Aurelio Sagaseta Ariztegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aurelio Sagaseta Ariztegi
Bizitza
JaiotzaIturen1935eko uztailaren 27a (88 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerakapaiza eta musikaria

Aurelio Sagaseta Ariztegi [1](Ituren, Nafarroa Garaia, 1935eko uztailaren 27a) nafar apaiza eta musikaria da.

Iruñako Seminarioan egin zituen ikasketak 1960ean apaiztuz. Une hartatik aurrera musika erlijiosoa izan zuen bere espezialitatea. 1962an, oposaketa bidez irabazi zuen Iruñako Katedraleko kanonigo eta ganbara-maisu edo txantre postua. Urte batzuk eman zituen Erroman bere musika ezagutzak zabaldu eta sakontzen, modu honetan Musika Institutu Pontifizioan Musika Sakratuan, Gregorianoan eta Musikologian atera zituen tituluak 1970ean.

Iruñeara itzulita, oposaketa bidez, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan postua lortu zuen konposizio irakasle moduan 1971ean, 1985ean bertako katedradun bihurtuz. Kontserbatorioko zuzendari ere izan zen 1986 eta 1988 artean. Espainiako eliz-musikarien elkarteko lehendakaria da 1992 ezkeroztik. Higinio Anglés musikologo handiaren dizipulutzat dauka bere burua.

Bere ibilbide luzean irakaskutza, zuzendaritza, ikerketa eta konposizioa uztartu ditu. Nabarmentzekoa da Iruñako Katedraleko musika artxiboan egindako lana, bertatik ahantzita zeuden edo ezagutzen ez ziren lanak berreskuratu, argitaratu eta interpretatuz, beti ere obren garaiko estetika ahalik eta modu finenean mantentzen saiatuz. Katedraleko musika-ganbararekin hainbat grabaketa eta kontzertu eman ditu Euskal Herrian, Espainian eta Europan. Adierazgarria da, halaber, Katedraleko ospakizunak laguntzen bere koruak daukan maila eta liturgiari ematen dion garrantzia. Herri musika ere aztertu izan du.

Ugariak dira aldizkari zietifikoetan argitaratutako artikulu eta ikerkertak eta bakarrik edo lankidetzan argitara emandako liburuek ere garrantzi nabarmena daukate, esaterako: La Música Medieval en Navarra (Iruñea, 1970) Higinio Anglésekin lankidetzan edo Órganos de Navarra (Gobierno de Navarra, 1985) Luis Taberna Lesakarrarekin batera egina. Diccionario Hispano-Americano de la Música (2000) delakoan hainbat sarrera ere idatzi ditu.

Nafarroako Koruen Federazioko urrezko domina jaso zuen, bai eta Donostiako Orfeoia/ UPV-EHU saria[2] ere, bertzeak bertze.

Academia de Bellas Artes de San Fernando erakundeko kide urgazlea da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. .
  2. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]