Araka
Araka Gasteizko Arangiz, Abetxuku eta Mendiguren herrien ondoan dagoen mendia da. Erabilera militarreko gunea da, bertan Espainiako Armadaren base militarra baitago, Euskal Autonomia Erkidegoko handiena (700 hektareako azalera). Gainera, AMVISAk, Gasteizko udalaren ur-hornitzaileak, biltegiak eta edateko uraren araztegiak ere baditu.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1964 arte nekazaritzarako erabiltzen ziren Arakako lurrak. Urte hartan lursailak desjabetu egin ziren base militarra egiteko. Bertako Centro de Instrucción de Reclutas nº11 delakoan 4.000 soldadu aldi berean bizi izan dira.
Arakaren berrerabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arakari beste erabilera bat emateko hainbat proiektu egon dira azken urteotan, besteak beste, parke tematiko bat eta auto-zirkuitu bat.
Parke tematikoa egiteko proiektua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Unidad Alavesa alderdiak Biopolis izeneko ingurumenaren parke tematiko bat sustatu nahi izan zuen 1998-1999an, José Antonio Pizarro ingurumen-zinegotzi eta alkateorde zenean. Proiektuak ez zuen finantzazio pribaturik lortu[1].
Auto-zirkuitoa egiteko proiektua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EAJ alderdiak sustatuta, Gasteizko hainbat enpresaburuk erabilera militarreko lur sail horien zati bat (300 hektarea) Espainiako Defentsa Ministerioari erosi nahi izan zizkioten Arakamendi erabilera anitzeko zirkuitua han eraikitzeko[2]. Araka Miñaoko Arabako Teknologia Parketik, eta hortaz Epsilon Euskadiren automobilgintza zentrotik, gertu dago. Zirkuitua eraikiz, Gasteiz inguruko automobilgintzaren sektoreari bultzada bat eman eta Euskadiko ezaugarri horietako lehen zirkuitua eraiki nahi zen. Gasteizek, adibidez, automobilgintzarekin lotutako enpresa sendoak ditu, hala nola Mercedes-Benz autoen eta Michelin pneumatikoen lantegiak. Zirkuitua egiteko helburuen artean, nazioarteko txapelketak egiteko zirkuitu homologatua izatea, teknikariak eta pilotuak hezitzea, bide-segurtasun ikastaroak irakastea eta sektorearekin lotutako industria-gunea sustatzea zeuden.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) "Alonso desiste de construir el parque temático medioambiental en Vitoria" (El País, 2001-10-2)
- ↑ Arakamendi zirkuitua
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau Arabako geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |