Edukira joan

Arrotza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arrotza
Datuak
IdazleaAlbert Camus (1942)
Argitaratze-data1942
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaL'Étranger
Hizkuntzafrantsesa
Herrialdea Frantzia
BildumaBlanche
Orrialdeak184
Euskaraz
IzenburuaArrotza
ItzultzaileaJosu Zabaleta / Xabier Galarreta
Argitaratze-data2017 / 2000
BildumaNarratiba
Orrialdeak157 / 141
ISBN9788491092254 / 9788495421326

Arrotza (jatorrizko izenburua: L'Étranger) Albert Camus frantziar idazlearen eleberria da, 1942an argitaratua. Hiru aldiz euskaratu da: Josu Zabaletak 2017an, Xabier Galarretak 2000n[1] eta Jose Mari Agirrek 1970ean.[1]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Pertsonaia nagusia, Meursault jauna, gizaki axolagabea da. Behin, hilketa bat egiten du eta, errugabea sentitu arren, ez du protestarik egiten, ezta damutzen ere. Denaren aurrean guztiz pasibo aritzen da. Arrotza da bere inguruan dagoen guztiarekiko.

Aljer, 1938, Meursaultek —hogeita hamar urte inguruko enplegatu lasai eta apalak—, ez du emozio-izpirik erakusten amaren hiletan. Biharamunean, ustekabeko maitasunezko istorio bat hasiko du Marierekin, lankide batekin. Laster itzuliko da ohiko errutinara. Alabaina, Raymond Sintesek —bere bizilagunak— Merssaulten egunerokotasuna aztoratuko du bere negozio ilunetara bultzatzean eta bero kiskalgarriko egun batean jazoera tragiko bat gertatuko da azkenik hondartzan...[2] Hurrengo goizean, bere bizilagun Raymond Sintesek, proxeneta nabarmenak, Meursault lagun bihurtu nahi du, gutun bat idazten laguntzeko eskatzen dio, bere maitaleaz mendekatzeko. Raymond-ek uste du maitalea desleiala dela. Gainera, fisikoki oso bortitza izan da neskarekin, eta, izan ere, haren anaiaren errepresalien beldur da. Hurrengo astean, Raymond-ek jo eta iraindu egin du neska bere etxean. Poliziak bere etxean esku hartu eta komisariara deitu du. Lekuko gisa azaltzeko eskatzen dio Meursaulti, eta onartzen du. Komisariara deituta, Meursaultek Raymonden maitaleak “huts egin” ziola (errespetuz) adierazten du. Komisaldegitik irtetean, bazkaltzera gonbidatzen ditu Marie eta Meurault hurrengo iganderako, itsasertzeko txabola batean. Beste lagun batena da txabola, Massonena. Geroago, egun horretan, Mariek galdetzen dio Meursaulti ea berarekin ezkondu nahi duen. Ez diola axola erantzuten dio, baina gustura onartzen duela ideia.

Igande eguerdian, bazkari oparo batean ondo edan ondoren, Meursault, Raymond eta Masson hondartzan paseatzen ari dira eta bi "arabiarrekin" (eleberrian idazten den bezala, zehaztasun gehiagorik gabe) gurutzatzen dira, horietako bat Raymonden maitalearen neba delarik. Liskar bat pizten da orduan, eta Raymond labankadaz zauritzen dute aurpegian. Txabolan sendatu ondoren, Raymond hondartzara itzuli da Meursaultekin, eta bi "arabiarrak" ikusten dituzte berriro. Meursaultek badaki Raymond armatuta dagoela, eta errebolberra emateko eskatzen dio, inolako dramarik gerta ez dadin. Geroago, Meursaultek, hondartzan bakarrik, lurrean etzanda dagoen arabiarretako batekin topo egiten du berriro, eta arrazoirik gabe Meursault hurbiltzen zaio, arabiarrak labana bat ateratzen du orduan. Orduan beroak eta eguzkiak itsututa, Raymond-ek eman dion errebolberrarekin tiro egin eta tiro bakar batez hil du arabiarra. Gero, arrazoi argirik gabe, beste lau tiro ere egin dizkio gorputz bizigabeari.

Eleberriaren bigarren zatian, Meursault atxilotu eta galdekatzen dute. Haren hitz zintzo eta xaloek deseroso sentiarazten dute abokatua. Ez du damurik adierazten, asperdura baizik. Arraroa da, epaiketan gehiago galdetzen diote amaren hiletan izan zuen jokabideaz, egindako hilketaz baino. Meursault prozesutik kanpo sentitzen da. Eguzkiagatik egin omen zuela bere ekintza adierazten du, eta horrek ikusleen barre-algarak pizten ditu. Eguzkiak, beti ere Meursaulten arabera, haluzinazio baten antzeko ikusmenaren distortsioa eragin zion. Azkenean gillotinara kondenatzen dute. Kapilaua, hala eta guztiz ere, Meursault bisitatzera doa, bere azken uneetan Jainkoaren konfiantza izan dezan, baina Meursaultek uko egiten dio apaizarekin hitz egiteari. Kapilauak Meursaulti bere alde otoitz egingo duela esaten dionean, haserretu egiten da.

Kapilauarekin izandako liskar horren ondorioz, Meursault «munduaren axolagabetasun samurraz» jabetzen da (Camus-en absurdoa), eta giza kondizioaren aurrez definitutako zentzurik eza konturatzen da (Camus-en absurdoa, berriro), Orduan, zoriontsu eta bere heriotzari aurre egiteko prest sentitzen dela adierazten du, gauaren baretasunean bakea aurkituta eta, exekuzioaren egunean, gorroto-jendetza handiak bertan egon dadin ere desiratuz.

« Nobelaren irakurketari berari dagokionez, onartu beharra dago monotonoa izan daitekeela, aurrera egin ahala ia inpresioa ematen baitu ezen guztia ahots aspertu batek narratua dagoela. Beharbada monotonia horregatik guztiagatik da are ederragoa nobelaren bukaera, non ustekabeko lirismo bat ernaltzen baita kontaera apatiko eta estilo hotz horretan, hain zuzen arrotzaren borroka klimaxera iritsi ahala. Zaila da erabakitzea ea bukaeran errotiko estilo aldaketa bat dagoen, ala, aldiz, nobelak estilo beraren baitan aurkitzen duen lirismo hori. Nolanahi ere, amaiera benetan ederra da, eta, nire ustez, erabat konpentsatzen du hasieran eman dezakeen asperdura sentsazio oro. »

—Joanes Jauregi[3][4]

  • Meursault: Frantziako aljeriar bat da. Haren amaren heriotzarekiko duen axolagabekeriak ingurunearekin nolabaiteko desatxikimendu emozionala erakusten du. Meursault pertsona egiatia ere bada, pentsatzen duena esaten du besteak kontuan hartu gabe. Gizartetik urrun dago, bere axolagabekeriaren ondorioz.
  • Meursaulten ama: hil baino hiru urte lehenago zahar-egoitza batera bidali zuten. Meursaultek bere exekuzioaren unea gerturatzen denean, amarekiko senidetasun bat sentitzen du, hark ere zentzurik gabeko unibertso bat besarkatu zuela pentsatuz.
  • Tomas Perez: Meursaulten amaren senargaia zahar-egoitzan zegoen bitartean. Meursaulten amaren hileta-prozesioan atzean doa eta Meursaultek xehetasun handiz deskribatzen du agurearen ahalegina zutik mantentzeko. Epaiketan lekukotza ematen du.
  • Céleste: Meursault sarritan joaten den kafetegi baten jabea. Meursaulten epaiketan lekukotza ematera deitua da.
  • Marie Cardona: mekanografoa da Meursaulten lantoki berean. Meursaultekin topatzen da hondartza publiko batean, eta harreman bat hasten dute. Behin Meursaulti galdetzen dio ea maite duen, eta beste behin berarekin ezkontzea gustatuko litzaiokeen. Lehenengoari ezetz erantzuten dio; bigarren ideiaren aurrean, aldiz, axolagabe dirudi. Mariek behin bisitatzen du kartzelan, baina ez diote bisita gehiagorik baimentzen, ez baita emaztea. Meursaulten aldeko lekukotza ematen du epaiketan.
  • Raymond Sintès: bere maitale arabiarra jipoitzen duen Meursaulten auzokide bat da. Neba eta lagunak mendekua hartzen saiatuko dira. Meursault sartzen du gatazkan, eta azken horrek neba hiltzen du. Raymondek eta Meursaultek lotura bat garatzen dutela dirudi, eta Meursaulten aldeko lekukotza ematen du epaiketan.
  • Arabiarrak: Raymonden maitalea, haren neba eta laguna. Liburuan arabiarretako inork ez du izenik, eta horrek frantses kolonoen eta bertakoen arteko distantzia islatzen du.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 «Albert Camus», Euskarari Ekarriak webgunean.
  2. «L'étranger / The Stranger» Donostiako Zinemaldia.
  3. Jauregi, Joanes. kritiken hemeroteka » Amaren heriotza. (kontsulta data: 2026-01-04).
  4. Jauregi, Joannes. (2018-05-06). «Amaren heriotza» Berria (kontsulta data: 2026-01-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]