Argoainaundi baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Argoainaundi baserria
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Gipuzkoa
Udalerria Zarautz
Koordenatuak 43° 16′ 23″ N, 2° 10′ 48″ W / 43.2731879854°N,2.17997080822°W / 43.2731879854; -2.17997080822Koordenatuak: 43° 16′ 23″ N, 2° 10′ 48″ W / 43.2731879854°N,2.17997080822°W / 43.2731879854; -2.17997080822
Historia eta erabilera
IrekieraXVI. mendea
Ondarea
EJren ondarea 31

Argoainaundi baserria, batzuetan Argoain Haundi, Zarautzen dagoen baserria da. Erdi Aroko orube batean eraikitakoa, XVI. mendean sortu zeneko horma gotikoen zati bat du oraindik, eta lehen solairuan, harlanduz inguratutako eta kasetoiz apaindutako bi leiho. XVIII. mendean, jatorrizko neurriak gordez, egungo zurezko egitura erantsi zitzaion. Egungo eraikinak, zalantzarik gabe, ingurune-, paisaia- eta etnografia-balio nabarmenak ditu.

2007ko abenduaren 11an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplano laukizuzena (20 x 17 m) duen familia bakarreko baserria da, muino baten HEko hegalean kokatua. Bi solairu eta ganbara ditu. Itxitura-hormak harlangaitzezkoak dira lau fatxadetan, harlanduzko eskantzuak ditu eta baliteke zenbait parte harlanduzko gotikoak izatea, emokatzea dela eta, ikusi ezin bada ere. Hormak zarpiatuta eta zuriz pintatuta daude.

Fatxada nagusia HEra begira dago eta beheko solairuan bi sarrera-ate ditu eta bost leiho-bao. Fatxada horrek, lehen solairuan, bi bao ditu alboetan eta hiru erdialdean; horietako bi karelak dauzkaten balkoiak dira. Alboetako baoei dagokienez, ezkerrekoak leiho bikiak ditu, gaur egun mainelik gabeak, eta alakatutako angeludun harlanduz eginak dira, leiho-barrena landua eta kasetoiz apainduta. Bestalde, eskuineko baoa harlanduz inguratutako leiho zorrotza da, landutako harrizko leiho-barrena duena. Ganbararen parean fatxadak bi bao xume ditu zurezko marko eta itxigailuekin, garai bateko itxitura-oholtza ordezkatzen.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IEko fatxada baxuagoa da, beheko solairuan mendebaldeen dagoen aldean ate handi bat eta bi leiho-bao irregular ditu.

IMko fatxada, fatxada nagusiaren antzeko altuera duena, itsua da, ganbararen parean bi kuku-leiho txiki baditu ere. Harlanduz eginak dira.

HMko fatxada sarrera-bideari begira dago. Bertan, ate handi bat dauka eta zuzenean ganbarara igotzeko arrapala; ganbarak bi isuriko teilatutxoa dauka alde horretako teilatuaren gainean altxatua. Fatxada horrek, mendebaldean dagoen gunean eranskin bat du, estalkiko isurialdearen HMko luzapenak estaltzen duena. Era berean, fatxada horri atxikita eta haren hegoaldeko aldean, hormigoizko egitura garden bat dago, ebaketa karratuko ur-biltegi baten euskarri-lanak egiten dituena.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarbidearen alboan, eraikinak borda osagarri bat du erantsita, zeinak barnean sagardo-sagarretarako dolare bat baitu.

Baserriaren barne-egitura atal bakarreko lau zutoin-ardatzek osatzen dute, beste hainbeste harrizko zapatatan dautzanak. Horien gainean habe nagusiak ahokatzen dira eta zutabeari atxikitako zurezko eranskinak eta besoak dituzte. Lehen solairuko forjatuak oinplano osoa hartzen du. Sekzio ertaineko solibekin egina dago eta fatxada nagusitik lehen horma-arte oso erregularra osatzen du. Atzeko aldeko solibek (bigarren eta hirugarren horma-arteek) sekzio txikiagoa dute. Teilatuak petralak eta gapirioak ditu eta estalkia lataduna eta teila kurbatuz estalita dago.

Egitura, zati batean, zeinuz eta zenbaki erromatarrez markatuta dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa