Quebec
Quebec | |||
---|---|---|---|
Kanada | |||
Administrazioa | |||
Izen ofiziala | Québec Kephek | ||
Estatu burujabe | Kanada | ||
ISO 3166-2 | CA-QC | ||
Hiriburua | Quebec Hiria | ||
Quebeceko Lehen Ministroa | François Legault (en) | ||
Zatiketa | |||
Geografia | |||
Koordenatuak | 52°N 72°W / 52°N 72°W | ||
Azalera | [convert: invalid number] km² | ||
Mugakideak | New Hampshire, Maine, Brunswick Berria, Ternua eta Labrador, New York, Vermont, Ontario eta Nunavut | ||
Punturik altuena | Mont D'Iberville | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 8.501.833 (2021) 0 (2021) | ||
Dentsitatea | Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea bizt/km² | ||
Hizkuntza ofiziala | frantses | ||
Ordu eremua | Ekialdeko Ordu-eremu, Atlantic Time Zone (en) eta UTC−04:00 | ||
quebec.ca eta quebec.ca… |
Quebec[1] (frantsesez Québec ⓘ) Kanadako hamar probintzietako bat da, Ontarioren eta Atlantikoko probintzien artean kokatua. Hegoaldean, Estatu Batuekin egiten du muga. San Laurendi ibaiak zeharkatzen du; ibai horrek lotzen ditu Laku Handiak Ozeano Atlantikoarekin. 1.542.056 km² dituelarik, Quebec da Kanadako probintziarik handiena, eta Kanadako lurralde-entitate handienetan bigarrena (Nunavut da handiena).
Quebeceko gehiengoak, bere gobernuen eta parlamentu ordezkarien bidez, bere burua naziotzat definitu izan du XXI. mendean; eta Kanadatik bereizteko proposamenak eta erreferendumak ere izan dira. Nazio frankofonoa da, frantsesa da hizkuntza ofiziala, eta bertako hizkerak baditu berezitasun batzuk (Quebecetik kanpo, kanadar komunitate batzuetan ere mintzatzen da).
Kanadako probintzia jendetsuenetan bigarrena da (Ontario da lehena), 8.500.000 biztanle baino gehiago baitzituen 2021ean. Biztanle gehienak frankofonoak dira (biztanleen % 94,6), eta nabarmenak dira gutxiengo anglofonoak, alofonoak eta indigenak. Frantsesa hizkuntza ofizial bakartzat duen Kanadako probintzia bakarra da. 2016an, ama-hizkuntza frantsesa zuten Quebeceko biztanleak % 79,1 ziren; eta ingelesa zutenak, berriz, % 8,9.
Estatus politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quebeceko estatutu politikoa Kanadako Konstituzioan definituta dago. Quebecek, bere Parlamentuarekin, jurisdikzio-esparru esklusibo batzuetan legeak egiteko ahalmena du, hala nola justiziaren administrazioan, osasunean, hezkuntzan eta zuzenbidean. Quebeceko klima politikoa maiz bizia da probintziak Kanadaren barruan duen estatutu partikularrari buruzko eztabaidak. Mugimendu soberanista batek probintziaren independentzia defendatzen du, eta ideologia federalistak, berriz, batasun federalari eustea. 1960ko hamarkadaz geroztik, Konstituzioaren edo independentziaren erreformarako zenbait proiektu proposatu dira.
1980an, Quebecen independentzia erreferendum bat izan zen, eta independentistek galdu egin zuten, baina 1994an Alderdi Quebectarra boterera berriro iritsi zen, beste erreferendum bat egingo zuen aginduarekin: 1995ean egin zen. Lehenago, Quebeceko parlamentuak sezesio lege bat onartu zuen, erreferendumean independentzia gailentzekotan, estatu berria sortzeko urratsak proposatuz. Hala ere, berriro ere independentismoak galdu egin zuen.
Kanadako Gobernu federala guztiz kontra zegoen Quebecen independentziari zegokionez, baina, hala ere, auzia legearen baitan argitu nahi izan zuen, eta estatuko Auzitegi Gorenari zuzendu zitzaion, kontua argitzeko. Erantzuna, Auzitegi Gorenaren ebazpena, autodeterminazio prozesu bat definitzeko testu inportante bat da, ez bakarrik Quebecen, baita euskal independentistek eta beste batzuek aipatua. Ebazpenak argitu zuen Konstituzioak ez zuela sezesiorik aurreikusten, baina printzipio demokratikoak, ordea, nagusitzen ahal zirela baldin eta Quebeceko independentzia nahia argi formulatua bazegoen eta independentziaren aldeko emaitza nabarmen argia bazen (portzentaiarik aipatu gabe). Kasu horretan, Kanadako Auzitegi Gorenaren arabera, Kanadako Gobernuak fede onez negoziatu behar luke independentzia.
2006an, Kanadako Komunen Ganberak mozio sinboliko bat bozkatu zuen, eta ia aho batez onartu zuen "Québécois nazio gisa Kanada batuaren barruan".
Toponimia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quebec hitzak algonkinez "non ibaia uzkurtzen den" esan nahi du. Algonkinek, Cree-ek eta Mikmakek erabiltzen zuten San Laurendi ibaiaren estugunea izendatzeko Diamant lurmuturraren parean, Quebec hiria sortu zen tokian (1608ko uztailaren 3a) eta "Lurraren hasiera eta Kanadako probintzia" (1535eko irailaren 7a).
1632an, Samuel de Champlainek honela deskribatu zuen lekua: «itsasartea ibaian, indiarrek diotenez». Izenak zenbait grafiko ditu: Qvebecq 1601ean; Quebeck, Kébec 1609an; Québec 1613an eta Kebbek.
Izena hiriburutik datorkio: Samuel Champlain frantziarrak 1608an sortu zuen algonkinoek Kebek deitzen zuten aldean eta Stadacona herrixka irokesaren ondoan.[2]
Bertako herritarrak quebectarrak dira, frantsesez Québécois. Hitz hori agian euskaratik datorrela uste dute hizkuntzalari batzuek, "Quebecekoak" berbarekin duen antzarengatik, amerindiarrek europarrei suriquois deitzen zietelako, hots, azal zurikoak.[3]
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiriburua Quebec Hiria da (531.902 biztanle 2016n), baina hiri nagusia Montreal da (1.704.694 biz.). Populazioaren arabera, beste hiri handienak Gatineau, Sherbrooke, Saguenay eta Trois-Rivières dira.
Inguru naturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mistassini aintzira (2.335 km²) lakurik handiena da eta Saint Lawrence ibai nagusia. Mont d'Iberville edo Mount Caubvick (1.652 m) gailurra da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1534tik 1763ra, Quebec, "Kanada" izenarekin, Frantzia Berriko kolonia frantseseko eskualderik garatuena da. Zazpi Urteko Gerraren ondorioz, Quebec kolonia britainiar bihurtu zen 1763 eta 1867 artean, lehenik Quebec probintzia gisa (1763-1791), gero Kanada Behereko probintzia gisa (1791-1841), Kanada Ekialdea bihurtu baino lehen (1841-1867).
Azkenik, Kanadako Konfederazioan sartu zen Quebec 1867an. Urte horretan Kanadan eratu zen egitura kuasi-federala izanik, Quebeceko frantses hiztunentzat egoera hobetu zen nolabait, aurreko hamarkadetan bigarren mailako nazioa baitziren. Legebiltzar propioa eta autonomia erlatiboa ezarri zen Quebecen, eta hizkuntzan estatus berdintasunezkoa ofizialki, nahiz eta praktikan frantsesak aurrera egiten asko berandutu ziren[4].
1960ko hamarkadaren hasiera arte, Eliza Katolikoak zeregin garrantzitsua izan zuen Quebeceko gizarte- eta kultura-erakundeen garapenean. 1960tik aurrera, Iraultza lasaia deitu zena, Quebeceko gobernuak Quebeceko Estatuaren bilakaera politiko, sozial eta ekonomikoaren kontrolean duen zeregina nabarmen handitu zen.
Data nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1534an, Jacques Cartier Frantziako esploratzailea bertara iritsi zen.
- 1608an, Samuel Champlainek Quebec Hiria izan zena sortu zuen. Bertako lehen biztanleak Frantziako herri xeheko deportatuak, gaizkileak eta, oro har, pobreak eta gizartetik baztertutakoak izan ziren.[5]
- 1613an, Québec, hots, gaur egungo izena hartu zuen.
- 1763an, Britainia Handiaren menpe geratu zen.
- 1841ean, Kanadako zati bihurtu zen.
- 1995eko urriaren 30ean, banaketari buruzko bigarren erreferenduma egin zuten. Independentistek oso alde txikiaz galdu zuten, botoen % 49,4 haien aldekoa izan baitzen eta % 50,6, aurkakoa.
Hizkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016an frantses hiztunak % 79,6 ziren eta ingelesezkoak. % 8,9[6]. Quebeceko berezko biztanleak indiarrak eta inuitak dira, gutxi gorabehera, % 2.3.
Frantsesaren ofizialtasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quebeceko hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da 1974tik. Hizkuntza Ofizialaren Legea onartu zen urte hartan, eta frantses hiztunen eskubideak are gehiago indartu ziren 1977an, Frantses Hizkuntzaren Kartaren bidez.
1970ko lege funtsezko hauen aurretik, 1960koan ere izan ziren bi lege. Izatez, Quebeceko hizkuntzari buruzko lehen legea 1961koa izan zen, baina ez zen oso ausarta izan. Guztiarekin, bere bitartez, Frantses Bulegoa (Office de la langue française) sortu zen 1961ean. “Benetako” lehen hizkuntza-legea 1969an onartu zuen Jean-Jacques Bertranden gobernuak: frantsesa suspertzeko legea (Loi pour promouvoir la langue française / Loi 63). Lege horren helburuak nahiko kontraesankorrak ziren: alde batetik, legeak hezkuntza frantsesez emateko agintzen zien eskola-batzordeei; bestetik, hizkuntza aukeratzeko ahalmena uzten zuen gurasoen eskuetan eta aukeratua ingelesa izanez gero, legeak oinarrizko frantses-maila bat bermatzen saiatzen zen. Halaber, legeak Migraziorako Ministeritzari eskatzen zion Quebecera iritsitako etorkinek frantsesa ikas zezaten ziurta zezan. Dena den, legea ez zen oso aproposa izan Quebeceko hizkuntza-oreka mantentzeko, batez ere Montrealen, bertako eskola ingelesek erakarpen handia baitzuten etorkinentzat[4].
Frantsesa quebectarren nazio-identiate argia izan arren, hizkuntzarekiko kezka argi bat ez zen garatu 1960-1970 hamarkadak arte, inmigrazioaren gorakada eta fluxu demografikoen aldaketak errealitate bat erakutsi zien arte Quebeceko arduradun politikoei: frantsesdunen pisu demografikoa behera zihoala beren probintzian ere[4].
Frantsesaren aldeko neurri publikoak nahiko zorrotzak dira alderdi publikoei begira Quebecen. Publizitatean derrigorrezkoa da, elebitasuna baimenduta dagoen arren; baina hesi publizitarioetan eta hiri-autobusetan, adibidez, frantsesa bakarrik. Lan munduan 50 langiletik gorako enpresa guztiei ezartzen die legeak frantseste-ziurtagiria lortzeko betebeharra; eta 100 langiletik gora duten enpresek derrigor izan behar dute frantseste batzorde bat. Zirutagiria lortzeko, hizkuntza ofizialaren ezagutza ziurtatu behar da enpresako maila guztietan, zuzendaritzan zein langileen artean. Enpresako barne eta kanpo komunikaziorak betebeharrak ere badaude frantsesaren aldekoak[4].
Hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quebecen, Haur Hezkuntzako, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako derrigorrezko hizkuntza frantsesa da, bai eskola publikoetan, bai gobernuak diruz lagundutako eskola pribatuetan. Herri autoktonoei dagokienez, heziketa euren hizkuntzaz jasotzeko eskubidea onartzen zaie, ingelesa eta frantsesa bigarren hizkuntzatzat hartuta[4].
Hizkuntza aldaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quebeceko frantses hiztunek eta Frantziakoek elkar ulertzen dute, baina hizkuntza gehienetako hizkuntza ofiziala eta dialektoen artean jazotzen den bezala, frantses ofiziala eta quebeceraren artean ere ezberdintasunak daude, bai hiztegi aldetik nahiz ahoskera aldetik ere.
Ezberditasun handiena quebecerak gaurdaino mantendu izan dituen antzinako frantsesaren hainbat hitz eta esamolde nahiz ahoskerak dira, bai eta quebecera egunerokotasunean ingelesarekin egunerokotasunean elkarbizitzen den hizkuntza izanik, azken hizkuntza horrek quebeceran duen eragin handia dela eta, ingelesetik hartutako mailegu eta zenbait ahoskera ere.
Lexiko ezberdintasun batzuk, adibide gisa:
Quebeceraz | Frantsesez | Euskaraz |
---|---|---|
abrier | couvrir | estali |
astheure (à c't'heure) | maintenant | orain |
chum (m) | copain (m) | mutilagun |
magasiner | faire du shopping | erosketak egin |
placoter | papoter | solastu |
pogner | attraper, prendre | atzeman, harrapatu |
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quebecek bere kultura propioa garatu du bere sustrai historikoetatik, eta faktore nagusi batek garrantzia du batez ere perspektiba ezberdina izateko: frantses hiztuna den nazio bat izatea, ingelesezko kultura handiagoez inguratua kontinentea. Baina frankofoniaren parte den kultura horrek baditu beste eragin batzuk, nazio indigenenak, britainiarren eta estatubatuarren ekarpenak, Amerikako beste komunitate frankofono batzuenak, eta XX. eta XXI. mendeetako etorkinen berriena.
Kultura hiri nagusia Montreal da, eta Quartier Latin auzoa delakoa bertan. Baina Quebec hiriko Vieux-Québec auzoa ere maila bertsuan dago.
Hainbat gobernuz kanpoko erakundek jarduera kulturalaren alde egiten dute Quebecen, baina gobernu babes handia ere badago. Conseil des arts et des lettres du Québec (CALQ) Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioaren ekimen bat da, sorkuntza, ekoizpenak, berrikuntza eta nazioarteko banaketa sustatzen duena. Era berean, Société de développement des entreprises culturelles (SODEC) delakoak kulturaren industrian lan egiten duten artista eta pertsona indibidualak finantztzen ditu.
Zenbait sari daude, izaera nazionala dutena. Prix du Québec delakoa gobernuak ematen du eta aparteko lorpena frogatzen duten pertsonei ematen zaien bereizmen eta ohore handia da. Beste sari hauek ere badaude: Athanase David sariak (literatura), Félix sariak (musika), Gémeaux sariak (telebista eta ikus-entzunezkoak), Jutra saroiak (zinea), Masques sariak (antzerloa), Olivier Guimond sariak (umoerea) eta Opus sariak (kontzertuetako musika).
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musika alorrean, folk musikatik (adibide ezagun bat bertako foplk musika tradizionalaren erakusgarri, ukitu modernoekin, "La Bottine Souriante" taldea dugu) hip-hop berrienera, musika esparru ugaritako esperientzia eskaintzen duen herrialde kosmopolita da Quebec.
XX. mendetik nazio horrek eman dituen musikari ezagunenak izan dira Félix Leclerc (1950eko hamarkada), Gilles Vigneault (1960eko hamarkadatik), Kate eta Anna McGarrigle (1970eko hamarkadatik) and Céline Dion (1980ko hamarkadatik).
Zinea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinea egiten da Quebecen XX. mende hasieratik, eta soinua sartu zenetik frantsesezko ekoizpenak ere presente izan dira.
XXI. mendean, Quebecen prestaturiko zenbait zuzendarik ospea lortu dure bereziki, hala nola Xavier Dolan, Denis Villenueve, Jean-Marc Vallée edo Denis Côté. Urrezko aro bat ere izan dela deritzote kritikari batzuek[7]. Zuzendari haietariko batzuk zinea frantsesez egiten hasi ziren Quebecen bertan, eta gero AEBetako nazioarteko eskalako industrian, lanean ingelesez segitu. Adibide argia Villeneuve da: haren lan quebectar frantsesezkoak dira beren lehen faseko Maelström (2000) edo Incendies (2010), baina gero ingelesezko arrakastak lortu ditu, hala nola Prisoners (2013) edo Blade Runner 2049 (2017). Ikerlari batzuek esan dute Villeneuveren zinea izarean transnazionala eta eleaniztuna idela[8].
Quebectar ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Émile Nelligan (1879-1941), poeta.
- "La Bolduc" (1894-1941), abeslaria.
- Félix Leclerc (1914-1988), abeslaria eta idazlea.
- Claude Jutra (1930-1986), zinema zuzendaria.
- Leonard Cohen (1934-), abeslaria.
- Denys Arcand (1941-), zinema zuzendaria.
- Guy Delisle (1966-), komikigilea.
- Céline Dion (1968-), abeslaria.
- Philippe Falardeau (1968-), zinema zuzendaria.
- Naomi Klein (1970-), aktibista.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
- ↑ MAIA, Jon: Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean, 2006. 62-63. orriak.
- ↑ MAIA, Jon: Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean, 2006. 63. orria
- ↑ a b c d e .
- ↑ MAIA, Jon: Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean, 2006. 63. orria.
- ↑ (Frantsesez) Le français, l’anglais et les minorités de langue officielle au Canada en 2016, Statistiques Canada.
- ↑ (Gaztelaniaz) «La época de oro del cine de Quebec» La Tempestad 2018-02-16 (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
- ↑ (Ingelesez) King, Gemma. (2019). Denis Villeneuve's multilingual cinema: Decentring space, time and language in Arrival. Peter Lang GmbH Europaeischer Verlag der Wissenschaften ISBN 978-3-631-80110-9. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) (Frantsesez) Webgune ofiziala