Aurreanplifikadore
Aurreanplifikadorea, ingelesez preamp bezala ezagutzen dena, sarrerako seinale analogiko ahul bat irteerako seinale indartsu bat bilakatzen duen anplifikadore elektronikoa da. Seinalea zaratarekiko sentikorra denean aurrerago prozesatu ahal izateko edo potentzia-anplifikadoreen bitartez bozgorailuetan erabili ahal izateko baliatzen da. Hori barik, amaierako seinalea zaratatsua edo distortsionatua izan daiteke. Oso erabiliak dira elektronika analogikoan, batez ere, sentsore analogikoetatik eratorritako seinaleak anplifikatzen direnean; adibidez, mikrofonoetan. Horregatik, ohikoa izaten da aurreanplifikadorea sentsoreetatik gertu egotea, zaratek eta interferentziek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.
Portaera analogikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreanplifikadore idealak linealak dira; irabazpena konstantea da funtzionamendu-tartean. Sarrera-inpedantzia altua da, korronte txiki batekin sarrerako seinalea irakurri ahal izateko; irteera-inpedantzia, aldiz, txikia da, irteerako tentsioan ahalik eta eragin txikiena izateko. Aurreanplifikadorea zirkuitu baten seinalearen intentsitatea handitzeko erabiltzen da, seinale hori garraiatzen duen kablean agertzen diren zaraten eraginen ondorioz agertzen den seinale/zarata erlazioa (Signal-to-Noise Ratio) nabarmen degradatu gabe. Hau da, transmititzen den seinalearen potentziaren eta zarataren potentziaren erlazioa hondatu gabe.
Aurreanplifikadore baten zarata-errendimendua kritikoa da. Friis-en formularen arabera, aurreanplifikadoreen irabazia handia denean, azken seinalearen SNRa (Signal-to-Noise Ratio) sarrerako seinalearen SNRa eta aurreanplifikadorearen seinale/zarata erlazioa zehazten da. Hots, aurreanplifikazioan geroz eta anplifikadore gehiago erabili, SNRa aldatu daiteke, aurreanplifikadoreen seinale/zarata erlazioa aldatu egiten baita.
Oinarrizko lau anplifikadore mota bereizten dira[1]: tentsio-anplifikadorea, korronte-anplifikadorea, transkonduktantzia-anplifikadorea eta transresistentzia-anplifikadorea. Normalean aurreanplifikadoreak tentsio-anplifikadoreetan oinarritzen dira.
Tentsio-anplifikadorea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eredua tentsio kontrolatuko tentsio-iturri batean, irabazpen-faktorean, sarrera-erresistentzian eta irteera-erresistentzian oinarritzen da. Anplifikazio-modelo hau tentsio-iturri batekin elikatzen da, dagokion erresistentzia duena, eta zama-erresistentzia batera konektatua. Irteera-erresistentzia ia zero izango da eta irteerako seinalean aldaketa oso txikia izango du.[1]
Aplikazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Musika-arloan, anplifikadore baten lehen faseetan erabiltzen dira, ondoren potentzia-anplifikadore batera bidaltzen dena. Musika tresnen anplifikadoreetan, aurreanplifikadorea diseinatuta egon daiteke saturazio edo distortsio efektuak sortzeko.
- Zuzeneko musika eta grabazio-estudioko aplikazioetan, unitate bereizietan.
- Audioko nahasketa-mahai bateko kanal bereiziko edo kanal integratuko parte.
- Telebista-antena edo antena parabolikoen hartzaileen seinaleen anplifikazioan.
- Disko gogorren zirkuituetan, buru magnetikora konektatzeko edo CD/DVD unitate bat fotodiodoetara konektatzen den zirkuituetan.
- CMOS konparatzaileetan oinarritutako analogiko-digital bihurgailu gehienetan bat ez datozen desplazamenduaren ondorioak baliogabetzeko erabiltzen den kommutaduran oinarritutako kondentsadore-zirkuituetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Sedra, Adel S.. (2016). Microelectronic circuits. (International seventh edition. argitaraldia) ISBN 978-0-19-933914-3. PMC 958224520. (Noiz kontsultatua: 2021-11-17).