetxeetan egitera pasa omen ziren.

Gerra garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago ezkondu zen 1936ko otsailean, Maria Inazia Aldalur Gabilondorekin eta 8 seme-alaba izan zituen, haietako bat jaio eta 13 egunera hil bazitzaion ere. Ama alarguna izateagatik libratu omen zen soldaduskatik eta gaixotasun bategatik libratu omen zen ezkonberritan iritsi zitzaion gerra hartatik, nahiz eta beranduago Burgosko espetxean amaitu zuen. Auntxa ez zen gerra garaiko eta ondorengo urteetako abenturak kontatu zalea. Urrestillan bertan ere auzotarren arteko giroak asko aldrebestu zen nonbait. Jende askori euren ondasunak kentzen omen zizkieten orduan eta Auntxari soinua kendu zioten orduan. Bere emazte Maria Inaziak kontatu zuenez, garai hartan inguruko erreketeak etxez etxe bertakoei zer kenduko ibiltzen ziren. Eta Auntxanera ere etorriko zirela pentsatuta soinua Maria Inaziaren etxean gorde omen zuen. Hala ere joan etorri askotxo egiten hasi omen ziren, inguruko herritarren batek soinu haren berri emanda edo, eta azkenean bere borondatez eman omen zien Auntxak soinua. Penatan egon zen luzaroan handik hilabete batzuetara Madril inguruko herrixka bateko taberna batean agertu zela esan zioten arte. Inguruko gazte batzuek jatetxean egindako gastua ezin ordainduta utzi omen zuten bertan. Denborarekin damututa ordea, errekete gazte hark karta bat idatzi zien soinua Madrilen zela eta ea harekin zer egitea nahi zuten galdetuz. Hauek badaezpada ezer ez egitea zela iritzita ez zuten gutuna erantzun, baina handik denbora gutxira fardel handi baten barruan itzuli zen Auntxanera militar zahar baten eskutik. Soinua ikustean ezin sinistu egon zen luzaroan. Handik urte batzuetara, egindakoa barkatu eta soinua itzuli izana eskertzeko gosari eder bat eskainiz jaso omen zuen.

Erromeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez zen ordea ezteietara mugatu Auntxaren jarduna. Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko herrietan barrena asko ibili zen eta neurri txikiagoan bada ere Bizkaian ere bai, nahiz eta han bertakoak nahiago izaten zituzten. Haietako zenbaitetara joateko ez zuen brometako ibilbidea egin behar izaten aurretik. Iturriozko zikiro janera joateko esaterako 3 orduko bidea egin ohi zuen: Urrestillatik Errezilera bizikletan joan, bertan meza entzun eta Zelatunera oinez igo ondoren Iturriotzera jaisten zen. Honen aldean osteratxoa iruditzen zitzaion Irailean Zelatunen egiten zituen erromerietarako bidea, Iturriotzerako tarte hori aurrezten baitzuen joan eta etortzerakoan. Hori bai, urte luzez hauetara joan ondoren gerra ondoan, 1940 urte inguruan Landetako Inazio Bereziartuaren tabernan jan edanen eta bertara hurbildutakoek emandako txanponen truke erromeriak egiten hasi zenean ederki eskertu zuen soinua jo beharreko lekura bizikletan 5 minutuko bidea eginez iristea. Dozena erdi saio egiterako ordea, 1941. urte inguruan, bere amari gutun anonimo bat bidali omen zioten esanez bere semeak Landetako erromerian soinua jotzen jarraitzen bazuen, bere semearen arima ez ezik, gurasoena ere galduko zela. Orduan hasi zitzaion ama, dirua baino arima garrantzitsuagoa izango zela eta erromeri haiek uzteko eskean. Auntxari garai hartan arimak baino diruak gehiago axola bazion ere, beste 6 aldiz joaterako utzi omen zion hain kuttun zuen Landetako erromeriara joateari. Momentu hartan beste erromeriak uztekotan ere egon omen zen, baina sakonago pentsatuta soinua ez zela txarra ondorioztatu omen zuen, soinua gaitzesten zutenak baizik. Hauetaz gain Zumarragan ere askotan aritua da Auntxa bai Santa Luzitan, baita Santa Isabeletan Elgeta eta Sakabirekin batera ere. Panderojolerik ez zuten orduan, baina diru biltzaile bat eramaten omen zuten dantzan zebiltzan gizonei txanpon batzuk eskatzeko. Gaua bertan pasa eta biharamunean berriz ekiten omen zien. Ez omen zen hura inprobisatutako saio bat izaten ordea. Hiruzpalau hilabete lehenago elkartzen omen ziren Auntxanean eta 4 orduz ensaiatzen aritzen omen ziren pieza bakar bat ere errepikatu gabe. Beste erromeria batzuk aipatzearren Urkiko Santikutzetan (Itsasondon), Mantximentako Santa Agedetan, Kizkitzan Pazko igandean eta Andra Mari egunean edota Ezkion San Migeletan askotan aritua da Auntxa. Azken honetan urte askoan Iturbiderekin joan bazen ere, behin huts egin eta Sakabik kendu omen zion plaza hura, nahiz eta gerora beti gonbidatu zuten, jotzera ez bazen ere festak bertan pasatzera. Auntxa eta Iturbide jotzen dituzte askok Iparraldean aritu ziren lehen trikitilaritzat. Tokian tokiko piezak ikasi zalea zenez ondo moldatzen zen joaten zen lekuan Auntxa eta 20 urtez jarraian bera ez bazen bere iloba Antton, Auntxa II.a, urtero urtero joan omen ziren. Ordaindu ere beste inon ez bezala eta beti ere eskatutakoa baino gehiago ematen omen zieten, gerra ondoan hain preziatuak ziren Frankoetan gainera.

Garizuma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusten daitekeenez, gerro ondoko garai haietan indar handia zuen elizak ohitura eta jendearengan; baita legeengan ere. Hala garizuma garaian dantzaldiak galarazi zituen urtetan Gipuzkoako gobernari zibilak. Auntxak amaren soinua uzteko marmarrei luzaroan entzungor egin bazien ere, harekin ezin gauza bera egin, eta amak gordetzen omen zion soinua garizumak irauten zuen 7 aste haietan zehar tentaziorik izan ez zezan.

Trikitixaren berrikuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970. urtetik aurrera antolatzen hasi ziren txapelketek berrikuntza asko ekarri zioten trikitixari. Auntxak ez zuen hori begi txarrez ikusten baina trikitilariaren lana, soinua ondo jotzetik haratago zegoela uste zuen. Nota asko eta digitazio ona edukitzea baino erritmoa zaintzea garrantzitsuagoa zela uste zuen. Akaso horregatik eta txapelketa formatuak urduritu ere egiten zuelako, ez zuen sekula parte hartu Auntxak antolatu ziren trikitixa txapelketetako bakar batean ere. Txapelketek trikitixari ekarritako berrikuntzak ez ziren musikalak bakarrik izan ordea: lan baldintzak ere asko hobetu zitzaizkien trikitilariei, bai diru aldetik eta baita jo beharreko denbora aldetik ere, nahiz eta Auntxa ez zen inoiz kexu izan soinu jotzetik ateratzen zuen diruaz, bere esanetan altzari fabrikan aritzen zenean baino diru gehiago ateratzen baitzuen soinutik. Gerra aurrean bakarrik asko aritu bazen ere, baldintzak hobetzen joan ziren bezala Iturbidetarrak izan zituen askotan lagun Auntxak. Baita Landakanda, Zabale edo ta Izer ere. Ordainsaria askotan erdibana edo aurrez adostu bezala banatzen zuten. Panderojoleaz gain lehenago aipatu dugun diruzain bat ere askotan ibiltzen zuten, tarteka bere semeren bat eraman izan zuelarik. Honi ere iristen zitzaion ordainsariaren zati bat.

Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970. urteko Donostiako Euskal Jaietan ezagutu zituzten Schola Cantorum abesbatzekoek 5 urte beranduago Madrilera egin behar zuten bidaia batean bidea alaitzera lagunduko al zien galdetu zieten Auntxa eta Iturbideri. Auntxari hain musikari trebeen aurrean luzaroan jotzeak erreparoa ematen bazion ere, kostata baino onartu omen zuen proposamena. Bidean jo eta jo aritu ondoren, eurekin zen IZ diskoetxeko arduradunak LP bat grabatze proposatu zien Madrilen bertan. Kosta bazen ere onartu zuten erronka hur eta azkenerako gustua hartu eta 12 pieza grabatu zituzten “Urrestillako trikitixa” izeneko diskoa osatuz. 1979an eta 1994an edizio berri bana ater behar izan zutelarik. Beste hainbat lanetan ere parte hartua da Auntxa, hala nola, Jaun Mari Beltranen “Euskal Herriko soinu tresnak”, Alemaniako Erde Records diskoetxearen “Trikitixa! An introduction”, “Betiko triktixa” bilduma, “Trikitixa! Basque Melodeon Gems. Kepa Junkera bera ere askotan joana da Auntxa bisitatzera berarekin ikastera eta grabazioren batean ere partu hartu omen zuen.

Anekdotak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soinua bihotzez maite bazuen ere ez zuen bere seme alabetako inork bere bidea jarrai zezan nahi izan, nahiz eta Kruz Mari bosgarren semea saiakera batzuk egina bazen. Bere esanetan, bera inork behartu gabe aritu omen zen lan haietan baina une gogorrak bizi behar izan omen zituen: bizpahiru egunez soinua jotzen aritu ondoren lorik egin gabe askotan joan omen zen lanera.

Taberna – erretegi bat ere ireki zuen gero eta honek arrakasta handia lortzean ematen zion lana zela eta 20 urte inguruz soinua utzita egon zen Auntxa, lan haiek bere seme-alabengan utzi zituen arte. Ikasitako pieza asko ahaztu omen zituen orduan eta gehiago joko ez zuela pentsatzera ere iritsi omen zen. Baina berreskuratu zituen gero ahaztutakoak eta baita pieza berriak ikasi ere. Tabernaria bai baina zurruteroa ez. Zuzena eta zintzoa omen zen Auntxa: jan-edanetan justua behin soinu jotze lanak amaitutakoan etxera erretiratzen omen zen azkar ez bitzuen etxera iritsi eta mokadu bat egin arteko onik izaten, Iturbide bezalaxe, panderoarekin laguntzen zion edonor gonbidatzen zuelarik bere etxean otordu bat egitera. Ibiltari, mendizale eta itsasozale amorratua ere bai. 5 urtez jarraian egunero joan omen zen Zumaiako hondartzara. Bertan 8km korrika egin (hondartzari 16 joan etorri eginda) ea ondoren bustialdi batzuk hartuz. Behin kamioilari batek bere buruaz beste egiten ari zela pentsatu zuen urte sasoi hartan norbait itsasora saltoka ikusi zuenean. Orokorrean kirolzalea zen. 71 urterekin 12 orduko martxa bat osatu zuen. Urrestillatik Donostiara oinez ere joana da; hori bai, buelta autobusean joan etorria gehitxo izango zela eta. Kirolzaletasun hau oso osorik iritsi zitzaien bere hainbat seme-alaba eta ilobari: - Juan, Damaso eta Kruz Mari semeak txirrindularitzan. - Kruz Mari eta Arturo pilotan. - Antonio Korta Aranaga iloba sokatirako munduko txapelduna izan zen Urrestillako taldearekin. - Antonio Aristi Aranaga motoan, motokrosean eta automobilismoan aritua. - Andoni Aranaga Azkue Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia.

Inguruko kirolari eta apustulari asko bildu zituen bere erretegian eta apustu askoren lekuko izan zen. Behinola Baionako euskal jaietan kalejira deskapotable batean zeramatzatela egin omen zuten, antolatzaileek oinez gehiegi nekatuko zirela argudiatuta.

San Ferminetara joatea ere oso gogoko omen zuen. 40 urtez jarraian joan omen zen bere lagunetik bertara. Aberezalea izanik, entzierro batean atera eta zezenaren aurrean hau toreatzen hasi zela harrapatu omen zuen behin eta lurrera erori. Ezer larririk egin ez bazuen ere udaltzainek atxilotu egin omen zuten. Bere lagunei esker geratu omen zen aske. Urte berean iparraldean beste zezen batek ere harrapatu zuela eta eskarmentatzeko garaia izango zuelakoan, gehiagotan Iruñara itzuli bazen ere, zezenak bakean uztea erabaki zuen ordutik aurrera. Zengoitiatik erositako soinuak ere badu beste anekdota bat. Errekete hark kendu eta berreskuratu ondoren, 1975ean bere seme Arturo eta Kruz Marik Mallorkako Palman pelota partidu bat jokatu behar zutela eta haiekin egun batzuk pasatu asmoz abiatu ziren lehenbizi Bartzelonara gero Mallorkara joateko. Bertan Ranbletan hartu zuten ostatu parean utzi omen zuten kotxea, komisariaren pare parea seguruago egongo zelakoan. Hurrengo goizean ordea kotxean zeramaten guztia lapurtu zien, baita Zengoitiako soinu hura ere. Sekulako pena hartu omen zuen orduan eta Palmara iristean erdi gaixorik eta batere apetiturik gabe egon omen zen.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001. urteko abenduaren 13an hil zen, Santa Luzia egunez, azken urtean Alzheimerrak jota eman zituelarik. Bere seme Kruz Mariren esanetan “azken arnasa soinua jotzen ari balitz bezala, irribarrez, bere behatzak mugituz eman” omen zuen “beharbada aspaldiko Santa Luzi eguneko erromeriekin gogoratuta bere lagunei zerura bidean biribilketa alaia jo eta gaizkileei beti barkatu egin behar zaiela esan nahirik-edo”.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • URRESTILLAKO TRIKITIXA, Auntxa eta Iturbidetarrak. Joxemari Iriondo Unanue. Soinuaren liburutegia.


Biografia
Gipuzkoa
Artikulu hau Gipuzkoako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.