Hegazkin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Boeing 747 bat lurreratzen.

Hegazkina aireontzi hegalduna da, hegan egin dezakeena. Bere pisua airearena baino handiagoa da[1], eta hegan egiteko indar aerodinamikoan oinarritzen da, hego batetik pasatzen den airearen presioak ezberdinak baitira behealdean eta goialdean. Honetarako hegoak forma berezi bat eduki behar du.

1903an Wright anaiek lehenengo hegaldi propultsatu eta kontrolatua egin zutenetik, asko aurreratu da hegazkingintzan. Garraio bide nagusienetarikoa da, egunean milioika pertsonek erabiltzen dutelarik, eta zamak eramateko bide azkarra ere bada. Aeronautika deritzan zientzia oso bat garatu da beraien inguruan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegan egiteko lehenengo ahaleginak antzinatik datoz, greziar mitologiako Ikaro eta Dedaloren kondairak adierazten duen bezala. XV. mendean Leonardo da Vincik hegan egiteko hainbat aparatu diseinatu zituen, baina ez zituen aurrera eraman, eta XIX. menderarte ez ziren aurrerapen garrantzitsuak egin hegazkingintzan. Mende honen lehenengo zatian George Cayleyk aerodinamikaren oinarriak asmatu zituen, eta 1849an berak diseinatutako planeagailu batek tripulazio gabe hegan egin zuen[2][3]. Lau urte geroago, bere gurdi-gidariak planeagailu horretan hegaldi motz bat egin zuen. Aerodinamikan lanak jarraituz, 1871ean lehenengo haize-tunela eraiki zen, eta egin ziren azterketek adierazi zuten arabera, erresistentzia aerodinamikoa baino bost aldiz handiagoko altxatze-indarra zuten hegalak egitea posible zen. Arazoa oraindik aireontzia nola higiarazi eta nola kontrolatu ziren. Otto Lilienthalek Alemanian planeagailuekin hainbat hegaldi burutu zituen eta kontrolaren inguruan aurrera pauso garrantzitsuak eman zituen, 1896ean hil zen arte, haize bolada batek bere planeagailua hautsi zuenean.

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wright Flyeraren lehenengo hegaldia

Samuel Langleyk hainbat eredurekin hegaldiak burutu zituen, baina gizon bat garraiatzeko haina tamaina zuen hegazkina eraiki zuenean, ahulegia zela ikusi zuen. 1903an egindako saiakerek ez zuten arrakastarik izan, eta egindako hegaldiek aireratu bezain laster uretan amaitu zuten. Urte horretan Wright anaiek propultsatutako eta kontrolatutako lehengo hegaldi gidatua burutu zuten. 1900 eta 1902 urteen bitartean planeagailuak egin ondoren, haize-tunel bat eraiki zuten eta hortaz baliatuz diseinu hobeak egin ahal izan zituzten. Beraiek diseinatutako 9 kW-ko motore bat erabiliz, Kitty Hawken, Ipar Carolina, 1903ko abenduaren 17an motore bidezko lehenengo hegaldia egin zuten, 37 m-ko luzerakoa 12 segundotan. Egun berean lau hegaldi burutu zituzten, azkena 260 m-koa 59 segundotan. Azkenean haize bolada batek hegazkina hautsi zuen.

1906ko irailaren 13an Alberto Santos Dumonten 14 Bis hegazkina bere kabuz aireratzen lehena izan zen, Wright anaien Flyerak jaurtigailu baten beharra izan baitzuen[4][5]. Brasildarra bera, Frantzian egin zituen lan gehienak. Louis Bleriot frantziarra Mantxako itsasartea igarotzen lehena izan zen 1909ko uztailaren 25ean. 37 minutu behar izan zituen Calais eta Dover artean dauden 34 km-ak egiteko, eta lorpen horrekin London Daily Mailen £ 1000-ko saria irabazi zuen.

Lehenengo Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asmatu bezain laster hegazkinak xede militarretarako erabiltzen hasi ziren. Lehenengo herrialdea Bulgaria izan zen 1912 eta 1913 urte bitartean otomandarren aurka erasoak burutu zituenean. Baina Lehen Mundu Gerratea piztu zenean, hegazkinaren balioa argi ikusi zen eta herrialde guztiek beraien flotak hazi zituzten. Bonbaketari, ehiztari eta ikuskari-hegazkin bezala erabili ziren. Teknologia garapena izugarria izan zen, ezaugarriak hainbat bider hobetu zirelarik gudak iraun zuen lau urtetan.

Hegazkinei dagokienez, Sopwith Camela Ententearen aldetik, eta Albatros D.V eta Fokker Dr.I alemaniarren aldetik izan ziren esanguratsuenetarikoak. Bi azken hauekin Manfred von Richthofenek, Baroi Gorria bezala ezagutua, 80 garaipen lortu zituen, Lehen Mundu Gerran beste edozein pilotuk baino gehiago. Aliatuetan, Rene Fonckek lortu zituen garaipen gehien, 75rekin.

Gudatartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren ostean, hegazkingintza komertzialaren pizkundea gertatu zen. Teknologia aurreratu ahala, eraikuntza egur eta oihaletik altzairu eta aluminiora igaro zen, motoreetan aurrerapenak potentzia, pisu eta kontsumoan hobekuntza ahalbidetu zuen bitartean. Posta-zerbitzua izan zen lehenengo erabilera, eta 1919an Estatu Batuetan lehenengo hegaldi komertzialak hasi ziren, hasieran 10 bat bidaiarirentzako tokia zuten hegazkinekin. 1920ko hamarkadan aire konpainia asko sortu ziren kapazitate gehiagoko hegazkinak ateratzen ziren heinean, besteak beste Pan Am, Iberia, American Airlines eta Lufthansa. 1930eko hamarkadan Douglas DC-3 eta Boeing 307 hegazkinak sortu zirenean hegazkingintza komertziala are gehiago hazi zen eta zerbitzua hobetzen joan zen azafaten sartzearekin. Hauetariko lehena Ellen Church izan zen, 1930ean United Airlinesentzat lanean hasi zena.

Denboraldi honetan etengabe distantzia eta abiadura markak hausten ziren. Ozeano Atlantikoa igarotzea ahalegin garrantzitsua zen, eta bakarrik eta geldialdirik gabe igaro zuen lehena Charles Lindbergh izan zen, 1927ko maiatzaren 20 eta 21 bitartean, 34 orduko hegaldia eginez "Spirit of St. Louis" hegazkinean. Schneider Trophy bezalako lehiaketek herrialdeen arteko lehia bultzatzen zuten eta gero eta hegazkin azkarragoren sorrera. 1921ean Italiak irabazi zuen lehiaketa, 189,7 km/h-ko batezbesteko abiadurarekin; 1931n Erresuma Batuak irabazi zuen 547,31 km/h-ko abiadurarekin. Beste hainbat arrakasta lortu ziren, hala nola Erresuma Batutik Australiaraino bidaia, eta Ozeano Atlantikoaren zeharkatzea emakume baten eskutik, Amelia Earhart. Denboraldi honek jendean hegazkingintzaren hedapena suposatu zuen.

Bigarren Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknologiaren garapenak aurrera jarraitzen zuen, eta Bigarren Mundu Gerran hegazkingintzaren aurrerapenak izugarriak izan ziren, bai ezaugarrietan baita produkzioan ere. Lehenengo urteetan, batez ere Alemaniak, SESBk eta Erresuma Batuak zuten aire-kapazitate nagusia, Polikarpov I-16, Messerschmitt Bf 109 eta Supermarine Spitfire bezalako hegazkinekin. Aire bidezko guda oso garrantzitsua bilakatu zen, zibilei eta artilleria posizioei bonbardaketak egiten zirelarik, Heinkel He 111 eta Ilyushin Il-2 hegazkinak erabiliz, besteak beste. Bonbaketariei aurre egiteko ehiza-hegazkinak aritu ziren.

Ingalaterrako bataila hegazkin bidez soilik burutzen lehena izan zen, 1940an. Alemania eta Erresuma Batuaren artean, 3000 hegazkin baino gehiago aritu ziren eta beste hainbeste suntsitu ziren, britainiar aireportuetan zeuden asko bonbardatu baitzituzten. Alemaniaren estrategia aireportuak bonbardatzea zen, eta emaitza onak lortzen ari zen, baina operazio-modua aldatu zuten, hiriak bonbardatzera pasatuz, batez ere Londres. Hori lasaigarri bat izan zen britainiar aire indarrentzat eta indarberritzea ahalbidetu zuen. Ondorioz, britainiarrek berriz airearen kontrola hartu zuten eta Alemaniarrak garaitu zituzten. Hegazkin garrantzitsuenak Heinkel He 111 eta Messerschmitt Bf 109 izan ziren Alemaniaren partetik, eta Hawker Hurricane eta Supermarine Spitfire Erresuma Batuaren aldetik.

Ekialdeko frontean Alemania eta SESB arteko guda izugarria izan zen, hegazkinen laguntza funtsezkoa izan zelarik. SESBen produkzio-ahalmena beste edozein herrialderena baino handiagoa zen. Ilyushin Il-2 sobietarraren 40000 unitate eraiki ziren, historian beste edozein hegazkin baino gehiago. Lur-erasorako hegazkina zen, ez oso azkarra, baina oso sendoa, mantentze-erraza eta edozein baldintzatan erabili zitekeena, mota horretako hegazkin bat izateko ezaugarri bikainak.

Pearl Harborrera erasoaren ostean, 1941ean, Estatu Batuak gerran sartu ziren, eta beraiekin zeuzkaten hegazkin pila. Europako fronterako oso garrantzitsuak izan ziren bonbaketariak, B-24tik hasita, B-17 handienera arte. Hauei Europa barruan eskolta emateko ehiza-hegazkinak ere erabili zituzten, hala nola P-38 eta P-47a, eta guda osoko hegazkinik onenetarikoa, P-51 Mustanga. Epealdi laburrean garatua, azkar adierazi zituen bere ezaugarri bikainak, eta bere abiadura, maniobratze-ahalmena eta autonomiari esker bonbaketariei eskolta eman ahal zien Alemanian barrena. Guztira ia 16000 unitate eraiki ziren. Ozeano Barean Japoniarekin gudan beste erako hegazkinak erabili ziren. Izan ere, hegazkin-ontziak erabiltzen hasi ziren eta erabilera honentzat bereziki prestatuak zeuden hegazkinak, hala nola F6F Hellcat eta Mitsubishi A6M Zero. Bonbaketari handien garapena jarraituz, Hiroshima eta Nagasaki hirien bonbardaketetan Boeing B-29 hegazkinak erabili ziren.

Gudako teknologia-garapen garrantzitsuena motorretan izan zen, baina. Helizearen eraginkortasuna handitu ezin zelarik, 1930eko hamarkadan Erresuma Batuak eta Alemaniak, bakoitzak bere aldetik, erreakzio-motorrak asmatu zituzten. Garapena ez zen oso azkarra izan, arazo ugari sortzen baitziren, batez ere motor baten iraupena oso laburra izatea, ordu batzuetakoa besterik ez. Lehenengo jet hegazkina Heinkel He 178 alemaniarra izan zen, 1939ko abuztuaren 27an aireratu zena. Britainiarrek Gloster Meteor zerbitzuan jarri zuten 1944ean, alemaniarrek Messerschmitt Me 262 baino pixka bat lehenago. Hala ere, gudan sartzen lehena azken hau izan zen, baina nahiz eta oso ezaguna izan, eta azkarra, ez zuen eragin handirik izan gudaren eratorpenean. Motorrez gain, alemaniarrek aerodinamikan aurrerapen garrantzitsuak egin zituzten, gezi-hegalen inguruan eta guztiz hegalak ziren hegazkinetan.

1950eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yeager hegazkinaren hegaldi supersonikoa

Alemania, Italia eta Japoniaren porrotaren ostean, hegazkingintzaren garapena batez ere Erresuma Batua, Estatu Batuak eta SESBen eskuetan geratu zen. Alemaniarrengandik asko ikasi zuten, batez ere erreakzio-motorretan eta aerodinamikan. Eztanda-motorrak alde batera utzita, arreta abiadura altuagoak ahalbidetzen zituen erreakzio-motorrean jarri zen. Abiadura supersonikoa lortzea izan zen lehenetariko ahalegina. 1947ko urriaren 14ean Chuck Yeagerek Mach 1 gainditu zuen Bell X-1 kohete-motoredun hegazkinean[6]. Urte horietan garatutako erreakzio-hegazkinak, F-86 Sabre eta MiG-15 adibidez, ez zeukaten abiadura supersonikoan hegan egiteko ahalmena, baina urte gutxi batzuk geroago, 1950eko hamarkadan, Lockheed F-104 bezalako hegazkinek jadanik Mach 2 abiadura har zezaketen. Hamarkada horretan eta hurrengoaren hasieran diseinatutako ehiza-hegazkin gehienek abiadura supersonikoan hegan egiteko ahalmena zeukaten. Bonbaketariei dagokienez, erreakzio-motorrek pisu handiagoak eta abiadura azkarragoak ahalbidetu zituzten, eta B-47 eta B-52 hegazkinak jaio ziren amerikarren aldetik, eta Tupolev Tu-95 sobietarren partetik. Azken hau ez da jet hegazkina, baina aurkako norantzan biratzen duten helize pare bat erabiliz motor turbohelize bakoitzean, besteen adina abiadurak lortzen ditu. Bonbaketariak ere azkar asko supersonikoak bilakatu ziren, B-58 eta Tupolev Tu-22 bezalakoak.

Garapen militarrarekin batera, hegazkingintza komertzialean erreakzio-motorrak sartu ziren. Lehenengo jet hegazkin komertziala De Havilland Comet britainiarra izan zen, 1952an zerbitzuan sartu zena. Hastapenak ez ziren onak izan, baina: hainbat istripu jasan zituen, metalaren nekearen ondorioz leiho inguruetan fuselajearen haustura gertatzeagatik. Hegazkin presurizatua zenez, hegaldi bakoitzean gertatzen ziren presurizazio eta despresurizazio zikloek metalean nekea eragiten zuten, orduan ezagutzen ez zen fenomenoa, azkenean fuselajea hausten zen arte. Boeingko ingeniariek hau kontuan hartuta Boeing 707a diseinatu zuten, 1958an Pan Amek zerbitzuan jarri zuena. Urte bat beranduagokoak dira Douglas DC-8 estatubatuarra eta Sud Aviation Caravelle hegazkin frantziarra.

1960ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko hamarkadako lanak jarraituz, 1960ko hamarkadan amerikarrek hegazkin esperimental ugari diseinatu zituzten, NASAren laguntzarekin, abiadura altuak, aireratze bertikala eta hegaldi exoatmosferikoaren propietateak aztertzeko, besteak beste. X-Planes bezala ezagutuak, hainbat marka hautsi zituzten[7]. X-15 kohete-motoredun hegazkinak 7.274 km/h (Mach 6,72) abiadura lortu zuen 1967ko urriaren 3an, munduko hegazkinik azkarrena bilakatuz.

SR-71 Blackbird, jet hegazkin azkarrena

Gerra Hotzean murgilduta, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak batak bestearen ahalmen militarraren beldurrez hegazkin azkarragoak diseinatzen zituzten. Bakoitzaren ustetan, arerioak bonbaketari supertsonikoak zituen eta horri aurre egiteko ehiza-hegazkin azkarrak behar zituzten, ez oso autonomia handikoak, denbora laburrean harrapatu ahal izateko. Horrela, 1964ko abenduaren 22an hasiera batean ehiza-hegazkina izateko garatutako Lockheed SR-71 Blackbird espioitza-hegazkin amerikarra aireratu zen. Mach 3 abiadurako gaitasunarekin, erreakzio-motore bidez propultsatutako hegazkinik azkarrena bezala mantentzen da, 1976ko uztailaren 28an lortu zuen 3.529,56 km/h-ko markarekin[8]. Estatubatuarrek Mach 3ko bonbaketari bat ere diseinatu zen, XB-70 Valkyriea, baina ez zen zerbitzuan jarri. Sobietarrek, beraien aldetik, MiG-25 ehiza-hegazkina garatu zuten, Mach 3ko gaitasunarekin baita ere, gero MiG-31 azkarragoan bilakatuko zena.

Etengabe haziz, hegazkingintza komertzialak hegazkin berriak ikusi zituen hamarkada honetan. Kapazitate txikikoak, Boeing 727, Boeing 737 eta Douglas DC-9 adibidez aipatzekoak dira. Guztiek arrakasta izan zuten, eta B-737a munduan gehien saldu den hegazkina da, 5000 baino unitate gehiago saldu direlarik[9]. Hegazkin ertainez gain, hegazkingintza komertzialaren gorakadak kapazitate handiko hegazkinen garapena bultzatu zuen. Boeing 747 Jumbo Jeta 1969ko otsailaren 9an aireratu zen lehenengo aldiz. 524 bidaiarirentzako tokiaz, munduko hegazkin komertzialik handiena izan zen 40 urtetan zehar. Beste enpresek ere tendentzia jarraitu zuten eta Douglas DC-10 eta Lockheed L-1011 300 bidaiari baino gehiago garraiatzeko ahalmena zuten hegazkinak jaio ziren.

Hegazkingintza militarrean abiadura supersonikoa oso finkatua zegoen, baina komertzialera oraindik heltzear zegoen. 1960ko hamarkadan Concorde eta Tupolev Tu-144 Mach 2ko hegazkin komertzial supersonikoak jaio ziren. Hegan egiten bietatik lehena Tu-144 sobietarra izan zen, 1968ko abenduaren 31an, Concordea hilabete batzuk beranduago aireratu zen bitartean, 1969ko martxoaren 2an. Boeingek ere diseinu bat egin zuen, Boeing 2707, baina bertan behera utzi zen. Urte batzuk igaro ziren zerbitzuan jarri ziren arte, berriz sobietarra izan zelarik lehena, baina urte gutxi batzuk bakarrik iraun zuen, 1975etik 1978ra. Concordeak, aldiz, 1976ko urtarrilaren 21ean hasi zuen zerbitzua eta 2003ko urriaren 24an amaitu zuen[10]. Hasieratik ikusi zen hegazkin komertzial supersonikoek ez zutela arrakasta handia izango, erabilera-kostu izugarriak zituztelako eta hegaldi supersonikoa itsaso gainera mugatua zegoelako. Horregatik, nahiz eta jendeak etorkizuna hegazkin supersonikoena zela uste zuen, ez ziren gehiago garatu eta erabilera sonagatik soilik izan zen.

1970ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ehiza-hegazkin belaunaldi berri bat azaldu zen: F-15 eta F-16 estatubatuarrek, MiG-29 eta Su-27 sobietarrek eta Mirage 2000 frantziarrak aurrerapen teknologiko garrantzitsuak zituzten, bizkortasun, fabrikazio material eta motorrez gain, elektronikan batez ere. Gero eta sistema konplexuagoak eramaten zituzten, bai radarrak baita hegazkina bera ere kontrolatzeko. F-16a fly-by-wire sistema eramaten lehena izan zen. Sistema honekin, pilotuak zuzenean kontrolak zuzendu ordez, bere aginteak ordenagailu batera igarotzen dira eta honek, hegazkinaren egoeraren arabera, aginte ezberdinak bialtzen ditu gainazal aerodinamikoetara[11]. Honela ezegonkortasun dinamikoa ahalbidetzen da: fly-by-wire ez duten hegazkinak dinamikoki egonkorrak izateko diseinatzen dira, hau da, egonkortasun egoeratik aldentzen badira, muturra nahi gabe igotzean adibidez, berriz ere oreka egoerara itzuliko dira.

Airbus A300

Hegazkina dinamikoki egonkorra ez bada askoz maniobrabilitate handiagoa izango du, baina pilotu batek ezin izango luke kontrolatu; ordenagailu batek, ordea, hegaldiaren informazio guztia edukita uneoro erabakitzen du kontrolen egoera. Hegazkin biziagoak sortu ziren, baina sistema hau ohikoa izateko beste hamarkada bat itxaron behar izango zen. Hainbat hegazkinen artean, Rockwell B-1B bonbaketari supersonikoa eta F-117 radarrari hegazkin ikusezina garatu ziren.

Europan hainbat herrialdek beraien ahaleginak batu zituzten hegazkin berriak garatzeko. Erresuma Batuak eta Frantziak Concordearekin egin zuten bezala, hegazkin militar berri bat garatzeko Alemania, Erresuma Batua eta Italia batu ziren, Panavia Tornado ehiza eta eraso-hegazkina sortuz[12]. 1974 egin zuen hegaldiaren ostean, herrialde hauetan zerbitzuan egon zen. Hegazkin komertzial bat sortzeko ere elkartu ziren, oraingoan Erresuma Batua, Alemania, Espainia eta Frantzia, Airbus Industrie partzuergoa sortzeko. Airbus A300 250 bat bidaiarirentzako hegazkina izan zen lehenengo diseinua, 1972an aireratu zena lehenengo aldiz. Fuselaje zabala (bi pasillo) eta bi motor erabiltzen lehena izan zen, gerora diseinu errentagarria zela frogatuko zena, eta beste eraikitzaileek joera hori jarraitu zuten.

1973an Olioaren Krisia gertatu zen, hegazkingintza komertzialean kalte nabaria eragin zuena. Hilabete gutxitan olio upelaren prezioa 3 bat dolarretik 15era hazi zen, konpainia askok jasan ezin izan zutena. Hegazkinen diseinuan ere joera aldatu zuen. Ordura arte hegazkinak gero eta azkarragoak diseinatzen ziren, abiadura azpi-sonikoa mantenduz, baina horrek erregai kontsumo izugarria inplikatzen zuen eta hegazkin motelagoak baina askoz ere ekonomikoagoak diseinatzen hasi ziren. Izan ere, abiadura marka eta bi hiriren arteko denbora marka gehienak garai horretakoak dira; hegazkin komertzialik azkarrena Convair 990 da, 1960ko hamarkadakoa, M 0,91 abiaduran hegan egin ohi zuena, Boeing 777 berriagoaren M 0,85ren aldean[13].

1980ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Airbus A320

Boeing eta McDonnell Douglas konpainiek beraien hegazkin txikien berrikuntzak atera zituzten. Lehenak MD-80 familia atera zuen DC-9 berritu bat bezala, eta Boeingek 737aren Classic bertsioa. Airbusek A320 hegazkin guztiz berria atera zuen, hauen lehiakide zuzena. Berrikuntza garrantzitsuenen artean, A320ak Fly-by-wire sistema inkorporatzen zuen eta material konposatuen erabilera. Hegazkin honekin, A318 eta A319 bertsio motzagoekin eta A321 luzeagoarekin lortu ditu Airbusek salmenta gehien. Hegazkin berrien artean, aipatzekoak dira Boeing 757 eta Boeing 767, biak batera garatuak, 737aren eta 747aren arteko zatia betetzeko pentsatuak[14]. Lehena 220 bat bidaiarirentzako pasillo bakarreko hegazkina da, distantzia ertainetarako, eta bigarrena 300rentzako bi pasillokoa, kontinentearteko hegaldientzat. Distantzia luzeko hegazkin bezala eta A300aren diseinuaz baliatuz, Airbusek A330 eta A340 hegazkinak atera zituen hamarkada bukaeran. Diseinuan ia bikiak, 300 bat bidaiarirentzako hegazkin hauen arteko ezberdintasunak lehenak bi motor eta bigarrenak lau izatean datza, horrela itsaso gainean hegaldi luzeagoak egin ahal izateko, bi motordun hegazkinen hegaldiak ETOPS prozedurengatik mugatuak baitaude, garai horretan nahiko murriztuak, emergentziako aireportu batetik distantzia ez oso luzera hegan egitera behartzen zutenak. Airbus hegazkin eraikitzaile garrantzitsuenetarikoa bezala finkatu zen.

Aurreko hamarkadan garatutako ehiza-hegazkinek hamarkada honetan hasi zuten zerbitzua. Hauei jarraituz, aipatzekoak dira Dassault Rafale Frantziarra eta Saab Gripen Suediarra, ezaugarri komun bat dutenak: Canard konfigurazioa erabiltzen dute, sakonera-lema hegazkinaren aurrealdean dagoelarik. Horrek, zenbait egoeratan, maniobrabilitatea handiagotzen du. Besteen artean, B-2 bonbaketaria garatu zen. Radarrari ikusezina eta fuselajea hegala ere izanda, munduko hegazkinik garestiena da, $2.000 milioiko prezioarekin unitateko. 21 izan dira eraikiak, guztiak Estatu Batuarren menpe[15].

1986an geldialdi gabeko Lurrari lehen itzulbira osatu zen, bereziki diseinatutako Rutan Voyager hegazkinean. Dick Rutan eta Jeana Yeager egon ziren hegazkinean, abenduaren 14an abiatu ziren eta 9 egun 3 minutu and 44 segundo ostean lur hartu zuten 42.432 km egin ondoren. 1988ko abenduaren 21ean munduko hegazkinik handiena aireratu zen, Antonov An-225a. An-124 zama hegazkin txikiagotik garatua, sobietar transbordadore espaziala garraiatzeko pentsatua zegoen. 640.000 kg-ko hegazkin honen unitate bakar bat eraiki zen.

1990ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamarkada hau krisialdi berri batekin hasi zen: Golkoko Gerrak olioaren prezioaren gorakada berri bat suposatu zuen, baina krisialdi motz baten ostean egoera berriz bere onera bueltatu zen. 1990an Boeingek 777 modelo berriaren lehen unitateak saldu zituen. Hegazkin hau 767 eta 747 artean zegoen zatia betetzeko eraiki zen, A340 lehiakide zelarik. Lehenengo hegaldia 1994ko ekainaren 12an zuen, eta bertsio ezberdinetan arrakasta handia lortu zuen. Bi motorrekin, ETOPS prozedurak jarraitzen zituen, baina ordurako exijentziak lasaituak izan ziren eta lau motordun hegazkin bat baino ekonomikoagoa zela frogatu zuen[16]. Konpainia honek 737aren berrikuntza bat ere atera zuen, 737NG (Next Generation) deritzana, A320 familiari aurre egiteko. B-777aren salmenta onengatik, Airbusek A340aren bertsio berrituak atera zituen, A340-500 eta A340-600, hau munduko hegazkinik luzeena, 75.3 metrorekin.

Boeing 777-300

Hegazkingintza komertzialean gertaera garrantzitsuenetarikoa 1998an Boeingen partetik McDonnell Douglas konpainiaren xurgaketa izan zen. Duela urte batzuetatik arazoekin, beraien produktu eta dibisio guztiak Boeingera igaro ziren. Honek lehenaren hegazkin komertzialen produkzioa eten zuen, MD-95 berriarena ezik, Boeing 717 izenarekin eraiki zena 2006 urtera arte. Airbus eta Boeing geratzen ziren hegazkin handien eraikitzaile bakarrak bezala. Beste gertaera nabarmen bat 1991an Pan Am konpainiaren amaiera izan zen. Bestalde, SESBen deseratzea hango industria aeronautikoan kalte handia eragin zuen, izandako poderioa galduz.

Hegazkingintza militarrean bi proiektu garrantzitsu aurrera atera ziren. Alde batetik, Erresuma Batua, Italia, Espainia eta Alemaniak diseinatutako europar ehiza-hegazkin berria, Eurofighterra, 1994an aireratu zen lehenengo aldiz. Teknologian oso aurreratua, denboran nahiko atzeratu zen, batez ere herrialdeen arteko desadostasunengatik (Frantziak adibidez taldea utzi zuen), eta XXI. mende hasieran hasi zuen zerbitzua herrialde hauetan[17]. Beste proiektua amerikarren F-22 hegazkina zen. Lockheed Martin konpainiak garatua, ehiza-hegazkin garestiena da, $170 milioiko prezioarekin unitateko. Teknologian Eurofighter-a baino aurreratuagoa, radarri ikusezin izateko teknologia inkorporatzen du adibidez. Aurre-produkzioko lehen unitatea 1997ko irailaren 7an aireratu zen.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Airbus A380

Airbusek A380rekin hasi zuen mende berria. Aurretik A3XX deitua, bi solairuko hegazkin hau, hegazkin komertzialik handiena, apustu garrantzitsua suposatu zuen. 2000 urte amaieran aurkeztu zen eta lehenengo hegaldia 2005eko apirilak 27an burutu zuen, baina zerbitzu hasiera, 2006rako aurreikusia, ez zen bete, produkzio arazoak direla-eta. Airbusek aurrerapen teknologiko nabarmena lortu zuen hegazkin honekin. Boeingek, bere aldetik, beste filosofia bat jarraitu zuen, eta bidaia zuzenak egiteko hegazkin bat garatzera sartu zen, hiri nagusiak lotzeko soilik pentsatua zegoen A380ren aldean. Honela, 2001 urtean Sonic Cruiser hegazkina aurkeztu zuen, B-767 baten erregai-kontsumo parekoa baina ia soinuaren abiadura hegan egin zezakeena. Hala ere, ideia honek ez zuen arrakastarik izan eta hurrengo urtean beste hegazkin bat ateratzera behartua ikusi ziren, askoz ohikoagoa baina kontsumo murrizketa nabarmen batekin. Hasieran Boeing 7E7 deitua, gero Boeing 787 izena hartu zuen eta teknologia aurrerapen garrantzitsuak sartzen zituen, adibidez guztiz material konposatuetan eraikitako fuselajea. Hegazkin honek arrakasta nabarmena lortu zuen eta oso ondo saltzen hasi zen, eta Airbusek A330an oinarritutako Airbus A350 hegazkina atera zuen lehiakide bezala 2004ean[18]. Hala ere, salmenta motelek A350a diseinu guztiz berri bat bilakatzera behartu zuten, eta A350 XWB delakoa aurkeztu zuten 2006an.

2001eko irailaren 11ko atentatuak krisialdi berri bat zabaldu zuten hegazkingintza komertzialean. Olioaren prezioa asko hazi zen eta bidaiari gutxiagok hartzen zuten hegazkina. Lau urte ondoren, egoera berriz normalizatzen hasi zen, baina ondorio latzak utzi zituen industrian, milaka langile kaleratuz, eta hainbat aire konpainia desagertaraziz.

Hegazkingintza militarrean pilotuaren beharra murrizteko pausoak ematen hasi ziren, bai espioitza bai ehiza-hegazkinetan ere. Aipatzekoa da Global Hawk espioitza hegazkina, 2001 urtean Ozeano Barea zeharkatu zuena 22 ordutan. Martxan daude pilotu gabe funtzionatzeko hainbat teknologia-frogatze ehiza-hegazkin, hala nola Boeing X-45 amerikarra edo Dassault nEUROn europarra[19].

2004ko azaroaren 16an Scramjet motor bidez propultsatutako X-43 pilotu-gabeko hegazkinak Mach 9.8ko (11.200 km/h) abiadura marka lortu zuen. NASAren Hyper-X programaren barnean dago, hegaldi hipersonikoak aztertzeko.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta ezberdinak izan, hegazkin gehienek zati amankomunak dituzte.

Hegalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazkina aireratzeko behar den indarra sortzen du elementu honek. Bere formari esker, bere ingurutik igarotzen den airea desbideratzen du, beherantz bidaliz eta, beraz, airearen momentu lineala aldatuz. Newtonen 3. legearen arabera, akzio horrek aurkako erreakzio bat dauka, hots, hegalari goranzko indar bat ematea[20].

Hegazkinak beraien zereginerako diseinatuak dauden bezala, hegalak ezberdinak dira helburuaren arabera. Abiadura baxuetan, erabilienak hegal zuzenak dira, fabrikazio askoz errazagoagatik eta abiadura altuetarako diseinatzen diren hegalen abantailak ez direlako nabarmenak. Abiadura igo ahala indar aerodinamiko kaltegarriak ageri dira. Esaterako, M 0,8 hurbildu ahala, hegalaren inguruan abiadura supersonikoak lortzen dira eta talka-uhinak sortu. Horiek saihesteko, hegazkin komertzialetan hegala atzerantz okertzen da eta perfil superkritikoak erabiltzen dira. Abiadura supersonikoetarako hegalak finak, zorrotzak eta motzak izaten dira. Delta erako hegalek ere propietate onak dituzte abiadura supersonikoetan eta altuera handietan.

Abiadura altuetarako diseinatuak egoteak arazoak dakartza abiadura baxuetan, batez ere aireratze eta lurreratze prozesuetan. Horretarako hegalek altxatze-indarra handitzen duten gailuak daramatzate[21]. Orokorrean, hegal atzealdean kokatuta daudenek flap izena dute, eta aurrekoek slat edo hego aurrealdeko flapak. Mota ezberdinak daude, eta bakoitzak bere efektua sortzen du, baina guztien helburua altxatze-indarra handitzea edo honen galera atzeratzea da. Altxatze-indarra handitzeaz gain, efektuetako bat erresistentzia handitzea ere da. Horregatik, elementu hauen erabilera aireratze eta lurreratze pausoetarako mugatua dago. Elementu ezberdinen erabilera hegazkinaren beharra eta fabrikazio eta mantenuagatik agindua dago.

Fuselajea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazkinaren zama eramateko diseinatua dagoen zatia da. Bidaiarientzako hegazkinetan bi eremu ezberdindu daitezke: kabina, bidaiariak doazen tokia, eta sotoa, ekipaia eta bestelako zamak eramateko[22]. Horrez gain, fuselajean beste elementu asko kokatzen dira, sistema elektrikoa eta APUa, adibidez. Hegan egiten duten altueragatik, bidaiarien ongizaterako beharrezkoa da hegazkina presurizatuta egotea, horregatik ohikoena fuselajea zilindro itxurakoa izatea da, presurizatua egoteagatik eragindako indarrak hobeto jasaten dituen sekzioa zirkularra baita. Normalean 2.000-3.000 metroko altuera bailitzan presioa ezartzen da. Presurizatuta dauden eremuak kabina eta sotoa dira, eta beste zonetatik bereizteko presio-holtzak erabiltzen dira.

Presurizatuak ez dauden hegazkinen fuselajeak beste sekzio batzuk edukitzen dituzte. Prisma laukizuzena hainbat hegazkinetan aurki daiteke, CASA C-212an adibidez, fabrikazio erraztasunagatik. Ehiza hegazkinetan fuselajearen betebeharra motorrak, erregaia eta armamentua edukitzea da, horregatik itxura oso ezberdina da. Diseinuan ere sendoagoa da, mota honetako hegazkinek indar handiagoak jasan behar baitituzte maniobretan[23].

Zenbait hegazkinetan, B-2an adibidez, fuselajeak hegalaren funtzioak ere betetzen ditu, bien artean ezberdintasunik ez dagoelarik.

Propultsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Planeagailuak ezik, hegazkin guztiek propultsioa behar dute erresistentzia aerodinamikoa gainditzeko[24]. Mota ezberdinak erabiltzen dira, baina guztien funtzionamendu-printzipioa bera da: airea atzerantz azeleratzea aurrerantz indar bat sortuz.

Cessna 177 eta hegazkin txiki askok eztanda-motorrak erabiltzen dituzte
Eztanda-motoreak 
Eztanda motorrak helizea higiarazi dezan beharrezko indarra ematen du, eta honek airea azeleratzen du. Beste motore batzuekin alderatuta, potentzia gutxi garatzen dute pisuarekiko, baina gutxiago kontsumitzen dute baita ere, eta askoz merkeagoak direnez, aukera erabiliena dira hegazkin txikietan. Gehienek Otto zikloa jarraitzen dute, hau da, ohiko gasolina motorrak, erregai bezala Avgas gasolina hobetua erabiliz. Hala ere, zenbait hegazkinek diesel motorrak erabiltzen dituzte[25].
Erreakzio motorrak 
Errekuntza jarraikia erabiliz, motorrak berak azeleratzen du airea propultsioa lortzeko. Mota ezberdinak daude, baina orokorrean guztien funtzionamendua bera da: konpresore biratzaile batek airea konprimitzen du errekuntza-ganberara sartu baino lehen. Bertan, Jet A-1 kerosenoa (zenbait erabileratan Jet B erabiltzen da, militarretan JP erregaiak) erretzen da eta produktuak turbinara igarotzen dira. Turbinak gas hauek duten tenperatura eta abiadura altuetatik energia lortzen du konpresorea higiarazteko. Prozesu honen ostean gasek oraindik abiadura nahikoa dute propultsioa eragiteko.
Garatutako potentzia oso handia da, eta abiadura altuetan dira errentagarrien, horregatik erabiltzen dira hegazkin komertzialetan eta militarretan. Batzuetan, ehiza-hegazkinetan batez ere, motorraren muturrean afterburner deritzan beste errekuntza eremu bat ezartzen da, non keroseno gehiago erretzen den. Honek bulkada handiagotzen du, baina kontsumo ikaragarri baten kontura, erabilera aireratze eta maniobretara mugatua dagoelarik.
Turbohelizeak 
Turbohelizeetan erreakzio-motor bat erabiltzen da helize bat mugiarazteko. Erabilitako motorrak zerbait ezberdinak dira, aireari ahalik eta abiadura altuena emateko diseinatuak egon beharrean, turbinan ahalik eta energia gehien lortzeko diseinatuak baitaude. Eztanda-motorrek baino potentzia handiagoa lortzen dute, eta oso erabiliak dira tamaina ertaineko hegazkinak bultzatzeko, abiadura baxu-ertainetan (M 0,6 arte) helizeak erreakzio-motorrak baino askoz eraginkorragoak direlako.
Ramjet 
Motor honen funtzionamendua erreakzio-motor baten antzekoa da, baina zati mugikorrik gabe. Itxura geometriko egokia erabiliz, airea bakarrik konprimitzen da, turbinaren beharra ere kenduz, eta erre ostean azeleratu egiten da. Erabilera oso mugatua da, abiadura supersonikoetan bakarrik baita eraginkorra. Zenbait misiletan erabiltzen dira. Antzeko motor bat Scramjet motorra da, non errekuntza fluxu supersonikoan gertatzen den. Abiadura oraindik altuagoak behar dira, eta garapen fasean daude oraindik.

Gainazal aerodinamikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazkina kontrolatu ahal dadin beharrezkoak dira. Mugitzean, indar aerodinamikoak sortzen dituzte hegazkinaren jarrera aldatzen dutenak. Hegazkin batzuetan ugariak izan daitezke, baina orokorrean hiru motatan sailkatzen dira: Aleroiek, hegaletan kokatuak, hegazkina luzera-ardatzaren inguruan biratzen dute, sakonera-lemek hegazkina altxatu edo jaitsarazten dute, eta norabide-lemak ezkerrera edo eskuinera birarazi[26]. Hiru elementuen erabilera koordinatuak hegazkinaren eboluzio kontrolatua ahalbidetzen du.

Hauez gain, beste elementu batzuek ere indar aerodinamikoak sortzen dituzte mugitzean, hala nola flapak, altxatze-indarra handiagotzen dutenak, edo spoilerrak, abiadura jaisteko erabiltzen direnak.

Lurreratze-trena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrean dagoen bitartean hegazkina eusten duen zatia da. Orokorrean gurpilak erabiltzen dituzte, baina patinak dituzten hegazkinak ere badaude. Hasiera batean, konfigurazio erabiliena bi gurpil nagusiak hegalen aurrean eta txiki bat buztanean zen, baina denborarekin ohikoago bihurtu da triziklo-trena, non gurpil nagusiak grabitate-zentroaren ostean dauden eta muturrean gurpil gidaria dagoen[27]. Konfigurazio honek hainbat abantaila ditu, hala nola irauli ezin izatea edo lurraren ikuspen hobea izatea. Desabantailen artean, konplexutasun handiagoa dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, Hegazkin, http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=hegazkin .
  2.   Aviation History, http://www.aviation-history.com/early/cayley.htm .
  3.   Sir George Cayley (British Inventor and Scientist), Britannica, http://www.britannica.com/EBchecked/topic/100795/Sir-George-Cayley-6th-Baronet .
  4. Who designed and flew the first practical airplane?
  5. Santos-Dumont: Pionnier de l'aviation, dandy de la Belle Epoque.
  6.   Hallion, Richard P. (1982), Designers and Test Pilots, New York: Time-Life Books, ISBN 0-8094-3316-8 .
  7.   Miller, Jay (2001), The X-Planes: X-1 to X-45, Motorbooks International .
  8.   Graham, Richard H. (2002), SR-71 Blackbird: Stories, Tales, and Legends, Osceola: Zenith Imprint, ISBN 0-7603-1142-0, http://books.google.com/books?id=ZHkAJAq-2HQC&printsec=frontcover&source=gbs_navlinks_s .
  9. 737 facts
  10.   Calvert, Brian (2002), Flying Concorde, The Full Story, Londres: Crowood Press, ISBN 1-84037-352-0 .
  11.   Spitzer, Cary R., The Avionics Handbook, CRC Press, ISBN 0-8493-8348-X .
  12.   Martin, Guy (2008ko urria), «All The World's Tornados», Air Forces Monthly (Key Publishing): 56 .
  13.   Proctor, Jon (1996), Convair 880 & 990, Miami: World Transport Press, ISBN 0-9626730-4-8 .
  14.   Birtles, Philip (1999), Modern Civil Aircraft: 6, Boeing 757/767/777, Ian Allen Publishing, ISBN 0-7110-2665-3 .
  15.   Pace, Steve (1999), B-2 Spirit: The Most Capable War Machine on the Planet, New York: McGraw-Hill, ISBN 0-07-134433-0 .
  16.   Birtles, Philip (1998), Boeing 777, Jetliner for a New Century, St. Paul: Motorbooks International, ISBN 0-7603-0581-1 .
  17.   Harkins, Hugh (2006), Eurofighter 2000, Europe's Fighter for the New Millennium (Aerofax 6), Earl Shilton: Midland Publishing, ISBN 1-85780-068-0 .
  18. Taking the lead: A350XWB presentation. EADS
  19. Frantziako Defentsa Ministerioaren webgunea
  20.   Niu, Michael (1992), Airframe structural design, Lockheed: Conmilit press, ISBN 962-7128-04-X .
  21.   Whitford, Ray (1987), Design for Air Combat, Jane's, ISBN 0-7106-0426-2 .
  22.   Blatner, David, The Flying Book : Everything You've Ever Wondered About Flying On Airplanes, ISBN 0-8027-7691-4 .
  23. NASAren webgunea
  24. How Airplanes Work – Howstuffworks.com
  25. Aircraft Engines and Aircraft Engine Theory
  26.   Losito, Valentino, Fondamenti di Aeronautica Generale, Accamedia Aeronautica Pozzuoli .
  27.   Hilmerby, = Stellan F., Landing Gear, http://www.hilmerby.com/md80/md_gear.html .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Hegazkin