Aurtzaka (dantza taldea)

Aurtzaka euskal dantza talde bat da, Beasaingoa (Gipuzkoa), 1979an sortua, aurretik urte askoan lanean aritutako Goierri eta Salleko Adiskideak taldeak elkartzearen ondorioz. Aurtzakak, tradiziozko euskal dantzen bilduma zabala ezagutu eta mantentzeaz gain, Goierri eskualdeko dantza-tradizioa jasotzen eta lantzen dihardu nagusiki. Gaur egun, 170 haur eta gaztetxok eta 60 helduk osatzen dute.[1][2]
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurtzaka belak erabiliz haizearen aurka nabigatzea da, sigi-saga eginez. Horixe da hiztegiek Beasaingo dantza-talderen izenari ematen dioten adiera.
Dena den, definizio horrek badu berekin hitzez azaltzen ez den esanahia: aurrera egitea. Izan ere, ezinbestean, aurrera egiteko nabigatzen da, nahiz eta haize-ufada bortitzen eta olatu oldarkorren kontra izan. Aurrera egiteko sen horrek bultzatuta sortu zen Aurtzaka dantza-taldea 1979k udaberriaren bueltan. [3]
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goierri taldeak bere onenak emanak zituen; batik bat, hainbat arrazoi tarteko, dantzariak bakantzen ari zirelako. Salleko Adiskideak haurren taldeak, berriz, denboraren joanak ezarritako arazoari egin behar izan zion aurre: umeak hazi egiten dira, eta urte gutxiko epean neska eta mutil koskor izandakoak neska gazte eta mutil gazte bihurtzen dira. Finean, ez dute haurrentzako talde batean leku egokirik. Hori dela eta, Aurtzaka sortu aurreko urteetan bazegoen nolabaiteko harremana Goierri eta Salleko Adiskideak dantza-taldeen artean. Sallekon umeekin zebiltzanetako asko Goierrin ere aritzeaz gain, hazten zihoazen neurrian Sallekoko hainbat dantzari (baita txistulari ere) Goierrik fitxatzen zituelako, hain zuzen ere. [3]
Azkenean bi taldeek bat egin eta behin bat-egitea erabakita, Raimon Gamaiok hartu zuen talde berriaren gidaritza. Hain zuzen ere, honela banatu zituzten ardurak Aurtzakaren lehen aro hartan: zuzendaria Raimon Gamaio, diruzaintza eta administrazioa Bernardino Oiarbidek, garraioak eta publizitatea Karlos Unanuak. mutilen taldearen zuzendaritza teknikoa Martin Iraola eta nesken taldearen zuzendari teknikoak Maria Jesus Alvarez eta Mari Karmen Huizi, materialaren arduraduna Guillermo Torres, jantziena Itziar Sarasola, umeen taldearen arduradunak Joxi Azurmendi eta Mari Jose Lasa , folklorearen ikerketa Mari Jose Kerejeta eta txistularien zuzendari teknikoa Jose Agustin Olano.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Mikel SARRIEGI ETXEZARRETA: «Aurtzaka dantza taldea», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ Vierbücher, Ariane. (2024-09-05). «Mikel Sarriegi dantza maisua, ohorezko kofradiakide» Goierriko Hitza (kontsulta data: 2025-04-30).
- ↑ a b c Eskisabel, Idurre. (2004). Dantza Beasainen. Aurtzakak 25 urte. in: Beasaingo Paperak. Beasain: Beasaingo udala, 109-110 or. ISBN 8493294039..