Atari:Astronomia/Definizioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Astronomia

Astronomia zeruko objektu edo argizagiak eta Lurraren atmosferatik kanpo gertatzen diren fenomenoak aztertzeaz arduratzen den zientzia da. Oso zientzia zaharra dugu hau, gizakiak sortu zuen lehenengoetarikoa zehazki. Askotan esaten da, astronomia, gizakiari lehen aldiz zeruarekiko interesa piztu zitzaionean jaio zela. Mende eta milurteetan zehar, gizakiak bere ingurune zabalarekiko zuen jakinmina asetzeko erabili izan du astronomia eta orain inoiz baino indartsuago ageri zaigu gure aurrean, izan ere, azkeneko urteetan aurkikuntza harrigarriak ekarri dizkigu astronomiak. Aipatzekoa da, zientzia honek hainbat adar dituela eta horietako bakoitzak desberdintasun nabarmenak dituela, adibidez, kosmologiak unibertsoa bere osotasunean eta sistema fisiko moduan aztertzen duen bitartean, astrogeologiak argizagien geologia aztertzea du helburu.


Historia[aldatu iturburu kodea]

Astronomia gizakiak nomada izateari utzi zionean hasten da, hau da, sedentario bihurtzen hasi zenean. Lehenengo zibilizazio edo komunitateak osatu zirenean, astroekiko interes gero eta handiagoa zuen. Gizakiek askotan erabili dituzte izarrak, ehizarako garairik onenak zeintzuk ziren jakiteko edo fruitu edo bestelako elikagaiak noiz bildu jakiteko. Bestalde, negua noiz zetorren jakiteko ere baliagarri suertatu zaio astronomia, urtaro hau iritsi baino lehenago konturatzen baitziren bazetorrela eta beraz, prestatzeko denbora gehiago lortzen zuten.

Gizakia bizi izan den leku guztietan aurkitu izan dira astronomiarekiko interesa adierazten dituzten arrasto edo jakintzak. Hau horrela izanda, astronomoen lanbidea gizakiak sortu dituen zaharrenetako bat dela argi geratzen da, gizakiaren kultura guztietan beraien txokoa duelako.


Gehiago irakurtzeko sakatu hemen...