Atlantikoko Gutuna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Roosevelt eta Churchill USS Augustan.

Atlantikoko Gutuna 1941eko abuztuaren 14an sinatu zen adierazpen bateratu bat da, USS Augusta itsasontzian, Atlantikoko nonbait nabigatzen ari zen bitartean. 1941eko abuztuaren 9tik 12ra egin zen Atlantikoko Konferentzia delakoa. Franklin Delano Roosevelt presidenteak, AEBren izenean, eta Winston Churchillek, Britainia Handiaren izenean, parte hartu zuten.

UEU logoa.png Wikiiturrietan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Atlantikoko Gutuna
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009
«

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Erregeren gobernuaren Erresuma Batuko ordezkariak, Mr. Churchillek, bildu ondoren, egoki ikusten dute ezagutaraztea bien herrialdeetako politika nazionaletan berdinak diren zenbait printzio, horietan oinarritzen baitute beren itxaropena, munduak etorkizun hobea izan dezan.

Haien herrialdeen helburua ez da ez lur gehiago berenganatzea, ez beste ezer berenganatzea.

Ez dute ikusi nahi inolako aldaketarik lurraldeetan, ez badator bat lur horietako herriek askatasunez adierazitako borondatearekin.

Errespetatzen dute herrialde guztiek beren lurraldeetan izango duten gobernatzeko modua aukeratzeko eskubidea, eta itzuli nahi dizkiete eskubide subiranoak eta askatasunez gobernatzeko aukera, lehenago bortxaz kendu zitzaizkienei.

Ahalegina egingo dute, dituzten betebeharrak erabat errespetatuz, estatu guztietara zabaltzen (handi nahiz txikietara, garaile nahiz garaituetara) merkataritzan berdintasunezko baldintzetan aritzeko aukera eta munduko lehengaiak eskuratzeko aukera, haien herrialdeek aurrera egin dezaten.

Nazio guztien arteko lankidetzarik handiena bultzatu nahi dute, ekonomia menderatze aldera, guztiek izan ditzaten lan-baldintzarik onenak, ekonomiak aurrera egin dezan eta babes soziala izan dezaten.

Nazien tirania erabat desegin ondoren, nazio guztietan bakea ezarriko den eguna ikusi nahi dute, bakoitza bere mugen barruan seguru biziko den eguna eta nazio guztietako gizaki guztiek libre, beldurrik gabe eta pobreziarik gabe bizitzeko aukera bermaturik izango dutena.

Horrelako bakeari esker ibili ahal izango dira gizaki guztiak itsaso eta ozeanoetan.

Haien ustez, munduko nazio guztiek uko egin behar diote indarkeria erabiltzeari, bai arrazoi praktikoengatik, bai eta espiritualengatik ere. Izan ere, ezin zaio eutsi etorkizuneko inolako bakeari, mehatxatzen duten nazioek lurreko, itsasoko edo aireko armak erabiltzen badituzte, edo mugetatik kanpo egindako erasoen bitartez mehatxatzeko gai badira; uste dute segurtasun-sistema orokor, zabal eta egonkor bat ezarri arte, funtsezkoa dela nazio horiek desarmatzea. Era berean, herri bakezaleentzako mehatxu diren armen pisua arintzeko neurriak suspertzen eta bultzatzen lagunduko dute.

»

[1]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel (2011), Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009, Udako Euskal Unibertsitatea, ISBN 9788484383345, http://www.buruxkak.eus/liburua/gaur-egungo-munduaren-historia-1945-2009/1915  .