Argitasun Legea
Argitasun Legea (Clarity Act, ingelesez; Loi sur la Clarté référendaire, frantsesez) Kanadako parlamentuak 2000. urtean onartutako legea da, Kanadako probintzia batek independentzia nahiko balu jarraitu beharko lituzkeen arauak zehazten dituena. Berariaz aipatzen ez badu ere, Quebec-en kasuan bereziki pentsatuz sortu zen legea [1].
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quebeceko gobernuak independentziari buruzko bi erreferendum antolatu zituen, 1980ean eta 1995ean. Bietan boto-emaileak independentziaren aurka agertu ziren (bigarrengoan gutxigatik: %50,58 independentziaren aurka eta %49,42 alde). Kanadako gobernuak ez zuen bere adostasunik eman bi erreferendum horiek burutzeko (besteak beste, galderarekin ados ez zegoelako), baina ez zituen debekatu. Horrenbestez, eta balizko hirugarren erreferendum baten aurrean, joko-arauak argitu nahi izan zituen, Kanadako Auzitegi Gorenari bere iritzia eskatuz (ikus: Kanadako Auzitegi Gorenaren Ebazpena, Quebec-en balizko sezesioaz) eta Argitasun Legea onartuz geroago (2000. urtean).
Edukiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru dira Argitasun Legearen puntu garrantzitsuenak:
- Kanadako probintzia baten Independentzia bideratu ahal izateko erreferendum bat egin behar da, independentziari buruzko galdera argi batekin. Galdera hori adostu behar da Kanada eta probintzia horren gobernuen artean
- Erreferendum horretan "gehiengo esanguratsu" batek independentziaren alde bozkatu beharko luke prozesuarekin jarraitu ahal izateko. Horrela balitz, probintziako eta Kanadako gobernuek behartuta egongo lirateke independentzia prozesu hori negoziatzera
- Kanadako probintzia batek ezin du aldebakarreko independentzia aldarrikapena egin
Quebeceko gobernuak ez zuen Argitasun Legea onartu, eta lege propio bat prestatu zuen horri erantzuteko. Hola, 2000eko abenduan "Loi sur l'exercice des droits fondamentaux et des prérrogatives su people québécois et de l'Etat du Québec" (99 Legea ere deitua) onartu zuen. Lege horrek, Lucien Bouchardek, "Quebeceko herriaren eskubide politikoen gutuna" bezala deskribatu zuena, herrien autodeterminaziorako eskubidea azpimarratzen du, nazioarteko zuzenbide publikoaren pean.
Hiru dira 99. Legearen puntu nagusiak:
- Argitasun Legeak aipatzen duen "gehiengo esanguratsu bat" zehazten du 99. Legeak: nahiko izango litzateke %50 gehi boto bat erreferendumaren emaitza onartzeko, independentziarena
- Quebec-eko Herriak modu askean bere estatus politikoa erabakitzeko eskubidea duela dio. Beste ezein parlamentuk edo gobernuk ezin ditu Quebeceko Batzar Nazionalaren subiranotasuna murriztu
- Aldebakarreko independentziaren aldarrikapena baztertzen du
Kanadako gobernuak 99. Legea auzitegietara eraman zuen. Behin-betiko ebazpenik oraindik ez dago, baina 2018an Quebec-eko Auzitegi Nagusiak Argitasun Legea eta 99 Legea, biak, legezkoak zirela ebatzi zuen [2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Danic Parenteau Des réponses incompatibles avec les aspirations du Québec Le Devoir, 2010eko maiatzaren 5ean
- ↑ Ander Perez ZalaHirugarrenak bide zailagoa izango du BERRIA, 2020ko azaroaren 1ean