Edukira joan

Asperula hirta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Asperula hirta
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaGentianales
FamiliaRubiaceae
GeneroaAsperula
Espeziea Asperula hirta

Asperula hirta errubiazeoen familiako landare belarkara da. Piriniotako endemismoa da eta Euskal Herrian Aizkorri mendian soilik azaltzen da.[1]

Louis Ramond de Carbonnièresek deskribatu zuen zientziarako 1800. urtean.[2]

Generoaren Asperula hitzak erreferentzia egiten dio zurtoinaren eta hostoen laztasunari. Latinez asper hitzak "latza" esan nahi du eta ula atzizkia txikigarria da. Espeziearen hirta izena latinezko hirtus hitzetik dator eta "iletsua" esan nahi du, izan ere hostoen ertzak ziliatuak baitira.[3] Horrela beraz izen zeintifikoak literalki "landare latz iletsua" esan nahi du.[4]

Lurbarnean dauden estoloi gorrixka edo laranjatatik 12 cm arteko zurtoin tenteak ateratzen dira. Zurtoi sinpleak izaten dira, inoiz bitan banatzen direnak.

Hostoak txortengabeak dira, lauak eta puntadunak, eta nerbio bakarra dute. Hostoaren ertzak iletsuak dira, baina barnealdea ez. Oinarrian dauden hostoak 4-6ko bertizilotan ateratzen dira eta lantzeolatuak dira, 6,5 x 1,2 mm neurtzen dutenak. Loraldian lehortu eta erori egiten dira. Gorago ateratzen diren hostoak luzeagoak dira, 14 x 1,5 mm, eta seiko multzotan ateratzen dira.[3]

Loreak infloreszentziatan multzokaturik agertzen dira, 1,2 cm-tako tamaina hartuz. Lore bakoitza tetrameroa da, hau da, 4 mm dituen tubo batez hasten da eta 2,8 mm-ako lau lobulu ateratzen ditu. Lau estamin more ateratzen dira barnean.[3] Loreak zuriak dira, tono urdinxka edo arroxa dutenak.

Fruitua 2,8 mm-tako bi merikarpok osatzen dute.[3]

Piriniotako endemismoa da. 2.600 metrotako altueratik gora ateratzen da[5]. Euskal Herrian Aizkorri mendian baino ez da aurkitu, 1.200 metrotatik gora dauden kareharrizko harkaitzen pitzaduretan.[6][7]

Nitrogeno gutxiko lurzorutan hazten da. Tenperatura hotzetan bizi bada ere oso eguzkizalea da.[8]

Ugalketa eta bizi-zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Asperula hirta loraldi betean.

Landare belarkara bizikorra da, hemikriptofitoa, izan ere neguan zati aereoa galdu arren lur barnean gelditzen diren estoloietatik udaberrian zurtoin eta hosto berriak ateratzen baitira.[6]

Uztaila eta abuztuan loratzen da eta intsektuen bidez polinizatzen da. Haziek sakabanaketa barokorikoa dute, hau da, grabitate bidez gertatzen da.[9]

Gizakiaren mehatxurik ez du, irisgarritasun zaila duten tokietan ateratzen baita. EAEko landare mehatxatuen zerrendan sartu zen oso bakana delako, eta Aizkorritik gertuen dauden populazioak 100 kilometrotako distantziara daudelako, hala Piriniotan nola Kantabriako mendietan.[1][7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Asperula hirta» euskalnatura.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-22).
  2. (Gaztelaniaz) «Asperula hirta Ramond» www.gbif.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-22).
  3. a b c d (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Asperula hirta Ramond» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-12-22).
  4. (Gaztelaniaz) «Asperula hirta Ramond, Asperilla peluda (World flora)» Pl@ntNet (Noiz kontsultatua: 2024-12-22).
  5. (Ingelesez) «How to Grow and Care for Asperula hirta» PictureThis (Noiz kontsultatua: 2024-12-22).
  6. a b «Asperula hirta | Luberri.net» luberri.net (Noiz kontsultatua: 2024-12-22).
  7. a b INFORMAZIO EKOLOGIKOA, KONTSERBAZIO HELBURUAK, KONTSERBAZIO ARAUAK ETA JARRAIPENERAKO PROGRAMA BILTZEN DITUEN DOKUMENTUA, AIZKORRI-ARATZ ES2120002KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMU (KBE) IZENDATZEKO. Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza.
  8. (Frantsesez) «eFlore» Tela Botanica (Noiz kontsultatua: 2024-12-22).
  9. «Asperula hirta» erick.dronnet.free.fr (Noiz kontsultatua: 2024-12-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]