Edukira joan

Baloi gidatu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Baloi gidatu bat Suitzan, 2003an.

Baloi gidatua edo globo gidatua autopropultsatuko aerostato bat da, eta aireontzi gisa maneiatua izateko gaitasuna du. Sostengu aerostatikoa inguruko eguratsa baino dentsitate txikiagoa duen gas tangen bidez lortzen da. Zepelina (egitura zurruneko baloi gidatu bat, Alemanian fabrikatua) da baloi gidatuaren mota ezagunena, eta baloi gidatuen mota guztiei zepelin deitzen zaie askotan hizkera arruntean.

Francesco Lana de Terzik diseinatutako aireontzia

1670ean Francesco Lana de Terzi jesuitak —batzuetan «aeronautikaren aita» izendatua[1]— baloi gidatu baten deskribapena argitaratu zuen. Kobrezko lau esferak eutsiko zioten airean, eta esfera haietatik airea hustuko zen. Nahiz eta oinarrizko printzipioa egokia izan, aireontzi hori ezin zen eraiki garai hartan, ez eta gaur egun ere; kanpoko presioak, izan ere, esferak kolapsatzea eragingo luke. Esferen gainazalak presioari eusteko bezain lodiak egin litezke, baina hain lodiak izan beharko lukete ezen ezen astunegiak bailirateke airean irauteko.[2] Printzipio horiei jarraituz egindako ontzi hipotetikoari hutsezko aireontzi deritzo.

Blanchard, Mantxako kanala zeharkatzen, 1785ean.

Baloi gidatu praktikoago bat deskribatu zuen Jean Baptiste Marie Meusnier lotinantak, Mémoire sur l’équilibre des machines aérostatiques («Makina aerostatikoen orekari buruzko txostena») izeneko txostenean; txosten hura Frantziako Akademiari aurkeztu zion 1783ko abenduaren 3an. 1784an Jean-Pierre Blanchardek eskuz eragindako helize bat egokitu zion baloi bati; propultsatzearren airean garraiatutako lehenengo gailu ezaguna da. 1785ean, Mantxako kanala zeharkatu zuen, eragiteko hegalak erantsita zituen baloi batean; gainera, txorien antzeko buztana zuen, norabidea gidatzeko.[3]

XIX. mendean hainbat hobekuntza tekniko egin eta gero, hegaldi luze batean kontrola zitekeen lehenbiziko makina baloi gidatu bat izan zen: zepelina, hain zuzen ere. Garraiobide gisa erabili zen 1900etik 1930era; hainbat istripu larriren ondoren, hegazkinak nagusitu zitzaizkion. Istripu haietatik ospetsuena LZ 129 Hindenburg zepelinaren sutearena izan zen. Gaur egun, bigarren mailako erabileretara mugatuta dago: bereziki, publizitatera eta iragarkietara.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «Francesco Lana-Terzi, S.J. (1631-1687); The Father of Aeronautics»
  2. (Ingelesez) «Would a balloon filled with vacuum instead of helium float?».
  3. (Ingelesez) Winter, Lumen; Degner, Glenn, Minute Epics of Flight, New York, Grosset & Dunlap, 1933. OCLC 738688. Ikus 26–27. orrialdeak.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]